2017/10/13

Sarrionandiari aitortza

Joseba Sarrionandiarenganako esker oneko jardunaldiak egingo dituzte Iurretan urriaren 24tik 28ra. Idazlearen obra erdigunera eramango duten hainbat proposamen batuko ditu Udalak, haurrentzako ipuin kontaketetatik abiatu, hitzaldietatik pasatu eta errezitaldietaraino. Egitarauko ekitaldi nagusia urriaren 28an egingo da. Bertan estreinatuko da Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak zuzendu duten «Joseba Sarrionandia: Hemen eta han» dokumentala.

Ariane KAMIO|IURRETA
1013_kul_sarrionandia

Joseba Sarrionandiarenganako esker oneko jardunaldiek urteetako asmo izateari utziko diote datorren urriaren 24tik 28ra, Iurretako Udalaren nahiari erantzunez. Herriko semearen obra unibertsala erdigunera ekartzearren, publiko orokorrari zuzendutako egitaraua prestatu dute. Urriaren 9an egin zen eta datorren astelehenean errepikatuko den “Paperezko hegoak” 8-13 urte arteko haurrentzako irakurketa kluba da programako lehenengo hurreraketa. Bigarren hitzordua hilaren 24an izango da, kasuan, helduei zuzendutako irakurketa klubarekin –“Hilda dago poesia?”–. Biharamunean “Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” izenburupean irakurketa publikoa egingo dute Askondon Maiztegi Herri Ikastetxeko eta Juan Orobiogoitia Institutuko ikasleek.

Sarrionandiaren obran sakonerako bidea hartuko duen lehenengo hitzordua urriaren 26an izango da, 18.30ean egingo den literatur berbaldiarekin. “Joseba Sarrionandiaren ondarea” izenburupean, Aitzpea Azkorbebeitia eta Jose Julian Bakedano mintzatuko dira, Kristina Mardarasekin batera. Jarraian, errezitaldia: “Tiempo de exilio”, Isaac Xubin eta gonbidatu berezi batekin.

Urriaren 27an haurrentzako ipuin kontaketa egingo du Dejabu Panpin Laborategiak eta Karrika taldeak “Izarrak marrazten” antzezlana eskainiko du.

Biografiaren haritik

Egitarauaren egunik garrantzitsuena urriaren 28a izango da. Jardunaldia 11.00etan abiatuko da “Josebaren lekuak” ibilbide literarioarekin. Aita San Migel plazatik abiatuta, idazlearen lagunek Sarrionandiak gogoko dituen lekuetan barrenako ibilbide bat proposatuko dute. Arratsaldean, 18.30ean Askondon, Iurretako Udalak Joseba Sarrionandiari bere lanaren aitortza egingo dio eta Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak zuzendutako “Joseba Sarrionandia: Hemen eta han” dokumentala estreinatuko da.

Ia urtebeteko lanaren ondoren aurkeztuko da jendaurrean idazle iurretarraren biografia hari nagusi duen ikus-entzunezko proiektua. Lagun, artista eta beste hainbaten berbak batu dituzte 40 minutu inguruko iraupena duen lanean. Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Aitzpea Azkorbebeitia, Jose Julian Bakedano, Eider Rodrigez, Kubako lagunak, ikasleak dira Sarrionandiaren biografiaren trazuan bere ibilbide literarioaren eta pertsonalaren argazkia osatzen laguntzen dutenak.

Hain zuzen, Kuban izan da grabatua dokumentalaren parte bat, zati bi argiki bereiziak dituena. «Hortik dator ‘Hemen eta han’ izenburua», aipatu du Magdalenak.

Joseba Sarrionandia bizirik dagoen euskal mito bakanetakoa da, nahiz eta idazleak garrantzia kendu izan dion betitik bere jarraitzaileek eman diote estatus horri. «Hasieran eszeptizismo apur batekin hartu zuen kontu hau. Bizitza guztia darama fokutik ihesi, eta orain paradojikoa da fokua berarengan jartzea. Oso umila da, apala, eta ez zaio gustatzen fokua bere pertsonan jartzea. Baina proiektua azaldu eta ikusi duenean garai baten testigantza ere badela eta ondare artistiko-literario baten lekukotza ere badela, asko inplikatu da proiektuan». Eta hala, Sarrionandiak berak parte hartzen du dokumentalean, eta berak egiten du hari narratiboa. Magdalena eta Salaberriarentzat erronka bat izan da egitasmoa burura eramatea. «Sarrionandiak gugan izan duen eragina hain nabarmena eta oinarrizkoa izanik ez litzaiguke otuko pareko beste garirik. Erronkarekin, desafio horrekin motibatuta eta pozez zoratuta gaude». Bere txikitasunean proiektu anbiziotsua da dokumentala, eta estreinaldiaren ondoren sarean eskegiko da.

FRESKO BAT


Peru Magdalena: «Hainbat dira bere biografian parte hartzen duten pertsonaiak eta denek egiten dute fresko moduko bat. Bere literaturaren analisi bat ere badago».