Ion Telleria

BAKETSU, BIDEA URRATZEN JARRAITZEKO

En Peu de Pau ekimena aurkeztu zuten atzo azken asteetako Kataluniako mobilizazioetan protagonismo berezia izan duten eragileek. Espainiak bortizkeriaren zurrunbiloan sartu nahi dituela uste dute eta, orain arte bezala, protesta baketsuen bidetik jarraitzeko koordinazio tresnak eta dekalogoa osatu dituzte.

Urriaren 1ean herritarrek elkarri eskutik helduta egin zioten aurre Katalunian Poliziaren eta Guardia Zibilaren erasoari eta mundu osora hedatu dira erreferendum eguneko irudiok. Legearen izenean aginduko zuen Espainiak oldartzea baina bere aliatu gertukoenen artean ere arrakalak sortu zituen egun hartako argazkiak. Europako hainbat instituzioren gaitzespena eragin du eta giza eskubideen urraketa zaintzen duten nazioarteko erakunde nagusiek ere altxa dute ahotsa jardun bortitz honen aurka.

Zilegitasunaren deman kalte handia eragin dio jarrera bortitzak Espainiari, baita aurreko asteetan ere Kataluniako Gobernuaren aurka, boto-paperen bila eta hautetsontziak topatzeko ahaleginean egindakoek ere. Astelehenean iritsi zen azken kolpea, espetxera bidali baitzituen Espainiako Auzitegi Nazionalak ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak.

«Bortizkeriaren zurrunbiloan sartu nahi gaituen probokazioa» izan da azken hau, atzo aurkeztu zuten En Peu de Pau&flexSpace;izenburua duen ekimenaren sustatzaileen ustez. Koordinaziorako mahai bat sortu dute, herritarrei zuzeneko informazioa helarazteko tresnak eta dekalogo bat abian jarriz, hurrengo asteetan etor daitekeenaren aurrean «orain arteko bidetik» jarraitzeko, «herritarren eskubideen murrizketari erantzun zibil baketsuekin» aurre egiteko.

Ekimena sustatu dutenak 2012tik honako prozesuan eta azken asteotan protagonismo berezia izan duten eragile eta sektoreak dira. Bartzelonan egindako aurkezpenean ziren ANC eta Omnium elkarteetako ordezkariak, baita suhiltzaileen hainbat elkartetakoak ere, nekazarienak, ikasle mugimenduetako ordezkariak, erreferendumaren defentsarako sortutako batzordeak, Ciemen eta Unesco Etxea, besteak beste.

«Bortizkeriarik eza, gure indarra»

Sare sozial nagusietan sortu dituzte dagoeneko hedapen kanalak eta desobedientzia zibilaren inguruko formakuntza saioak egingo dituzte. Denaren ardatz hamar puntuko irizpide orria, “Bortizkeriarik eza da gure indarra” darama izenburu gisa.

Mobilizazioetan parte hartzen duten herritarrentzat mezuak dira nagusi, «egiten duzunak mugimendu osoari eragiten dio» dakar lehen puntuak «irudi batek mila manifestarik baino gehiago balio du?» galderari erantzunez. Gogora dakar edozein txikikeriak balio diezaiokeela «cavernari» aitzakia gisa. Autokontrola ere eskatzen dute, «ekidin hitzezko bortizkeria eta fisikoa... amorruak ez diezazula arerio gehiago sortu», eta mobilizazioetan harrokeria bazter uzteko eskaria. «Inor ikusten baduzu probokatzen edo modu bortitzean jarduten, ez erantzun! Hartu tartea beste jendearen laguntzaz eta eman abisua antolatzaileei», diote “Ez dugu beldurrik” izenburua daraman 4. puntuan.

Protestarako behar den bezala prestatzeko hainbat aholku era jaso dituzte. «Deskantsatu eta lo egin indarrez egoteko. Edan ura maiztasunez!». Poliziaren oldartzeak etor daitezkeenez berriz ere, hainbat aholku jaso dituzte ekimenaren sustatzaileek. Legezko aholkularitza eta salaketa jarri ahal izateko erreferentziak batetik, eta poliziaren borra eta pilotakaden aurrean nola babestu bestetik. Hauetako bakoitza poliziak, berez, nola erabili beharko lukeen zehazten dute; segidan, ordea, gorputzeko atal nagusiak babesteko aholkua aipatzen dute eta pilotakaden kasuan aurpegia. Urriaren 1ean pilotakada batek jo ostean begi bateko ikusmena galdu zuen herritar batek Bartzelonan.

Azken puntuan borroka bide honen inguruan egindako hainbat esanen bilduma dakar dekalogoak. Mobilizazio molde dezente eta hauek gauzatzeko azalpenak ere proposatzen dituzte, herri harresiak eta eserialdiak, tartean.

Urriaren 1ean emandako erantzuna du abiapuntu elkarlanerako gune berri honek, datozen egunetan etor daitekeenari zuzen erantzuteak duen balioaren jakitun.

Europan gaur berebiziko garrantzia du borroka moldeak, bereziki estatuaren onespenik gabeko sezesio prozesuetan. Zilegitasunaren bataila ezinbestekoa da eta hala nabarmendu ohi dute adituek. Erreferendumaren aurreko astean berretsi zuten nazioarteko eskubidean aditu diren hainbat pertsonak ikerketa berri baten aurkezpenean.

Bide asko urratu ditu Katalunian 2012tik hona baliatutako borroka baketsuak, eta aliantza ugari urratzeko gaitasuna duela erakutsi du. Ez da berme bakarra, baina zilegitasunaren bataila hil ala bizikoa izango da eta nabarmen uzten ari da Espainiaren autoritarismoa... eta errepublikatik urrats batera eraman du herri katalana.