2017/10/12

Burujabetzaren aldeko gehiengo zabal bat osatzera deitu du Sortuk

Euskal Herrian bigarren fronte independentista irekitzeko beharra berretsi zuen atzo Sortuk, Kataluniako Gobernuak asteartean hartutako erabakia txalotu eta aitortu ostean. Erreferendumean katalanek erabakitakoa aldarrikatzeaz gain elkarrizketari bidea ireki izana ontzat ematen du alderdiak eta, Katalunian egin duten moduan, burujabetzaren aldeko gehiengo zabalak egituratzeko beharra nabarmentzen du, alderdi, erakunde eta sindikatuei dei eginez.

GARA|DONOSTIA
1012_eg_urkullu

Kataluniako Gobernuari eta Parlamentuaren gehiengoari, urriaren 1eko erreferendumaren ostean ireki duten bideagatik, babesa adierazteko mezuak erruz ugaritu dira azken orduan. Beste batzuen artean, atzo Sortuk jakinarazi zuen bere irakurketa. «Kataluniako herritarrek, eragileek eta erakundeek modu eredugarrian jokatu dute. Oztopo guztien gainetik urriaren 1eko erreferendumean herritarrek erabakitakoa aldarrikatu zuen Parlamentuak atzo, eta gainera enegarren aldiz elkarrizketarako tartea eskaini dio Erregimenari», esan zuen ohar batean.

Era berean, Espainiar Gobernuak Kataluniako Gobernuari egindako «xantaia eta mehatxuak» salatu zituen.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriak ikusle izatetik aktore izatera pasatu behar duela defendatu zuen. Azken asteotan adierazi bezala, Espainiar Estatuari bigarren fronte independentista bat zabaltzeko ideiari heldu zion Sortuk. «Autoritarismoaren aurrean, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza defendatu behar ditugu. Espainiako Erresumak ez dizkigu eskubide horiek onartzen, Kataluniari onartzen ez dizkion bezala. Horregatik, 78ko Erregimena erortzear den honetan, bigarren frontea ireki behar dugu». Hala, indarrak biltzera deitzen ditu erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileak, gehiengo zabal bat egituratzeko helburuarekin.

Nafar Gobernua eta Urkullu

Adierazpen instituzionalik ere izan zen atzo. Nafarroako Gobernuak Carles Puigdemont presidenteak eta Parlamentuaren gehiengoak egindako urratsa aitortu zuen eta U1ean demokratikoki bozkatzeko eskubidea aldarrikatu zuen gizartearen inplikazioa txalotu zuen.

Elkarrizketa bidezko irtenbide bat behar dela defendatu zuen nafar Gobernuak eta dei egin zion Espainiar Gobernuari erantzun positibo bat eman diezaion Kataluniak egindako eskaerari.

Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko urte judizialaren hasiera-ekitaldian hitz egin zuen Kataluniako egoeraz eta, bezperan bezala, Puigdemontek elkarrizketaren alde hartutako bidearen alde agertu zuen. Espainiar Gobernuak emandako erantzunaren aurrean, adierazi zuen soluzioa ezin dela lortu, eztabaida indarrean dagoen legeriaren aplikazioan bakarrik kokatuz.

 

Erakunde ugarik onetsi dute Kataluniaren adierazpena

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak egindako adierazpena eta Parlamentuko gehiengo subiranistak sinatutako testuari aitorpena eta babesa adierazi diote hainbat euskal erakundek. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako adierazpen bat onartu zuten «Kataluniako Errepublika aldarrikapena aintzatetsiz eta errespetatuz». Era berean, aldarrikapen horren eraginen behin-behineko etendura ere onesten dute, Puigdemontek elkarrizketaren bitartez adostutako irtenbide baten alde egindako aukera ontzat emanez. Podemos-Ahal Duguk proposamen propioa egin zuen, bide legalen defentsan zentratuz, baina ez zen aurrera atera. Asteartean, Arabako Batzar Nagusiek –EH Bildu, EAJ eta Talde Mistoko kide batzuen babesarekin– Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakia errespetatuko dutela jakinarazi zuten.GARA

NAFARROA


Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat egin zuen Gobernu Katalanaren erabakia babestuz eta erreferendumean bozkatzera joan ziren herritarren jokabidea txalotuz. Espainiar Gobernuari erantzun positiboa emateko eskatu zion.

KONSTITUZIOA


Kataluniako Generalitateak eta Parlamentuko gehiengoak hartutako bidearen kontrako diskurtso gogorra egin zuen Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak. Espainiar Konstituzioa eta Autonomia Estatutua «demokraziaren berme» direla aipatu zuen.