2017/11/13

Gorka Karapetok «Orbayu»-ren seigarren igoera egin du

Eskalatzaile azpeitiarrak joan den urriaren 31n kateatu zuen Pou anaiek Picu Urrielluren mendebal aurpegian zabaldutako bidea. Aurretik Iker Pou, Adam Pustelnik, Nico Favresse, Cedric Lachat eta Edu Marinek igota zuten. Karapetok adierazi du «Orbayu» dela gehien eskatu dion xedea.

Andoni ARABAOLAZA
1113_men_aperturabikoitza1

«Oso eskura utzi dut, baina ezinezkoa izan da. Gustura jardun dut, eta pozarren nago eginiko lanarekin». Lerroburu horrekin Gorka Karapetok laburtu zigun iaz "Orbayu" bidean (Picu Urriellu) izan zuen eskarmentua. «Orain, bai, iazko lana biribildu egin dut». Eta era horretara baieztatu digu azpeitiarrak iazko lan aurreratu horrek emaitza bikaina izan duela. Joan den urriaren azken egunean, Karapetok "Orbayu"-ren seigarren igoera lortu zuen.

500 metroko marra horrek Iker eta Eneko Pou anaien sinadura darama. 2009. urtean Picu Urrielluren mendebal aurpegian sortu zuten, eta handik gutxira anaia gazteenak, Ikerrek, puntu gorria jarri zion. Gasteiztarren esanetan, bidearen giltza 8c+/9a zen; hots, garai haietan mundu zabalean egin zen hormatzarretako proposamen gogorrenetarikoa. Ondoren, lau errepikapen iritsi ziren: Adam Pustelnik, Nico Favresse, Cedric Lachat eta Edu Marinena. Eta guztiek ala guztiek 8c dela adostu zuten.

Zalantzarik gabe, irakurlearentzat Karapeto aski ezaguna da. "Orbayu"-n eginiko lanaz hitz egiteko hitzordua jarri dugunean, protagonistak berak gogorarazi digu hemezortzi urte luze daramala orriotan bere jarduera azpimarragarrienak kontatzen. Uf!, bai, urte asko dira "Azpeitiko satelitea"-ren ibilbidearen nondik norakoak aipatzen. Eskuarki, kirol eskaladari lotuta egon dira; bai arrokan eginikoak bai lehiaketetakoak.

Baina irakurtzen den bezala, Karapetoren azken xedea hormatzar batean itsatsita dagoen bide bati lotuta egon da. Onartu behar da hainbat luzetako marretan eskarmentu zabalik ez duela, baina haietatik irribarre batekin itzuli da. Azpimarratzekoak dira: "Pilar del Cantabrico" (8a+, 500 m, Picu Urriellu) eta "Zaratrusta" (8a, 400 m, Ordesa).

Hain zuzen ere, "Orbayu"-n izan duen prozesuaz hitz egiten hasteko, azken aipamen horren inguruan galdetu diogu; izan ere, Karapeto beti kirol eskaladarekin lotu dugulako. Eta galdetu diogu ez ote den salto handia "Pilar del Cantabrico"-tik "Orbayu"-ra egitea; hots, 8a+ batetik 8c sendo batera. Honakoa da gipuzkoarraren erantzuna: «Ondo baino hobeto dakizunez, kirol eskaladan graduaren inguruan askoz ere aukera gehiago dago. Horrekin ez dut esan nahi paretan aukera hori ez dagoenik, baina ezberdina da. Picu Urriellun bertan ‘Zunbeltz’ (8b+) edo ‘Quinto Imperio’ (8b) bezalako bide errazagoak nituen. Baina 2015. urtean ‘Pilar del Cantabrico’ eskalatu nuenean, ‘Orbayu’-ri arretaz begiratu nion. Iaz, berriz, probatu eta lehen egunetik harrapatu ninduen».

Iazkoa udaran izan zen, eta lau egun jo eta ke jardun ondoren, Karapeto etxera itzuli zen; besteak beste, hatz batean min hartu zuelako. Alabaina, protagonistak berak onartu digu "Orbayu"-ra oso ondo moldatu zela: «Aurten berriro itzuli naiz, eta hasieratik oso eskura ikusi badut ere, azkenean espero baino gehiago kostatu zait. Adibidez, Pustelnik-ek eta Favresse-k oso azkar kateatu zuten. Nik, berriz, saioak jarraian egiteko arazoak izan ditut. Horrekin esan nahi dut bidean aseguratzeko lagunak aurkitu behar nituela, denbora librea eduki, sasoian egon… Joan den abuztuan aurtengo lehen bisita egin nuen. Lau egun egon nintzen. Ondoren, egun bateko edo askoz jota bi eguneko beste hiru irteera egin ditut. Horrek asko nekatzen du. Gainera, saio guztiak behetik eskalatzen hasita egin ditut. Bidearen giltza bosgarren luzean dago, eta hura gainditzen ez nuenez, berriro jaitsi egin behar nintzen».

Hain zuzen ere, protagonistak "Orbayu"-n izan duen estrategiak (ekinaldi guztiak behetik eskalatzen hastea) jarduerari plus bat eman ote dion galdetu diogu: «Ez dut uste. Nik era horretara egin nahi nuen, eta hala egin dut. Beste batzuek, agian, bidearen giltzara heltzeko nahiago izango dute soka finkoetatik hara jumareatzen iritsi. Horrek niri nagia sortzen dit. Luzeak eskalatzen ari zaren bitartean berotzen ari zara, eta nire iritzi apalean estilo egokiagoa da. Hala ere, horrek badu eragozpen bat: agian, bidearen giltzara ez zara fresko iristen. Probatzen hasi nintzen lehen egunetik, luze horretara den-denak kateatzen heldu nintzen».

Xede gogorrena

Karapetok bosgarren luze (8c) hori aipatu du. Eskalada estilo horretara ohituta badago ere, onartu digu zaila iruditu zaiola: «Etxaurin asko eskalatzen dut, eta estilo horretara ondo egokituta nago. Bosgarren luze hori oso teknikoa da, Gogorra iruditu zait, eta hura gainditzea kosta egin zait. Hasieratik, plaka horretan oso ondo moldatu nintzen, baina ezin duzu akatsik egin. Oin bat gaizki jartzen duzu, oreka galtzen duzu… gauza asko daude. Kateatu nuen egunean, metodoz aldatu nuen. Eta, beraz, ondo atera zitzaidan. Gainera, kontuan hartu behar duzu lurretik 200 metrora zaudela. Bileran atseden hartzeko eroso samar zaude, baina ez da kirol eskaladan bezala; bidetik jaitsi eta han eserita zeure denbora har dezakezu. Eta oso eroso. ‘Orbayu’-n bilera batean zaude, eta hori oso ezberdina da. Bestalde, han goian ekinaldiak egiteak ere bere eragozpenak ditu. 200 metroko hutsunea hor dago. Errespetua ematen du, baina, azkenean, ohitu egiten zara».

Argi eta garbi geratu da azpeitiarraren kasuan hormatzarrak agintzen duela; izan ere, kontuan hartu behar dugu, besteak beste, 9a zailtasuneko sei bide patrikan dituela: «Dakizunez, hormatzarrak eta kirol eskalada ezin dira alderatu. Inolako zalantzarik gabe, 8c horrek dituen mugimenduak baino askoz ere zailagoak egin ditut. Baina bidearen giltza bere osotasunean behar duzu hartu. Arestian aipatu dizudan bezala, zailena zera da: hara joan, aseguratzeko lagunen bat topatu, egun bateko joan-etorria egin, soilik ekinaldi bat egin, sasoian egon… Horregatik guztiarengatik diot ‘Orbayu’ izan dela inoiz egin dudan eskalada gogorrena. Biribildu dudan azken helburu honek asko bete nau. Nire ibilbidean gehien bete nauena ote den? Ez dakit. Kateatu berri dut, eta, agian, horren inguruan hausnarketa gehiago egin beharko nuke. Esan dezaket ezberdina izan dela. ‘Orbayu’-k asko eskatu dit, baina kirol eskaladan egin ditudan proiektu zailenek ere asko eskatu didate. Ezberdina da».

Kateatze egunari dagokionez, aurreratu behar dugu eskalatzaile honek "zorte" puntu bat izan zuela. Hori esaten dugu, bederen, eguraldiaren iragarpenei begiratzen badiegu. Udazken lehorra eta epela izan dugu, baina bat-batean ia-ia negua sartu da: «Eguraldi iragarpenak aztertu eta ohartu nintzen denboraldiaren azken eguna izan zitekeela. Ez zuten euririk iragartzen. Tenperatura maximoa 9 °C-koa zen, eta minimoa 3 °C-koa. Zorionez, ez zuen haizerik egin. Hotza bai, baina gustuko dut. Eta, gainera, bileretan ez genuen denborarik galtzen. Beraz, eskalada fresko batekin gozatu nuen. Eskuak pixka bat hotzak nituen, baina arrokaren ukimena perfektua zen. Ondoren, ikusi duzu zelako eguraldi kaskarra izan dugun. Egun horretan kateatzeko aukerarik izan ez banu, hurrengo denboraldirako utzi beharko nuen. Baina ez nuen horrekin pentsatu nahi. Erabat kontzentratu nintzen, baita gozatu ere, eta bide osoa gainditu nuen. Hasieratik amaierara (‘Rabada’ bidean ere) sokaburu joan nintzen. Bide batez, ‘Orbayu’-ko prozesuan nire ondoan egon diren kideen laguntza eskertu nahi nuke. Txetxu Mora, Adrian, Peio Peñas, Burutzu, Mikel Inoriza… eskerrik asko!».

XEDEA


Gorka Karapetok esan du «Orbayu» kateatu ahal izateko, bi denboraldi behar izan dituela. Orain arte egin duen eskalada zailena izan dela ere onartu du.

8C SENDOA


Azken errepikatzaileek bezala, eskalatzaile gipuzkoarrak dio bidearen giltza 8c dela. Saio guztiak behetik eskalatzen hasita egin ditu.

8cOrbayu Picu Urrielluko mendebal aurpegian dagoen bide hori Iker eta Eneko Pou anaiek zabaldu zuten. Iker izan zen marrari puntu gorria jarri zion lehena; haren ustez 8c+/9a zen. Azken errepikatzaileek (Gorka Karapetok ere) adostu dute 8c sendoa dela.