Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Eztabaida prozesua amaituta «jauzi bat aitzina» eman du Aitzina gazte antolakundeak

«Jarduera eraginkorrago bat izateko» abiatu zuten eztabaida prozesuaren ondorioak aurkeztu zituzten atzo Baionan. Testuinguru berria kontuan hartuta, ildo politikoa eta antolakuntza eredua egokitu dituzte.

Duela lau urte sortu zen Aitzina, Ipar Euskal Herriko gazte antolakundea. 2016ko udan, berriz, testuinguru soziopolitikoa kontuan hartu behar zela iritzita, eta eraginkorragoak izateko helburuarekin, barne eztabaida hasi zuten, eta atzo, eztabaida horretatik ateratako ondorioekin osatu duten “Jauzi bat aitzina” txostena aurkeztu zuten Baionan prentsaren aurrean.

Bi zutabe nagusitan egin dituzte berregokitze esanguratsuenak, batetik ildo politikoan, eta bestetik antolakuntza ereduan. Ildo politikoa eguneratzearen beharra arrazoitzeko, azken urteetan Ipar Euskal Herriko panorama politikoan eragin zuzena izan duten bi gertaera nabarmendu zituen Aitor Servier Aitzinako bozeramaileak, hala nola «Euskal Elkargoaren sorrera eta bake prozesuan eman diren urratsak».

Talde tematikoak

Antolakuntza ereduari dagokionez, oinarrian funtzionamendu demokratikoa izango dutela jakinarazi zuten Baionan bildutako gazteek. «Eredu berria aitzina eraginkorrago izateko hiru irizpide hartu ditugu kontuan», azaldu zuen Servierrek, hots, «engaiamendu maila desberdinak uztartzea erakundean, iniziatiba eta erabakiak deszentralizatzea, alegia ahalik eta jende gehienak parte hartu ahal izatea. Eta azkenik, gazteriarentzat antolakundea eskuragarri izango dela bermatzea».

Irizpide horien arabera, «lan ildo estrategikoen garapena ziurtatuko duten talde tematikoak» osatuko dituztela iragarri zuen gazte erakundeko bozeramaileak. Talde hauek gazte problematikari lotuta lehenetsi dituzten hiru gairen inguruan antolatuko dira: Feminismoa, euskara eta etxebizitza.

Servierrek talde tematikoen funtzionamendua esplikatu zuen: «Aitzinaren eguneroko lanaz harago beren erritmo eta ibilbide propioa izango dute. Eguneroko lanaz gain, epe luzerako ikuspegiarekin jardungo dute, eta talde horiek bi helburu nagusi izango dituzte, ekintza politikoa (komunikazio jarduera, salaketak, eta abar), herrigintza, zeren talde horiek indar bat izan behar dute eremu horietan alternatibak eraiki eta arlo horietarako gazteok nahi dugun eredua ikusarazteko».

Jauzi bat aitzina

Eztabaida hasi zutenean hiru arazo nagusi identifikatu zituzten, «ildo politiko zehatz baten falta, lanketa politikoak maila lokalean egokitzeko gaitasunik eza eta antolakunde eredu desegokia». Orain, arazo horiei erantzungo dien proposamena jarri dute mahai gainean, «gazte antolakundea pentsatzeko eta praktikatzeko modu berri bat», eta lehen eginbeharra berau ezagutzera ematea izango da.

Horretarako aurkezpen publikoak antolatu dituzte eta egin berri duten txostena ahalik eta jende gehienarekin partekatzeko gogotsu agertu ziren. Servierrek bereziki gazteak animatu nahi izan zituen «parte hartzera, galderak egitera, eta oraindik ere haien ekarpenak egitera».