GARA
GASTEIZ

Turismo Legea eta udal arauak betearazteko protokoloa martxan da

Bi araudien artean sortzen diren kontraesanak saihestu eta horiek betetzen ez dituzten etxe turistikoen kontrola zorrotzagoa izan dadin sustatu dute protokoloa. Gaur-gaurkoz, 250 jabek jaso dute Lakuaren eskutitza, baina kopurua handituz joango dela aurreikusi dute. Donostiako Udalak jasotako 110 kasuetatik ia erdiek ez dute araudia betetzen.

Gasteizko Parlamentuak iaz onartu zuen Turismo Legea; hiriburuek, aldiz, beren araudi propioa dute, etxe eta logela turistikoei dagokienez. Azken hori bestearen gainetik dago, udal bakoitzarena delako horretarako eskumena, baina ez da modu zorrotzean betearazten eta bi markoen artean hutsuneak eta egoera korapilatsuak sortu dira geroztik. Hori guztia ekiditeko asmoz, protokoloa sinatu zuten atzo Lakuak eta EAEko hiru hiriburuek.

Horren arabera, aurrerantzean bi araudiak betetzea ezinbestekoa izango da, batak zein besteak dioena. Modu koordinatuan, baieztatu zutenez, etxe turistikoen erregistroaren azterketa egingo da, orain arte egiten ez zena, alegia.

Iragan ostiralera arte 2.147 etxebizitza edo logela zeuden erregistratuta: 1.245 Donostian, 329 Bilbon eta 49 Gasteizen. Oraingoz, Lakuak 250 eskutitz igorri dizkie beste hainbeste jaberi, euren eskaintzak araudia betetzen ez duela jakinarazteko. Horietatik 200 Bilbon atzeman dituzte; orain helegiteak aurkezteko epea dute. Gainerakoak, 53 zehazki, Donostian daude. Bertako Udalak Lakuari 110 etxebizitzaren inguruko informazioa igorri dio eta, momentuz, ia erdiek ez dute araudia betetzen. Agintariek atzo adierazi zutenez, pentsatzekoa da kopuruak gora egingo duela Eneko Goiaren gobernuak datu berri gehiago igortzen dituen neurrian.

Hain justu, Donostiako alkateak gogorarazi zuen gaur egun indarrean dagoen Plan Orokorrarekin etxe turistikoen %27k baino ez dituztela baldintzak betetzen. Arlo honetan, beraz, «aldaketa nabarmena» gertatuko dela aurreikusi du.

Prozedura

Maider Etxeberria Lakuako Turismoko zuzendariak azaldu zuenez, oro har betetzen ez den baldintza kokapena da. Donostian eta Bilbon lehenengo solairuan soilik izan litezke etxe turistikoak; are gehiago, lehen solairu horretan pisu turistiko bakarra ireki daiteke.

Prozedura Turismo Legearen erantzukizunpeko adierazpenarekin hasten da. Honen bidez, jabeak araudi osoa ezagutu eta betetzen duela onartzen du. Jarraian, eskatzaileen zerrenda jakinaraziko dio Turismo Zuzendaritzak udalari, honek egiaztatu dezan araudia betetzen duen edo ez. Etxebizitza erabilera turistikora ezin dela bideratu egiaztatzen badu, alegazio epea emango zaio eta, azkenik, ebazpena iritsiko zaio, itxierarena.