GARA
BILBO

Ibon Iparragirre aske uztea eskatu dute Ondarroan, manifestazio jendetsuan

Ibon Iparragirreren berehalako askatasuna eskatu zuen manifestazio jendetsu batek atzo Ondarroan. Herriko presoak jasaten duen «muturreko osasun egoerarekin» kezkatuta daude ondarroarrak.

Ibon Iparragirreren osasun egoerak aspalditik dauzka kezkatuta herrikideak Ondarroan. Haren «muturreko egoera» adierazten duten azken datuek egonezina areagotu dute bai gertukoen artean bai herrian. Horren aurrean, atzo ehunka lagunek hartu zuen parte herrian izandako manifestazio jendetsuan. Ondarroarrez gain, inguruko herrietako bizilagun ugari bertaratu ziren Sare, Etxerat eta Iparra Galdu Baik plataformak deitutako mobilizaziora.

Ondarroako udalbatza osatzen duten bi alderdietako zinegotziak ere izan ziren Iparragirreren kaleratzea eskatzen, herriko Turrune! webguneak informatu bezala. Osoko bilkuran aho batez onartu zuten Udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta EAJk manifestazioan parte hartzea.

«Borroka mantendu»

Ibon Iparragirreren senideek eraman zuten manifestazioaren buruko pankarta, “Ibon etxea! Bixik!” lelopean. Bigarren pankarta batek, Ibon bezala larriki gaixo dauden presoak «berandu baino lehen» etxeratzeko eskatu zuen.

Gotzon Iparragirre Ibonen anaia presoa etxeratzearen aldeko borroka «tinko» mantentzearen alde azaldu zen. Elkartasun keinu ugari izan da azken egunotan Ibonen muturreko egoera ezagututa, eta azkenetako bat Lekeitioko Zine Bileran saritutako Begoña Vicario zuzendariarena izan da, saria eskaini baitzion gaixo dagoen presoari.

Ibonen gaineko erabakia Kartzela Zaintzako Jose Luis Castro epaileak hartu behar du. Familiak azaldu bezala, mahai gainean dauden txosten medikuekin noiz gerta daitekeen ezagutzen ez den «amaiera tragikoa» ekiditeko kaleratzeko agindua lehenbailehen sinatzea baino ez dago.