Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Esaera arteko egunak

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Bertsolariarena behin eta berriro ari zait buru aldetik pasatzen, dinbili-danbala, arazoen aurrean eragile direnen jarreren argigarri. Eta argi dago Iberiaren ipar-ekialdeko adarrean arazo bat egon badagoela. Lurralde batean arazoak egotea, berez, ona da, osasuntsua. Kontua da arazoak gatazka bilakatzen direla, ezinbestean, arazooi konponbidea emateko bide egokien ezean. Konponbidea bai, irtenbide guztiak ez baitira zertan konponbide izan; are gehiago, sarritan “horkonponbideak” dira.

Arazoen oinarrien artean bat behintzat arazoak duen lurralde esparrua da, lurraldea baita bertan bizi direnen lotunea, emozio eta sentipenen sorburu, edozein prozesuren lurzoru. Arazoen geografia da; eta gaurko geografia arazo! Lurralde-demokrazia. Hurbiltasun printzipioa, ganorazko demokrazia batean ezinbestekoa. Boterea eskura gizarte bizigarrian.

Hortaz, beste esaera bat ere ari zait burutik pasatzen, fisikari harena: arazo bat ezin da konpondu arazoa sortu duen pentsaera beretik. Eta horretan dugu, zalantzarik gabe, Katalunia funtsezko erreferente: leherrarazten ari dira handik, euskaldunok oraindik asmatu ez ditugun bideetatik, statu quo-ak DNAn daukan pentsamolde, eta bandera, bakarraren birus transgenikoa. Hortaz, ez da harritzekoa Europako mandatariren batek, Kataluniakoaren harira, kontinentean izan daitekeen kutsadura arriskua gogora ekarri izana.

Hala bedi! Arriskatzea merezi du, unea helduta. Eta unea ekarri egin behar da. Bestela iraganetiko inertziak paralizatzen gaitu. Horra beste esaera bat: jasanezina den orainalditik baino, zentzuzkoagoa da jasangarria izango den etorkizun batetik bideratzea gaurko urratsak. Hots, bertsolarion atzekoz aurrera.

Eta azkeneko esaera gaurkoz, katalanei: on dagizuela, zertarako abiatu bestela!