2017/10/07

ALAINE AGIRRE
IDAZLEA

«Txoriak etortzen ez diren lekua» (Erein) eta «Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama» (Elkar) liburuak eman ditu argitara Alaine Agirrek ospitale psikiatrikoko egonaldiaren harira. Poesia eta nobela. Bi bidaia. Lau hormaren arteko esperientzia hartara lehena eta haurtzarora, bigarrena.

«Idazten bakarrik bada ere, ausarta naiz; gainerako guztian ez»
Xole ARAMENDI|DONOSTIA
1007_kul_alaine1

«Eskerrak papera eta boligrafoa edukitzen utzi didaten. Eskerrak nire alboko leiho honek zirrikitu bat daukan. Eskerrak ez nagoen bakarrik korridore honetan. Eskerrak bakarrik nagoen korridore honetan». Poema honek adierazten du, beste batzuen artean, idaztea zein handia zen zuretzat ospitale psikiatrikoko egun haietan: arnasbidea, nor zaren ez ahazteko modua.

Zeuk esan duzu. Eta neuk ere bai, beste poema batean. Horrelako egonaldietan ahazten joaten zara: zure errutina, zure lorpenak, maite dituzunak, eta, azkenean, zeure burua. Bai. Ospitale psikiatrikoetan zeure burua galtzen duzu (eta tentuz diot azken esaldi hau, hein batean nik hala sentitu nuelako, eta poetikotasunez betetako esaldia delako; baina tentuz diot, ze, beste egia bat da burua galdu duzunean joaten zarela hara, ospitale psikiatrikora, beharrizanez). Nik bi egiak ezagutzen ditut, biak bizi izan ditudalako: beharra neukalako, galduta nengoelako, laguntza behar nuelako joan nintzen ospitalera; baina bertan nengoela, beste behar bat sentitu nuen, egonaldi horri zentzu bat bilatzekoa, poetikotasun apur bat, eta berez gogorra eta krudela eta desesperantea den egoera bati edertasun apur bat bilatzea. Horregatik idatzi nuen. Bizitzeko gogoa sentitzeko. Eta, zeuk esan duzun moduan, momentu hartan ezagutzen ez nuen neure nortasunari eta hauskor sentitzen nuen neure izateari eusteko ere bai.

«Txoriak etortzen ez diren lekua» liburuko poema sorta maindirean bilduta aurkeztu zenuen, baina ez zen maindire goxoa, latza baizik.

Ospitaleko izarak latzak ziren, azalean min emateraino. Eta halakoa izan zen bertako egonaldia. Zentzu denetan. Liburuaren azalean maindireak agertzea nahi nuen: tolesturetan galdu zaitezke, zimurren artean sortzen diren itzaletan erori, baina baita izaren artean babestua sentitu ere. Gauza asko esan gura dute maindire horiek. Baina, guztietan inportanteena: liburuaren azaleko maindire horiek zeta ematen dute, bigunak eta gozoak, samurrak, ukitzearekin laztan egiten dizuten horietakoak. Konturatu naiz poema horien lorpen handiena izan dela izara latz haiek, ukondoetako eta belaunetako azala ezkatak bezala kentzen zidaten horiek, hein handi batean, gozo bihurtu ditudala.

Irakurlearen aurrean biluzteak ez dizu pudorerik eragiten.

Badut pudoretik. Badut biluztetik ere. Baina ni ez naiz biluzik sentitzen irakurleen artean. Jolas bat da. Fikzioa erabiltzen dut, eta beti gainera, gauzak kontatzeko orduan, nik noizbait sentitu izan dudan hori erdi estalita, erdi agerian adierazteko. Ez nago biluzik; baina paparreko botoia irekita daramat. Batzuetan, mugimenduaren arabera, ikusiko zait bularretakoaren tirantea, ala ikusiko zait bular-artea. Baina ez nago biluzik. Betidanik egin izan dut. Nire lagunek inoiz ez dute jakin nire istorioek zer duten egiatik eta zer asmatutakotik. Jolasa da. Irakurlearekin lotuta sentiarazten nau, lokarri batekin; eta bals bat da, dantzan ari gara irakurlea eta ni, bion arteko lokarria batzuetan luzatu, besteetan laburtu egiten dela; eta gu, zu eta ni, batzuetan urrundu eta besteetan hurbildu egiten gara.

Ez nekien lotura hau zegoenik, ez nekien hau horrela orain azaldu dizudan moduan, egiten nuenik. Eta gai honek beti kezkatu nau, nola azaldu ez nekielako. Baina orain badakit. Erotikotasuna ez dator biluzitik, askatuta dagoen botoi txiki horretatik baino.

Nola erabaki zenuen eguneroko modura idatzitako haiek literatura, zehazki poesia, bihurtzea?

Neure buruko altzariak ordenatzen hasi behar nuela pentsatu nuenean.

 

Hasierako bulkadaren ondoren nola da hortik literatura sortzeko prozesua? Filtrorik jartzen duzu bide horretan?

Ez da beti berdin izaten. Batzuetan, ideia etorri eta berehala hasten naiz idazten, gehiegi pentsatu barik, idazketan aurrera egin ahala joaten naiz ikusten nondik norakoa, testuak berak erabakiko balu bezala eta ez nik. Beste batzuetan, ordea, ideia horri neure barruan hazten uzten diot, bere lurra eta euria eta eguzkia behar dituen landare baten hazia balitz legez, eta denbora igarotakoan, batzuetan bai, hazi eta loratu egiten da ideia-ernamuin hori, eta beste batzuetan berez agortzen da, emaitzarik utzi barik.

Txoririk agertzen ez den lekuak, kariñoa trafikatzen den lekuak, gauero lo egiteko «goxokia» ematen dizuten tokiak, leihoak eta ateak giltzaz itxita dauden tokiak dira psikiatrikoak. Nola bihurtu oinazea ederra den zerbaitean?

Idazten. Eta ez da erraza. Ez nuen guztiz lortu ere. Baina… eskerrak idatzi nuen egonaldi hartan. Eskerrak asko idatzi nuen. Gutxienekoa iruditzen zait idatzitako entropia guzti hartatik poema batzuk atera eta argitaratu izana. Ze, berriro diot: eskerrak ospitale psikiatriko hartan asko idatzi nuen.

«Nitaz idaztea da zutaz idazteko daukadan modua» esan izan duzu.

Bai. Halaxe idatzi nuen (“X hil da” nobelan). Eta esan ere, esan izan dut. Eta sentitu… ba, inoiz baino gehiago sentitzen dut, zu bazaudelako nagoela ni, zuk irakurtzen nauzulako idazten dudala nik, eta, aldrebes ere bai, noski, nitaz idazten dudalako dakidala zutaz. Beti esan izan dut neuretzat idazten dudala. Eta hori egia da. Zuretzat idazten dudala esatea egia osoa den modu berberean.

Ospitale psikiatrikoak beldurra ematen diguten gotorlekuak dira gure jendartean eta horren aurreko nolabaiteko aldarrikapena ere egin nahi duzu.

Bai. Borroka asko daude beraien parte sentitzen naizenak. Baina garai hartan hau sentitzen nuen neure-neurea. Sakonean, borroka guztiek eta pertsona orok nahi dute lortu gauza berbera: elkar ikustea, ulertzea, onartzea. Baina hori, buru gaixotasunekin, ez da egiten. Esango du baten batek baietz, baina ez. Zeuri edo zeure maiteari gertatu ezean…

Ondoren, nobela etorri zen, haurtzarora, gaztarora egindako bidaia. Irakurleak gauza asko ulertuko ditu. Zuri ere idazteak lagundu zizun sentimendu, bizipenak prozesatzen eta modu arrazionalean aztertzen?

Bai, noski. Dena den, aldakorra egiten zait nobela hau begiratzeko dudan modua. Beste liburuekin ere gertatzen zait, orokorrean. Baina “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” da gehien aldatzen dena. Idazketa prozesuan ere igarri egiten nuen. Aldaketa. Azkenean, ez dakit nola egin nuen, nola hartu nuen erabakia: baina norabide bat aukeratu, eta hortik jarraitu nuen. Momentuan gehien sentituko nuena izango zen. Kostata, baina, bukatutzat eman nuen testua. Argitaratu zuten. Eta halere, aldatuz doa. Liburu denak aldatzen dira, neureak ere bai. Baina ez azken nobela hau bezainbat. “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” aldatzen da segun eta nork begiratzen duen, begiratzen duen momentuaren arabera, begiratzen duen momentu horretan bizitzen ari denaren arabera… eta horrela jarraitu nezake, ispiluen isla infinituaren kate amaigabean erotu arte. Gauza ona da, ederra da, eta naturala da aldaketa hori. Baina zaila egiten zait hori kontrolatzea. Erreka bat kontrolatzea bezain zaila egiten zait.

Ahots propioa eraiki duzula esango zenuke?

Esan izan didate lehen nobelatik dagoela hor. Neure ahotsa. Eta orain badakit baietz. Baina sentitzen dut, igarri egiten dut, ahots hori eraldatzen doala, beste kromatismo batzuk hartzen, beste tenperatura batzuk. Ez dakit nola esan. Ez da ahotsa aldatzen ari zaidala, ez. Akaso irismen handiagoa lortzen ari da.

Literatura gordina, zintzoa… definitu izan da zure literatura. Ausarta ere gehituko nioke nik. Identifikatzen zara horrekin?

Bai. Idazten bakarrik bada ere, ausarta naiz. Beste guztian ez. Baina idazten, nik uste, baietz.

Sentiberatasun handia erakusten duzu zure lanetan. Sorkuntza prozesurako onerako, nahiz egunerokoa zaildu askotan.

Gure belarriek ezin dituzte entzun (ala sentitu) soinu batzuen maiztasun batzuk. Espektro bat dago, gizakiarentzat entzungarri diren soinuen frekuentziena. Sentiberatasunarekin ere horrelako zerbait gertatzen dela pentsatzen dut nik. Jende gehienak sentitzen ditu “espektro” baten barruan dauden gauzak. Nire “sentiberatasun-espektro” horren eremua zabalagoa da. Eta honek min ematen dit. Mina esaten dut sentimendu generiko moduan, ze, “mina” hitza niretzat zabalegia da, eta matiz diferente asko ditu niretzat.

Beste modu batera sentitzen dut, beste intentsitate batean, beste modu batean afektatzen dit. Badakit honi esker idazten dudala. Baina jakin badakit horren erruz sentitzen naizela ezinduta, galduta, ez-ulertua eta askotan, gehiegitan agian, etsita.

Euskal literaturaren plazan idazle gazteenetarikoa zara. Non kokatuko zenuke zeure burua?

Ez dut horrelakoetan pentsatzen. Ez dakit, benetan.

«Musikari izan ezin nuelako naiz idazlea» irakurri nizun behin. Baita literatura eta musika arnasa hartzea bezala direla zuretzat. Zer ematen dizute biek?

Dena. Azalpena luzeegia litzateke… eta ez dakit gai naizen azalpen on bat emateko ere, baina, bai: dena ematen didate literaturak eta musikak. Behar ditut, egunero gainera.

Eta sorkuntza prozesuak?

Bizirik sentiarazten nau.

Eta argitara emateak? Lanak gera zitezkeen tiraderan…

Kezkaz baina ilusioz betetzen nau.

Ziklo baten amaiera iragarri duzu «Bi aldiz erditu zinen, nitaz, ama» hirugarren nobelarekin. Zein bide hartu nahiko zenuke aurrerantzean?

Bila eta bila aritu izan naiz. Orain, ez. Bidea etorriko dela badakidalako. Ez nau gehiegi kezkatzen. Askotan pentsatzen dut ez dudala idatziko, hobe litzatekeela emozio moderatuak ekarriko dizkidan zerbait egin, errutina aspergarri bat desiratzen dut, normaltasuna bilatzen. Eta sinistu egiten diot neure buruari esaten dudanean ez dudala idatziko eta ikasiko dudala bizirik sentitzen idatzi barik. Baina gauza larregi sinisten dizkiot neure buruari. Eta idatzi barik egotea, ez da, nik uste, nire kasuan, posible. Egia esan, pentsatzen jarrita ere, ez dakit oso posible litzatekeen beste modu batean idaztea. Ze nik idazten dut sentitzen eta bizitzen dudan moduan, nik idazten dut bizia sentitzen dudan moduan.

IZARAK


«Konturatu naiz poemen lorpen handiena izan dela izara latz haiek, ukondoetako eta belaunetako azala ezkatak bezala kentzen zidaten horiek, hein handi batean, gozo bihurtu ditudala»

BEHARRA


«Beharra neukalako, galduta nengoelako, joan nintzen ospitalera; baina bertan nengoela beste behar bat sentitu nuen, egonaldi horri zentzu bat bilatzekoa, poetikotasuna»

BALSEAN


«Bals bat da, dantzan ari gara irakurlea eta ni, bion arteko lokarria batzuetan luzatu, besteetan laburtu egiten dela; eta gu, zu eta ni, batzuetan urrundu eta besteetan hurbildu egiten gara»