2017/11/11

Emakumeen nazioarteko egoera hizpide Biarritzen, 8. Sud Nord jardunaldietan

Theatre du Versant taldearen eskutik, Chantier Sud Nord jardunaldien 8. edizioa hasiko da astelehenean Biarritzen, eta mundu zabalean emakumeek bizi duten egoera ardatz hartuta, hilaren 18ra bitartean, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, antzezlan eta musika saioak errealitate hori ezagutzera emateko baliabide izanen dira. Afrika, Amerika eta Polinesiako ordezkariak hurbilduko dira Lapurdira, eta Versant taldeak elkarlanean eginiko lanak aurkeztuko ditu.

Idoia ERASO|BIARRITZ
1111_kul_antzerki

Munduaren iparraldea eta hegoaldea harremanetan ematea eta haien arteko elkarlanetik sorkuntza eta ikasketa sustatzea du xede bi urtean behin ospatzen den ekimen honek. Aurten emakumearen papera nabarmenduko da eta horretarako «Polinesia, Amerika, Afrikako... emakume artista nabarmenak» etorriko direla azaldu zuen Gael Rabasek, Versant konpainiako zuzendariak. Bakoitzak bere gizartean emakumezkoek bizi duten egoerari buruzko informazioa partekatuko du adierazpide ezberdinen bitartez.

Artista horien artean nabarmena da asteazkenean parte hartuko duen Fanta Coulibaly, Maliko aktore eta zuzendaria, “errealitateen antzerkia” bezala definitzen den formatuaren bitartez bertako errealitate gordinenak salatzen dituena: hiesa, emakumeen sexu organoen mutilazioa, bozkatzeko eskubidea.... Tahititik etorritako Roti Make margolari eta Oparo Paruru No Rapa elkarteko presidentea, Quebeceko Kadhidja Benouataf idazlea edo Benineko Mariame Darra Traore aktorea ere bertan izanen dira, besteak beste.

Rabasek azaldu zuenez, gonbidatuen jatorri askotarikoak bat egiten du duela hamabost urte lehen edizioa antolatu zutenetik jardunaldiak izan duen helburuarekin: «Toki ezberdinetako artistek beren lanak aurkeztu ahal izateko espazio bat sortu dugu, eta aldi berean trukerako gune bat sortu nahi izan dugu».

Horrelako hitzorduen ondotik elkarlanak sortzen direla gaineratu zuen konpainiako zuzendariak: «Giza mailan elikagai artistikoak aurkitzen dira, baina aldi berean egitasmoak sortzea ahalbidetzen du». Hala, Venezuela, Mali eta Afrikako beste herrialdeetako kideekin lan bat sortzen ari dira: “Ça va aller, on va s’ensortir”. Munduaren dekonstrukzioaren inguruan gogoetatzen du, eta mezu baikorra helarazi nahi du: «Trukatzera ailegatzen bagara, beldur gutxiago izanen dugu eta zerbait alaia eta argitsua dugula ikusiko dugu. Hau izan da gure lana hasieratik».

Zentzu horretan Versant antzerki taldeak bi lan txiki aurkeztuko ditu jardunaldietan, nerabezaroari buruz ari den “Statu Quo” azaroaren 13an, eta 14an emakumeari buruzko manifestu bat bezala deskribatu daitekeen “Ixora”, Françoise Dorgambideren eskutik. Mexikoko artistekin batera beste lan bat prestatzen ari direla ere azaldu zuen zuzendariak, baina finantzabide eskasiaren ondorioz urte batez edo biz atzeratu egingo da.

Gizartearekin bat

Jardunaldien muga diru laguntzen eskasia da, nahiz eta alde batetik aberasgarri ere baden. Izan ere, hori dela-eta hainbat proiektu ezin dira gauzatu, baina aldi berean inguruko dendari eta hotelariekin sare herritar bat sortu dute: «Ez dugu ez bazkari bat, ezta hotel gau bakar bat ere ordaintzen, eta hurbileko bidaiak ere eskainiak zaizkigu».

Orain arteko lanaren ondorioak ikusten ari dira, «jarraitzea soilik arrakasta da, horregatik partaide berriak bildu zaizkigu, oraindik hor gaudela ikusten dutelako. Mali eta Haitiko enbaxadoreak ere etorriko dira». Bertako kide berrien artean Biarritzeko Malandain Balleta edo Maurice Ravel kontserbatorioa daude, besteak beste.

 

Emakume artista euskaldunek bertako errealitatea plazaratuko dute

Jardunaldiak 2001ean sortu zirenetik lehen aldiz euskal kulturak bere tokia izanen du. “Emakumea izan Euskal Herrian” gaiaren inguruan gogoetatzeko hainbat artista eta eragile gonbidatu dituzte. Besteak beste Itxaro Borda idazlea, Maddi Zubeldia kantaria, Pantxika Telleria koreografoa eta Maialen Errotabeherek hartuko dute hitza.

“Marijane Minaberri, Ipar Euskal Herriko euskarazko lehen emakume autorea” erreportajea ere erakutsiko dute. I. E.

GARAPENA


Azken edizio honetan egitasmoa garatu egin da, egituraketa ezberdina da. Musika tarte eta ilustrazio gehiago sartu dituzte. Gonbidatu gehiago ekarriko dituzte, baina beraien parte-hartzeak laburragoak izango dira.