GARA
ArrASATE

Udalaitz mendian desagertutako arrasatear baten bila jarraitzen dute

Pasa den ostegunetik desagertuta dagoen arrasatear baten bila jarraitzen dute Ertzaintzak eta Babes Zibilak. Haiei 70 mendizalez osatutako talde bat batu zitzaien atzo.

Lakuako Segurtasun Sailak ezagutzera eman zuenez, 56 urteko mendizalea Udalaitz aldera joan zen ostegun goizean, ustez bakarrik, eta ordutik inork ez daki ezer berari buruz. Senideek gauean bertan eman zuten abisua eta gizonaren argazkia sare sozialen bidez zabaldu zuten, norbaitek informazioa izango balu helarazteko eskatuz.

Hala, atzo goizean goiz, 07.30ean, mendizale taldea, Arrasateko Udaleko langileak eta Deba-Urolako ertzain-etxeko poliziak mendira abiatu ziren Besaide, Anboto eta Udalaitz arteko inguruak aztertzeko asmoz.

Bizilagunen laguntza

Ostean, 10.00etatik aurrera, zaintza eta erreskateko unitate bat eta Ertzaintzaren helikoptero bat mendizalea joan ohi zen kobazulo batzuk miatzen aritu ziren, alperrik. Hala, SOS Deiak zerbitzuak bizilagunei deialdi bat luzatu die desagertuari buruzko daturik izanez gero haiekin harremanetan jartzeko eskatuz.