GARA
BILBO

1937an Santoñako kartzelan fusilatutako gudari eta milizianoei omenaldia, Bilbon

1937 urtean Santoñako El Dueso kartzelan fusilatuak izan ziren gudari eta milizianoak gogora ekarri zituzten atzo, Bilbon, Lakuako Gobernuaren ardurapean dagoen Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan antolatutako ekitaldian.

1937ko urriaren 15ean gertatu ziren atzo gogora ekarritako exekuzioak. Tropa frankistek El Duesoko espetxean preso zeuden 57 lagun fusilatu zituzten beren filiazio politiko edota sindikalagatik. Haien artean hamalau gudari eta miliziano zeuden. Atzo, heriotza horien 80. urteurrenean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldian, biktimen senitartekoen ondoan, zenbait sindikatu eta alderdi politikotako ordezkariak izan ziren, fusilatuen artean EAJ, PSOE, PCE, ELA, CNT eta Izquierda Republicanako kideak baitzeuden.

Urkulluk nabarmendu zuen exekuzio hauek frankismoak aniztasun ideologikoa ezabatzeko zeukan «obsesioaren» erakusle argia direla, eta gaineratu zuen «errepresioak eta indarkeriak» ez dituztela inoiz «ez izaera sentimenduak ez ideia politikoak ezabatzen», indartu baizik.

Ekitaldian, ikus-entzunezko bat proiektatu zuten, fusilatuen alderdi eta sindikatuen ordezkariekin izandako elkarrizketak emanez, baita ere Santoñan exekuzioaren zain zeuden presoek bizi izan zituzten azken orduen berreraiketa eginez.