2017/10/11

Juan Luis Goenagaren atzera begirakoa ikusgai Vital Fundazioa Aretoan

Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950) bere ibilbide artistikoan zehar egindako 44 lan daude ikusgai Gasteizko Vital Fundazioa Aretoan. 1971. urtean bere lehen erakusketa egin zuenetik ondorengo hamarkadetan bere margoak izan duen bilakaera ikus dezake bisitariak. «Lehenengo mailako proposamen berri baten eskutik ekin diogu udazkenari», nabarmendu dute aretoko arduradunek. Abenduaren 3ra arte dago zabalik erakusketa.

GARA|GASTEIZ
1011_kul_goenaga

«Espresionismo eta arte materikoaren artean kokatua, Goenaga euskal margolaritzaren izen nabarmenetako bat da», azpimarratu du Josune Albizuk, Vital Fundazioko zuzendariak.

Goenaga 70eko hamarkadako margolari esanguratsuen taldeko kidea da. Taldekideak izan arren, ordea, bakoitzak bere bidea egin du. Alkizako bere aterpetik bere ibilbidean zehar bere identitate ikur bihurtu diren gai etnografikoak islatu ditu mihisean, baita euskal mitologiakoak eta paisaiak ere. Orain Gasteizen ikus daitekeen erakusketa horren bidez, urteen joan-etorrian artistak izan duen bilakaeraz jabetuko da ikuslea.

«Urte horietan ia-ia bizi bulkada batek eraginda margotu du artistak», esan du Albizuk. 1971. urtean bere lehen erakusketa egin zuenetik bide esanguratsua urratu du Goenagak eta gaur egun Euskal Herriko museo eta bilduma garrantzitsuenetan aurki daiteke.

Fundazio Aretoan hainbat lan ikus daitezke mihiseetan: paisaia, pertsonaia abstraktuak, sustraiak eta belarrak, eta arkeologia. Bere estiloa figurazio espresionista gisa definitu izan da, batez ere naturari eta gizakiari emana.

Nerabezaroan ekin zion margotzeari, eta autodidakta izan zen hasieran Bartzelonan eta Parisen. «Izaera barnerakoiak eta ikastunak 1970etik Alkizako bere baserrian giltzapetzera eraman zuen», gogoratu du Albizuk.

Ordutik hona naturaren eta euskal nekazaritza arloaren genero artistikoa landu du Goenagak, bere alderdi abstraktuenetan eta jatorrizkoenean, eta horretarako, gai etnografikoetara jo du, labar-margoetara eta paisaiara. «Bertako orografiak eta klimak inspiratuta, gainera, margolariak lur koloreak aukeratu ohi ditu bere lanetarako, harri koloreak eta ilunak, nahiz eta, batzuetan, gorrian, berdean edo beilegian egindako zertzelada bizien bidez harritzen duen ikuslea. Bere beste interesetako bat bikoteen eta biluziaren mundua da, eta arlo horretako zenbait lan ez dira argitara atera, beren ausardiagatik, komertzialak ez direlakoan», gaineratu du Albizuk.

«Historiaurreko artean nahiz margolari espresionistetan inspiratuta, paisaiak eta Ernio haraneko habitata, nagusiki, baina beste zenbait leku ere, Aritzategi, Belako haitza, Buztin zuri, Arana ibarra, edo Ekaingo haitzuloak, Altxerri edo Guara, bestek beste, unibertso mitiko baten espazio hurrenkera bat dira Goenagarentzat eta bere esperientziari forma ematen diote, marraztuz, margotuz eta argazkiak eginez».

BIZI BULKADA


«Urte hauetan guztietan ia-ia bizi bulkada batek eraginda margotu du artistak», nabarmendu du Josune Albizu Vital Fundazioko zuzendariak Juan Luis Goenagari buruz.