GARA
DONOSTIA

200 milioi euroko kontratu berria lortu du CAFek Britainia Handian

Bi kotxeko hamabi tren eta lauko hamalau fabrikatu, hornitu eta mantentze lanak egingo ditu CAFek Britainia Handiko West Midlands Ltd enpresarentzat. Orotara, 200 milioi euro jasoko ditu.

Abellio, Japan East Railway Company, eta Mitsui & Co Ltd-k osatzen duten West Midlands Trains Ltd enpresak CAF aukeratu du Birmingham eskualde britainiarreko hiri eta udalerriak lotzen dituzten lineetan ibiliko diren 26 diesel-unitate –bi kotxeko hamabi tren eta lau kotxeko hamalau– fabrikatu, hornitu eta mantentzeko.

Kontratua frankiziak hurrengo urteotan egingo duen 1.000 milioi libera inguruko inbertsioaren baitan kokatzen da eta gutxi gorabehera 200 milioi euro jasoko ditu CAFek.

Aipatu kontratuaren bitartez Birminghameko tren sarean aurreikusten duten bidaiari kopuruaren igoerari aurre egiteko asmoa dute eta tren berriek bidaiariei ematen zaien zerbitzua hobetuko dute, aire girotua, doako wifia edota serieko korronte-harguneen bidez.

Richard Garner Britainia Handirako eta Irlandarako CAFeko Negozioen Garapeneko zuzendariak albiste «bikaina» dela adierazi zuen eta orain arte sinatutako kontratuei «jarraipena» ematen ziela: «Gainera, proiektuak sendotu egin du Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean CAFek betetzen duen tokia».

Infracapital eta Deutsche Asset Managementek zuzenduko dute tren berrien finantzaketa-eragiketa. Errentan hartuko ditu trenak West Midlands Ltd-k, «ohiko» eragiketa kasu horietan.

Chris Garyling Garraioen Estatu idazkari britainiarraren iritziz, «duela mende bat baino gehiagotik» trenen modernizaziorako programa «handiena» ari dira garatzen. Herrialde osoan egindako inbertsioaren zati baten parte da CAFek lortu duen kontratua.