GARA
DONOSTIA

Tortura Europaren bihotzean ikusaraztea lortu dela dio Txapartegik

Nekane Txapartegi asteasuarra aske dago joan den irailaren 15az geroztik, Auzitegi Nazional espainolak bere aurkako delitua preskribatuta zegoela ebatzi baitzuen. Halere, alaba ez du oraindik berarekin eta ez du Suitzatik Euskal Herrira itzultzeko nahikoa berme ikusten.

«Torturaren gaia eta euskal gatazka Europaren bihotzean ikusaraztea lortu dugu», nabarmendu zuen Suitzan bizi den Nekane Txapartegi asteasuarrak. Ez du momentuz etxera itzultzeko bermerik ikusten. Eskubide zibil eta politiko guztien jabe izan arte ez du «pauso faltsurik» emango, atzo Infozazpi irratiari elkarrizketan azaldu zionez.

Irailaren 15ean irten zen espetxetik, Auzitegi Nazional espainolak bere aurkako delitua preskribatuta zegoela ebatzi ondotik. 1999an atxilotu zuen Guardia Zibilak, 18/98 sumarioaren barrenean, eta torturak salatu zituen asteasuarrak. Suitzara ihes egin zuen eta bertan bizi zen alabarekin iazko apirilean preso hartu zutenean.

Orduan harrera-familia baten esku gelditu zen umea eta, ama libre gelditu arren, hala segitzen du. Prozesu bat egin behar du berriro elkarrekin bizitzeko eta horretarako lana eta etxea izan behar ditu. Horiek lortzea ez du erraza asilo-eskaera irekia duelako eta bere egoera ez dagoelako erregularizatua oraindik.

Indarra nondik ateratzen duen galdetuta, hauxe erantzun zuen elkarrizketan: «Indarra nire ideiek eta konpromisoak ematen didate. Borroka uztea galdu dugula onartzea da eta hori ez dut egingo».

Suitzan preso egon den garaian egunero «borroka latz» egin behar izan duela kontatu zuen, «bakartuta, kiderik gabe» egon delako eta «mespretxua» jasan duelako. Kanpotik etorritako babes itzelak lagundu dio. Espetxean harrituta omen zeuden; sekula ez zuten ikusi 200 laguneko bisita zerrendarik. Eskutitz ugari ere iritsi zaizkio eta suziriak ere bota izan dituzte kartzela atarian.

Torturak salatu eta sinetsia ez izatea «bigarren aldiz torturatua izatea bezala» izan zen. «Europan giza eskubideen aurretik daude interes ekonomikoa eta politikoa, etorkinekin ikusten den bezala». Bere kasuan «Espainiarekiko harremana lehenetsi» zuen Suitzak. «Zalantza nuen erabakiak hemen ala Madrilen hartzen ziren».

Baina Istanbuleko protokoloa aplikatu zioten eta «Suitzari tortura estaltzea gero eta zailagoa egiten ari zitzaion. Alde politikoa soilik zen ikusi nahi ez zuena». Horregatik, delitua preskribatzea «soluziorik onena» izan zen bi estatuentzat. «Baina nik aitortza nahi dut, pertsonalki eta kolektiboki, Espainiak euskaldunon aurka sistematikoki erabili duelako tortura». Torturaren Aurkako Taldean egindako zentsoa motz gelditzen dela eta kasuak 10.000 baino gehiago direla ohartarazi zuen.