GARA
GASTEIZ

Sektore-mahaia ahalik eta lasterrena batzeko deia egin dio LABek Osakidetzari

«Jendarteak merezi duen kalitatezko osasuna eman nahi badugu, langileok lan baldintza duinak izan behar ditugu» eta horregatik mahai sektoriala lehenbailehen batzeko deia egin dio LABek Osakidetzari.

Osakidetzak azken sektore-mahaietan eskainitako negoziazioa ezerezean gelditu dela dio LABek. Martxoaren 23an, ekainaren 5ean eta 23an hamabi puntu mahaigaineratu zituen; horien artean, 2017ko Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) programazioa, 2018ko LEPerako plaza kopuru eta kategorien negoziazioa, kontratazio zerrendetako irizpideak, Osakidetzan gertatzen diren pribatizazioak, lanpostu funtzionalen dekretua eta lan kalitatearen hobekuntza plana indarrean jartzea. «Urrian gaude eta esan dezakegu puntu guzti hauetatik Osakidetzak ez duela bete %10a ere», salatu du LABek.

Gogoratu duenez, azken bileran akordiora iristeko presa handia erakutsi zuen eta azkenean Satsek, SMEk eta UGTk 2017ko LEPa eta 2017ko lekualdatze lehiaketa sinatu zituzten. «Osakidetzaren hitzetan, gelditzen ziren gainontzeko puntuak hurrengo sektore-mahaietan negoziatuko genituzke, baina oraindik ez gaituzte deitu», nabarmendu zuen.

Negoziatzeke dauden puntu guztiak garrantzitsuak direla esan eta onartezintzat jo zuen lan baldintzen akordioa 2009tik berritu gabe izatea. «Osakidetzan lan egiten dugun langileok ezin dugu hitzarmenik gabe egon. Lizentziez eta baimenez gain, langileok gizarte eskubideez, gure jardunaldi eta atsedenaldiaz, gure eskubideez, gure euskalduntzeaz, gure segurtasun eta osasunaz, gure soldataz... negoziatu nahi dugu. 2009ko lan baldintzen akordioak ez digu balio, zaharkituta gelditu baita». Hori dela eta, ahalik eta azkarren sektore-mahaia deitzeko deia egin dio.