Andoni ARABAOLAZA
BASQUE ULTRA

Euskal ultren zirkuitua Sillvia Trigueros eta Carlos Garciarentzat

Azken etapa, Donostia eta Bilbo artekoa, Leire Martinezek eta Jon Erdaidek irabazi dute. 136 korrikalarik hartu dute parte, eta 140 kilometroko ibilbideari zein 16.600 metroko desnibelari egin diete aurre.

Lau etapa jokatu ondoren, Basque Ultra Trail Series zirkuituak ateak itxi ditu. Eta azken etapa Donostia eta Bilbo artekoa izan da. Puntu guztiak batu eta lehen ekitaldiaren irabazleak ezagutu ditugu: Silvia Trigueros eta Carlos Garcia. Horrenbestez, bi korrikalari horiek izan dira erregularrena.

Aipatu dugun azken etapa horri dagokionez, aurreratu behar dugu hilaren 6an, gauerdiko 12etan, eman zitzaiola hasiera. Donostiako irteera puntuan 136 lasterkari prest zeuden antolatutako ibilbideari ekiteko: 140 kilometro eta 16.600 metroko desnibela.

Gizonezkoetan, Jon Erdaidek irabazi zuen 19 ordu eta 53 minutuko denborarekin: «Hasieran, erritmoa aldatu gabe, bakarrik joan nintzen. Gozatu ere egin nuen; ez, ordea, hortik aurrera. Helmugara belauna izorratuta iritsi nintzen». Gorlizeko korrikalariak ez du zorte handirik izan zirkuitu honetan. Lehen etapan, bigarren sailkatu zen; bigarrenean, min hartuta, erretiratu egin zen, eta, hirugarrenean, kilometro batzuk soilik egin zituen. Irabazlearengandik 33 minutura, Arkaitz Iturriagaetxeberria eta Erlantz Zaldunbide heldu ziren elkarrekin.

Nesketan, berriz, Leire Martinez gailendu zen 21 ordu eta 50 minutuko denborarekin: «Oso sasoiko nago, eta bi aurkari handiri irabazi ahal izan diet. Lasterketan asko gozatu eta sufritu dut». Bigarren postua Nerea Martinezentzat izan zen, eta, hirugarrena, Triguerosentzat.

Lau hiriburu

Era horretan, euskal ultren zirkuitua amaitu zen; Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotu dituena. Aurreratu dugunez, neska erregularrarena Trigueros izan da; izan ere, hiru etapa irabazteaz gain, hirugarren postu bat ere sinatu. Barakaldoko korrikalariak azken probarekin arantza izan du: «Lasterketa oso ondo hasi nuen, baina, 50. kilometroan, hustu egin nintzen. Uste dut Tor des Geants-eko lehiak (bigarren izan zen) erabat baldintzatu nauela».

Garciak, bestalde, “soilik” proba bat (Gasteiz-Iruñea) irabazi du, baina postu onak lortu ditu: «Pozarren nago euskal zirkuitu hau irabazteagatik; amets bat bete dut».

Amaitzeko, Basque Ultra Trail Series zirkuituko zuzendari tekniko Fernando Perez pozik agertu da probaren kirol mailagatik: «Lasterkarien aldetik iritsi zaigun balorazioa oso positiboa izan da. Antolakuntzaren eta logistikaren aldetik, erronka handia izan da; lan izugarria egin dugu».