GARA
BILBO

Bizkaiko zahar egoitzetan klausula sozialak ezartzeko eskatu dio LABek Aldundiari

370 eguneko grebaren ostean, ELAk eta UGTk akordioa lortu zuten egoitzetako patronalekin. LABek oraingoz ez du sinatu, eta Aldundiari exijitu dio bere pleguetan klausula sozial eta ratio egokiak jaso ditzala.

Adinekoen egoitzen zerbitzua kontzertatzeko plegu edo baldintza agiriak laster aterako ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horren harira, agiri horietan klausula sozialak eta ratio egokiak jaso behar direla aldarrikatu zuen LABek atzo Aldundiaren egoitzaren aurrean eginiko mobilizazioan. Hainbat langilek idatzi bat erregistratu zuten bertan sindikatuaren ekimenez, administrazioak azpikontratatzen dituen zerbitzuetan gutxieneko baldintzak jasoz.

Pasa den urriaren 27an amaitu zen Bizkaiko zahar etxeetako greba, 370 eguneko geldialdiaren ostean, ELA eta UGT sindikatuak patronalarekin akordio batera iritsita. Hitzarmen kolektiborako akordioa sinatu zuten Gesca, Labes eta ELBE patronalekin eta baldintzak modu progresiboan hobetuz joango direla adostu zuten. Soldaten kasuan, esaterako, 2020an 1.200 euro garbi kobratuko dute eta 2018tik 2021era bitartean urteko 20 ordu murriztuko dituztela adostu zuten.

LABek ez zuen sinatu, baina akordioa eta egoera aztertuko zituela iragarri zuen. Atzoko ekimenaren bidez, egoitzak publifikatzeko exijitu dio Aldundiari, ia guztiak pribatizatuta daudela ohartaraziz: «Aldundiaren kudeaketaren menpean dauden egoitzak urriak dira, pribatuak onddoen antzera sortzen diren bitartean».

Hortaz, administrazioak ardura guztiak har ditzala eskatu du LABek, zerbitzuen prestazioa bere gain hartu eta pertsonen ongizateaz arduratuz. Horregatik, atzo erregistraturiko idatzian, sektorearen kalitatearen berme diren klausula sozialak kontzertazio pleguetan sartzeko eskatzen diote Aldundiari. «Pleguek erantzun behar diote pertsonal faltari, lan gainkargari, diru publikoaren kontrola bermatzeari, zerbitzuen enpresa kudeatzaileen mozkinei muga jartzeari, erresidentzietako langileen eta bertan bizi diren pertsonen bizitza kalitatea lehenetsiz», zehaztu zuen LAB sindikatuak.

Ratioak lan zama orekatzeko

Hori betetzeko, garrantzitsutzat jotzen dute sektorearen errealitatearekin bat egiten duten ratioak ezartzea. Beraien esanetan, pertsonal gehiagorekin, funtzio sozialak bete eta arrazoizko lan karga orekatuko bailitzateke. Zerbitzu kalitatezko eta publikoak beharrezkoak direla azpimarratu zuten atzo Bilbon eginiko elkarretaratzean.