Larraitz Ugarte
Abokatua
GAURKOA

Ankerkeria politikoa

Azkenaldian begirada Katalunian baino ez zaigu paratzen eta bitartean hemen gertatzen dena epika horren alboan txikia izaki ezerezaren kajoian sartzen dugula iruditzen zait. Ez da gutxiagorako. Katalunian gertatzen ari dena ez baita aldi baterako episodio, iraultza demokratiko betiereko bat baizik. Baina hemen ere gauzak mugitzen ari dira eta hein batean kontrako norabidean esan genezake. Inboluzio baten erdian gaude eta inboluzio horrek ez du soilik Estatuaren, PPren eta PSOEren sinadura. EAJ ere bete-betean sartu da horretan. Batzuetan Urkulluren bidez, Espainiako estatu gizon bilakatu zaiguna, Rajoyren delegatu fidel gisa jardunez Catalunyako proces-a pikatura bota nahian, De Andres berari bere papera lapurtuz. Besteetan, aste honetan bezala, bere talde parlamentarioaren bidez, diktadura frankistako biktimei aitortza egiteko bideak blokeatzearen alde bozkatu duena PPrekin batera eskuduntza ezak argudio bilakatuta (Urkulluren berdinen arteko aldebikotasunaren adibide ederra). Katalunian 155. artikulua ezartzearen aldekoekin, hau da, autogobernu ez nahiko, ez aplikatu eta gatazkatsu horiek berak ezbaian jartzeraino, estatuaren indar eta biolentzia guztia aplikatzearen aldekoekin gobernatzen dihardute EAEko instituzio guztietan. PSE eta PPrekin lotsarik gabe daukan menage a trois horrek gero eta azalpen zailagoa izateak ez dio lorik kendu eta ez du soilik kuestio nazionaletarako baliatu, ez. Menage a trois integrala.

Herri honetan, une honetan, EAJk independentismoa suntsitzea edo bertsio xuabean esanda marjinal bihurtzea duela helburu esaten badut ez naiz esajeratzen ari. Bere hegemonia eta instituzioen agintea izateko, herri honetan egun bizi dugun eredu sozioekonomikoari eusteko eta Euskal Herriaren zati honetan bere eredua betikotzeko arriskua ez dago estatu espainiarrean; ez dago haiek sostengatzen duten alderdietan. Haiek hemen bigarren mailako aktore izatearekin nahiko dute, batzuei gainera gobernu ardurak oparitu baitizkiete instituzio ia guztietan eta besteei bozek legitimatu ez dieten beto eskubidea egikaritzeko baimena eman baitiete arlo guztietan. Trukean gainera Madrilgo, Espainiako egonkortasuna ziurtatzen diete. Pleno al quince. Panorama honen aurrean EAJk badaki herri honetako statu quoa aldatu dezakeen indar bakarra independentismoa dela eta horregatik arrisku alarma, horregatik marjinatu eta suntsitu nahia.

Argi gera bedi arerio politikoa garaitu nahi izatea eta norbere proiektua ateratzeko ahalegina egitea guztiz zilegia iruditzen zaidala modu politiko batean egiten bada. Politiko diodanean dialektiko diot, ideien konfrontazioaz ari naiz, ereduen eztabaidaz. Baina ez da hori Gipuzkoan ikusten ari naizena. EAJko sektore abertzaleena omen denak etika politiko guztiak haustea erabaki du PSE/PSOErekin batera independentismoa suntsitzeko estrategian Iñaki Errazkin EH Bilduko Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohiaren aurka Espainiako Kontuen Auzitegiaren aurrean demandak tarteratuz.

Hau ez da bat gehiago, ez da «ze fuerte» bat, eta zoritxarrez ez da egitate isolatu bat. Hau Gipuzkoako EAJk egin duen sakoneko hautu politiko bat izan da. Bazuten demandarik ez aurkeztea, eta aurkeztea erabaki dute. Badakite Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek mandatu demokratiko bat baino ez dutela bete, badakite EH Bilduren programa elektorala kunplitu besterik ez dutela egin erraustegia ixteko erabakiarekin. Eta are larriagoa dena, badakite ez dela diru xahuketarik egon. Kontrakoa, EH Bilduk erraustegiaren kontratua amaitzeko erabakiaren bidez gipuzkoarrok aurreztu egin genuen eta ordaindutako indemnizazioa legearen araberakoa izan zen. Sinple esateko, kontratuaren balioaren, aurreikusitako irabaziaren %3a (8 milioi euro) eta swapen uneko balioa, bestela ere ordainduko zen kantitatea.

Noiztik ezin da martxan dagoen proiekturik geratu? Sektore Publikoko Kontratuen Legeak ahalbidetzen duen mekanismo bat da, proiektua desegokia edo gaizki kudeatzen ari denerako guztiz erregularra den prozedura. Adibide bat jartzearren, EAJko Ana Oregi 2012an Ingurumen Sailera iritsi zenean Patxi Lopezen gobernua amaitu ostean, PSEk lizitatutako Donostialdeko metroaren proiektu bat martxan zegoena geratu egin zuen zegokion kalte-ordaina ordainduz. Hura ere demandatu beharko litzateke?

Hondakinen aferak Gipuzkoan izan duen gatazkaren kapitulu bat dela pentsa dezake norbaitek. Baina hau ez da hondakinen gai bat, ez, oker dabil hau horrela dela uste duena. Hau askoz sakonagoa eta orokorragoa den zerbait da nire ustez. Ez dut argi baina hipotesi ezberdinak ditut ankerkeria honi esplikazio bat bilatu nahian, agian guztietatik dago pixka bat. Estrategia elektoral huts bat izan daiteke, ankerkeria handiegia hauteskundeak irabazteko eta hegemoniari eusteko baina immoralitatea behin besarkatuta ze arraio, a por todas. Horrela bada, oraindik 2019ko maiatza arte denbora dexente dago akusazio faltsuen eraikuntzaren bidean jarraitzeko. Abixu bat ere izan daiteke: gure interesak ezin dira ukitu. Besteok irabazi ahal dituzue hauteskundeak, gobernatu dezakezue, baina agindu, hemen guk bakarrik agintzen dugu, beraz kontuz. Hirugarren hipotesiak barne tentsioekin du zerikusia. Gipuzkoako EAJren barruan badira 2011ko EH Bilduren garaipena eta ondorengo eboluzioa ondo digeritu ez zutenak eta seguruenera hor izango dira barne lidergo gatazkak. Badut susmoa honetatik dexente duela erabakiak. EH Bilduren irudiaren desprestigiatzea bilatu nahia da laugarrena. Baina ez soilik hauteskunde hipotesi gisa. Inkesta guztiek diote herritarrek, bozkatu ala ez badutela konfiantza EH Bilduko hautetsiek ez dituztela kontu publikoak bidegabe erabiliko ez aberastasun pertsonalerako ezta alderdiaren finantzaketarako ere. Hau gaur-gaurkoz soilik EH Bilduk esan dezake. EAJk De Miguel auziaren epaiketaren lotsa pasatu beharko du urtarriletik aurrera eta Gipuzkoan «Bidegi kasua» aurrera doa. Honi lotuz… Astakeria al da pentsatzea EAJko bururen batean erraustegiaren afera Bidegiko afera ixtearen truk ixteko eskaintza egitearen tentaldia egon daitekeenik? Oso itsusia litzateke baina ez nau harritzen. Azkenik, mendekua, inoiz baztertu behar ez den hipotesia.

Kontuen Auzitegiko prozedura honek ez du ezer juridikotik, politikotik baizik baina baita pertsonaletik ere. Ezin dugu ahaztu EAJren eta PSEren kalkulu politiko horrek bi pertsonaren bizitzak suntsitzea erabaki duela bide gisa proiektu politiko oso bat kortozirkuitatzeko.

Iñaki eta Ainhoa, azpeitiarra eta lezoarra. Biokin militatu dut eta ondo ezagutzen zaituztet. Balio handiko militanteak zarete, finak, konprometituak eta bioi eskaini nahi dizuet nire oraingo “Gaurkoa”. Badakit une gogorrak bizitzen ari zaretela, ez baita edonolakoa gainean jarri dizueten haitz pisutsua. Orain, noiz eta zuen ardura politiko horiek utzi eta bi urte eta erdira. Erraustegia ixteko egindako lan guztiaren ondoren, berriro martxan jartzea lortu duten honetan. Abixatu ziguten, iremos a por vosotros horren adibide izango da. Mafiak bezala, hitza beteta. Ondo lan eginaren ordaina. Puntu honetara iritsita, instituzioetan egiten den lanaren defentsa egin nahi dut, hainbatetan eragile, sindikatu eta gizarte mugimenduek modu injustu batean egotzi izaten baitigute “alfonbra gorriko” erosotasunean jarduten dugula ezker independentistako gizon-emakumeok. Instituzioak, baina, borroka eta eraldaketa esparru gisa ulertzen ditugu, hankak lokatzetan ondo sartuta, eta hori egitean izan ditzakegun ondorioen gaineko hausnarketa eskatzen du gertaera honek. Zuek eraldaketa konpromiso horri eusteagatik ondorio pertsonal gogorrak pairatuko dituzuen honetan gu guztion, herri honen aldaketan sinesten dugun pertsonoz osatutako komunitatearen babesa merezi eta jaso behar duzue. Hemen nirea, maitasun eta miresmen guztiz egina. Muxu bana.