Arnaitz GORRITI
RETABET BILBAO BASKET

Eurocupeko etxeko zorrak kitatzeko ordua iritsi da

Lehen faseko bigarren itzuliari ekingo dio Miribillan Lietuvos Rytasen aurka.

«Animoa ez da nahiko genukeena, etxean partida asko galdu baititugu», onartu zuen atzo Carles Duran RETAbet Bilbao Basketeko entrenatzaileak, Lietuvos Rytasen aurka jokatu bezperan. Eurocupeko aurreneko faseko bigarren itzulia hasi zen bart eta bilbotarrek aspaldiko partez garaipena lortu nahi dute, 20.30etik aurrera Bilbao Arenan jokatuko den partidan.

Estreinako neurketa irabazi ostean jarraian lau porrot jasan ditu talde bizkaitarrak, horietatik hiru etxean. Entrenatzailearen aburuz, «etxeko zorrak kitatzen hasteko» sasoia ere ba omen da. «Eurocupeko porrotek min handia eman digute, baina dagoeneko besoak jaitsiko bagenitu, itzuli oso baten faltan, gure taldeaz horrek ez luke ezer onik adieraziko. Valentziaren aurka itxura ona eman genuen, baina garaipenik gabe, eta gure mundu honetan horrek bakarrik balio du. Eurocupeko zorra kitatu behar dugu eta ziur nago irabaziko dugula, baina gure jokorik onena eginez gero soilik», bota zuen Badalonakoak.

Minutu bakarraren faltan

Axel Hervelle ere Carles Duranen adierazpenekin bat etorri zen. «Valentziaren aurka gauza onak egin genituen, baina minutu bat falta izan zitzaigun partida irabazteko», esan zuen Liejako hegal-pibotak.

«Lanean gogor ari gara, eta sariaren atzetik gabiltza, anbiziorik galdu gabe, nahiz eta porrotak pilatu. Dena ematen jarraituko dugu, datozen neurketak irabazteko modua topatu arte», gaineratu zuen.

Bestetik, Tim Kemptonek Bilbao Basketekin kontratua eten ostean, jakina da bere ordez beste norbait etorriko dela. Noiz eta nor oraindik ezin da jakin, eta, zentzu horretan, Carles Duranek patxada eskatu zuen.

«Ez dut edozein jokalari berri lehenbailehen gugana ekartzerik nahi; nahiago dut lagungarri izango zaigun norbait bilatu. Merkatuan, gaurkoz, halakorik ez balego, aginduetara ditudan hamabiekin konforme nago. Ez dut edonor ekartzerik gura».