R. S.

24 ORDU GEROAGO, TINKOAGO BARTZELONA

OSTEGUNEAN, PUIGDEMONTEN SAILBURUAK ORAINDIK AUZITEGI NAZIONALEAN ZIRELA, «GOVERN» HORREN ZILEGITASUNA ALDARRIKATU ZUEN BARTZELONAKO UDALAK, BAINA ERREPUBLIKA ONARTU GABE. ATZO, JADA KONTSEILARIAK KARTZELAN ZIRELA, ARGI HELARAZI ZION ERCK COLAURI: «DAGOENEKO EZ DA TARTEKO BIDERIK».

Barruan zuen minari nekez eusten ziola antzematen zitzaion aurpegian ERCko eledun Alfred Boschi atzokoan. Eta gauza bera PDeCAT-eko Xavier Trias alkate ohiari. Bien alderdikide eta lagunak kartzelan dira. Bartzelonako udaletxeko batzar aretoan hutsune nabarmen bat zegoen: Joaquin Forn kontseilari eta zinegotziarena. Errepresioa salatzen duen lazo hori handia zegoen jarrita bere eserlekuan.

Ez ohiko bilkura deitua zuen Ada Colau alkateak bezperatik, espetxeratzeen berri izan zuen unetik bertatik. Eta bitxia zen egoera, bezperan, Govern-eko kideak oraindik Auzitegi Nazionaleko bulegoetan zirela, egoera politikoaz, Errepublikaz, 155. artikuluaz, errepresioaz... egin baitzuen eztabaida Bartzelonako Udalak. Bertan, ERCren eskariz, herritarrek hautatutako Parlament-aren zein Govern-aren zilegitasuna aldarrikatu zuen Bartzelonak. Aldiz, CUPek eskatu bezala Errepublikaren aldarrikapena onartzeko aukera errefusatu zuen. Hori gerta zedin Barcelona en Comu-ren –Colauren taldea– boza erabakigarria izan zen. Egun bakar bat pasata, ERCren jarrera argi azaldu zuen Boschek. Herenegungo egoera atzokoa balitz, ERCk ere bere proposamenean Errepublikaren aldarrikapena onartzea eskatuko zuela ziurtatu zuen. Eta Colau alkateari begira, hauxe esan zuen irmo: «Espainiako Erreinuarekin zaude ala Kataluniako Errepublikarekin? Hemen amaitu da ekidistantzia, dagoeneko ez da tarteko biderik. Ezinezkoa da batetik espetxeratzen dutenekin eta bestetik burdinen artean daudenekin egotea».

Bidegurutze horretan, aurrerapausoa egin zuen Barcelona en Comu bertako Gerardo Pisarellok ere: preso politikoak askatzeko «fronte komuna» osatzearen alde agertu zen. «Hau ez da jada independentista eta ez-independentisten arteko kontua», bota zuen alkateordeak.

CUPeko Maria Roviraren hitzetan ere, agertokia aldatu egin da. Errepresio uholdeari aurre egiten ez bazaio, «independentistak ez direnek ere» larrutik ordainduko dutela uste du. Hala ere, kartzelatzeek ez dutela indarra erakusten, ahulezia baizik, uste du: «Beldur direlako egiten dituzte atxiloketak. Guk aspaldi galdu genuen beldurra».

PSCk ere zertxobait aldatu behar izan zuen bere posizioa. Deseroso ageri zen Jaume Collbani sozialisten udal taldeko burua: «Benetako tragedia politikoa da hau, giza dimentsioa duena. Baina prozesu honen arau bakarra Murphyrena da, gauzak oker daitezke beti, hori onerako delakoan». Espetxean «lagunak» dituela esan zuen Collbonik, Forn eta Dolors Bassa conseller-a gogoan –Collboni eta Bassa UGTko kideak dira–.

Adierazpena bozkatzean, ordea, PSC ez zegoen aurrera atera zutenen artean; Barcelona en Comu, PDeCAT, ERC eta CUP, bai. Kartzelatuak ahalik eta lasterren askatzea exijitu zuten, 155. artikulua bertan behera uztea eta herriak hautatako Govern-a eta Parlament-a berrezartzea.