Idoia ERASO
BAIONA

15 urtez irla batean utzi zituzten esklaboei buruzko erakusketa

«Tromelin- Esklabo ahantzien uhartea» erakusketaren bitartez Euskal Herriak esklabotzarekin eta Indiako ozeanoan gertatutako tragedia batekin izandako lotura agerian gelditzen da. Azaroaren 5era arte Baionako Euskal Museoan ikusgai dauden dokumentuek, margolanek, tresnek... XVIII. mendeko gure historiari begiratu kritikoa egiteko parada ematen dute.

Tromelin Madagaskar inguruan dagoen kilometro karratu bateko hareazko irla bat da, eta 1761ean 80 esklabo abandonatu zituzten bertan, beraien bila etorriko zirela hitzemanda. Hamabost urteren buruan, erreskatatu zituztenean, zortzi pertsona besterik ez zituzten bizirik atzeman; hots, zazpi emakume eta zortzi hilabeteko haur txiki bat.

Bukaera latza izan zuen gertakari horrek Baionako eta Pasaiako portuetan du hasiera, handik itsasoratu baitzen Tromelin uhartearen inguruan hondoratu zen “Utile” itsasontzia. Orain ikusgai dagoen erakusketa honetan garaiko dokumentu eta mapekin batera, 2006tik 2013ra egin diren lau arkeologia-espediziotan bildutako materialak ikusgai daude.

Erakusketa ibiltaria da, eta Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Erakunde Nazionalak, Itsas Arkeologiako Ikerketa Taldeak eta Bretainiako Dukeen Gaztelua den Nanteseko Historia Museoak elkarlanean jarri zuten abian 2015ean. Orain Baionara ekarri du Euskal Museoak historikoki duen loturagatik. Eta oinarrizko materialari Joseph Vernet margolariaren artelan ospetsu bat gehitu diote, 1760an Luis XV.ak eskatu zuen “Baionako ikuspegia, Zitadelako ezpondatik”, Itsas Museo Nazionalean egon ohi dena.

Garaia eta aztarnak

Zenbait gunetan antolatuta dago erakusketa. Ingurune historikotik hasten da eta aurrera egin ahala esklaboek bizi izan zituzten baldintzak eta egoerari aurre egiteko sortu zituzten material eta egiturak ezagutuko ditu bisitariak.

Lehen gelan XVIII. mendeko itsasontzien eta itsas garraioaren berri ematen du; “Utile” barkuari lotuta, itsasontziak zeraman merkantzia ikus daiteke, esaterako. Hastapenean zituen ikatza eta burdinaren ondoren, berez debekatua izan arren 160 esklabo hartu zituen.

Hondoratzearen nondik norakoak azaltzen ditu hurrengo instalazioak, eta bertan emandako kopuruek gizakien arteko ezberdintasunen berri ematen dute, itsasontzia urperatu zenean 140 marineletatik 18 ito ziren, eta 160 esklabotatik 70.

Arkeologoek egindako lanari esker ateratako hondakinak aurkituko ditugu ondoren. Besteak beste, barkuko ezkila, fusilen balak, hezurrez egindako botoiak edo labe bat egiteko baliatu ziren adreiluak daude. Jateko eta edateko erabili zituzten tresnekin batera elikatzeko baliatu zituzten dortoka berdeen eta txorien arrastoak agertzen dira. Uhartean bizitzera gelditu ziren pertsonen artean sortu zen bizitza soziala erakusten duten bitxiak, eta eraikinen egitura eta antolaketa eta bestelako informazioa ere agertzen dituzte.

Frantsesez soilik daude ezarriak argibideak; beraz, azalpen idatzi ugariz osatuta dagoen erakusketa ikusteko, sarreran euskaratuta dagoen informazio liburuxka eska daiteke.