Maider IANTZI

EUSKARAREN BIZIBERRITZE HERRENA, BERTZE KOMUNITATEEN INSPIRAZIO

Kooperazio linguistikoan dabilen Garabidek ikastaro berri bat du martxan, hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuen gidariei zuzendua. Zazpi emakume eta bost gizon daude gurean, bizi nahiaren motibazioarekin, komunitateen artean esperientziak trukatzen.

Elisa Chavarrea Yukatango maia da (Mexiko). Literatura eta lengoaia eskolak ematen ditu. Euskal Herriko ikastaroaren erdira iritsita, burua ideiaz beteta eta bihotza sentimendu ederrez ukituta duela adierazi digu. Paula Huenumilla 26 urteko maputxeak (Txile) ere «txundituta» dagoela agertu digu. Erne-erne dago hitzaldi eta bisitetan, ahal duen informazio guztia jaso eta bere hizkuntzaren biziberritzean aurrerapausoak emateko irrikatzen. Zer erakutsi ere badu: gazteak boteretu egin dira maputxea indartzeko eta horren eredu da bera, ikasten hasi eta orain irakasle baitabil.

Hizkuntza biziberritzeko gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoaren bultzatzaile Jon Sarasuak ere bibrazio hagitz onak ditu. Garabide elkartearen lehendakariordeak azaldu digu kooperazio linguistikoan egiten ari diren lan edo bide zabalago baten parte txiki bat dela ikastaro berri hau. Trinkoa da, hilabete irauten du eta hizkuntza gutxituak biziberritzen dabiltzan eragileentzat pentsatua dago. Zazpi emakume eta bost gizon etorri ziren joan den urriaren 2an. Batzuk herri elkarteetako kideak, bertzeak erakunde publikoetakoak. Ipar Afrikako amazig hizkuntzarekin zuten kontaktua sendotu nahian, bertako kultur arteko bitartekari bat dute ikasle. Gainerakoak amerikarrak dira, Hego Amerikako zein Erdialdeko Amerikako hizkuntza handienetakoekin harremanak sortzea izan baita Garabideren apustu nagusia, «euskararen kasuarekin antz gehien izan dezaketenak».

Hizkuntza gutxitu gehienak hiztunak galtzen ari dira eta horren aitzinean zerbait egiten saiatzen ari dira komunitateak. Sarasuak dioenez, euren motibazioak hemengoen antzekoak dira, bereziki hemen orain dela 50-60 urte egon zirenen gisakoak. Atzeraka doazela sentitzen dute, eta hizkuntza, kultura, herri izaera ematen dien hori landu nahi dute. Bizi nahiaren motibazioa dute. «Zailtasun handienetako bat da nola astindu beren komunitatea. Galera prozesua poliki-poliki onartzen ari den komunitatea, seme-alabei bere hizkuntza transmititzen ari ez dena». Galdera teknikoagoak ere aunitz egiten dituzte: «Nola sortu zenituzten ikastolak? Nola egin zenuten euskara batuaren prozesua? Eta helduak euskalduntzeko metodologia?».

Alde batetik formazio teorikoa jasotzen ari dira, eta, bertzetik, euskalgintzaren protagonistak bisitatzen. Elkarrizketaren egunean, bertzeak bertze, Goiena Komunikazio Taldean izan dira. Huenumilla eragile maputxea kontent dago egin dieten harrerarekin. Arreta eman dio «biziberritzearen zirkuluan dauden pertsonen umiltasunak». Garabidekoek badakite euskararen komunitateak egin duen prozesua inportantea izan dela eta euren intuizioetako bat da Euskal Herriak zerbait baldin badu bertze herriekin partekatzeko hori dela. «Munduan halako esperientzia gutxi daude eta badugu zer estimatua». Baina aunitz zaintzen dute esperientzia arrakastatsu moduan ez “saltzea”. «Ibilbide herren bat da eta oraindik hor gaude, bidean, galdera askorekin, gauza batzuetan indikadoreak kezkagarriak direla, ez dakigula oso ondo zein izango diren estrategia berriak…», deskribatu du Sarasuak.

Erantsi du badutela zer ikasia bertze komunitateengandik. Adibidez, zenbait tradiziori eusten gu baino finago ibili direla iruditzen zaio. Garabide izaten ari den inpaktua balioan jarri du, bai hemen bai bidelagun dituzten herrietan, baina hau ere bide hagitz gaztea dela eta gero eta hobeki egiteko ikasten ari direla agertu du.

Maia eta maputxeen esperientziak

Elisa Chavarrea Yukatango maiak kontatu digu klaseak ematen dizkiela hizkuntza honetan mintzatzen diren pertsonei. «Xedea da poesia eta istorioak sortuz gazteek –eskolara datozen gehienak hala dira– erran nahi dutena adierazi ahal izatea eta hala beren kulturaren parte bati balioa ematea berriro». Maia hitz egiten ez dutenekin, aldiz, sentsibilizazio prozesu batean dabiltza: zer den maia hizkuntza, kulturak zer balio eta kosmobisio dakarren… Bizitzeko eta pentsatzeko moduarekin lotuta dago kosmobisioa eta hizkuntzak harremana du horrekin. Yukatanen lehendabiziko eskola da halako eskaintza egiten duena.

Irrati proiektu bat ere bultzatzen ari dira, Internetez. Asmoa da gazteengana ailegatzea, maia hizkuntza mintzatzeari uzten ari diotenengana, hain zuzen. «Badugu literatur programa bat poesia eta ipuinak irakurtzen dituguna. Albisteak eta musika eskaintzen ditugu, dena gure hizkuntzan. Boluntarioak gara: komunikatzaileak, irakasleak, etxekoandreak… hizkuntza biziberritzeko proiektura batzen joan garenak». Hezkuntzan, enpresan eta hedabideetan martxan diren euskal esperientziak ezagutuz, beren hizkuntza indartzeko ze ekintza egin ditzaketen pentsatzen ari da Elisa, Paula bezalaxe.

Mapuche Mapuzuguletuaiñ entitatearen ordezkari gisa etorri da Paula. Elkarte horren helburua helduei maputxea bigarren hizkuntza gisa irakastea da. «Tailerrak egiten ditugu 15 urtetik gorako herritarrentzat. Hemengo barnetegien gisakoak ere baditugu. 2015etik 600-700 lagunek parte hartu dute jada hauetan. Jendeak hobekien bertan ikasi du. Militanteak sortzeko ere balio dute. Elkartean gaudenoi barnetegi horietan piztu zaigu gure hizkuntzaren galerarekiko kontzientzia». Generoaren ikuspegiari ere garrantzia eman dio gazteak. Erran duenez, emakumeak dira jatorrizko herrietan hizkuntzari gehien eusten diotenak. Beretzat pozgarria da ikastaroan lehendabizikoz gizon baino emakume gehiago egotea.