GARA
DONOSTIA

Haur literatura aretoen zirkuitua abiatu du lehen aldiz Galtzagorrik

Galtzagorri elkarteak haur literatura aretoen zirkuitua jarri du martxan, lehen aldiz, Gipuzkoako Ordizia, Errenteria, Andoain eta Arrasateko liburutegietan, “Jolasten irakurzaletu” lelopean, urritik abendura bitartean.

Haur literaturako elkarteak areto literario berriak sortu ditu ia bi urtean behin, 2000. urtetik, eta urteotan Euskal Herri osoko herri askotako liburutegietatik bidaiatu dute. Oraingoan, Galtzagorrik areto horietako lau hautatu eta berritu ditu.

Literatura aretoak jolas literarioak dira. Haurrek modu aktiboan hartzen dute parte, proposatzen zaien jolasean. Helburua haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, jolaserako aitzakia beti haur literatura baita.

Diziplinak

Diziplina artistiko desberdinak biltzen dituzte aretoek, eta horregatik hauen sorreran alor desberdinetako profesionalek hartzen dute parte, eta musika, arte ederrak, diseinua, ikus-entzunezkoak, animazioa edota antzerkia egiten duten artisten lana biltzen dute. Horietako bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du, euskarazko haur literatura erabiliz.

“Adur, adur, ez naiz zure beldur” beldurraren aretoa, “Haur poesia aretoa” haurrentzako poesiaren ingurukoa, “Itsaspeko bihotzak” genero berdintasunari eta hezkidetzari eskainitakoa eta “Labirintoaren erbestean” abentura eta bidaiei buruzko haur literatura aretoa aukeratu ditu Galtzagorrik lehen zirkuiturako.

Horietako bakoitza berritu eta birmoldatu ondoren, hamarna saio eskainiko dira, gutxienez, hauetako bakoitza helduko den herri edo hiri bakoitzean, haur zein gazteentzako.

Zehazki, “Haur poesia aretoa” Ordiziako Barrena Kultur Etxean egiten ari da urriaren 30era bitartean; “Adur, adur, ez naiz zure beldur” aretoa, Errenteriako Bizarain ikastetxeko liburutegian, azaroaren 6tik 17ra; “Itsaspeko bihotzak” aretoa, Andoaingo Gaztelekuan, azaroaren 22tik abenduaren 4ra; “Labirintoaren erbestean” aretoa, Arrasateko Udal Bibliotekan, abenduaren 27tik urtarrilaren 12ra.