Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Mugen atmosferatan jarri ditu oinak Eider Rodriguezek

Irun eta Hendaia, egunerokotasuna eta arroztasuna, emozioak eta arrazoia(k), ni eta zu... Mugen arteko atmosferak arakatzen dituzte Eider Rodriguezek «Bihotz handiegia» argitalpenean batu dituen sei ipuinek. Protagonistek inguruan duten errealitatea usnatzeko eta bizitzeko duten eran inoiz ez bezala sakonduta eraikitako bilduma.

Argitalpen berria aurkeztu behar duen aldiro gertatzen omen zaio: ez daki zer esan, nola azaldu irakurri ez duenari zer irauli zaion sortu berri duen obran. Baina beti aurkitzen ditu hitzak. Eta hala egin zuen atzo ere, Donostian “Bihotz handiegia” (Susa), bere laugarren ipuin liburua aurkeztea egokitu zitzaionean.

Itxuraz loturarik ez duten sei narraziok osatzen dute bilduma, baina badute ezaugarri komun bat: kontakizunek iradokitzen duten atmosfera. «Seiak daude Euskal Herrian kokatuta, Hendaiatik Donostiarako espazioan. Muga oso presente dagoen elementua da, konstante bat da baina ez gai moduan, zeharka dagoen elementua da», azaldu zuen egileak, eta elementu horretatik eratortzen da ipuinek duten arnasa berezia: egunerokotasunaren eta arroztasunaren arteko muga, niaren eta zuaren artekoa, emozioen eta arrazoiaren artekoa... «Mugak arroztasunarekin lotzen ditut nik. Arroztasunaren eta egunerokotasun kotidianoaren arteko talka dago. Eta ez naiz muga geografiko, kultural eta geopolitikoaz bakarrik ari; mugaren zein aldetan gauden, izango gara gu edo bestea. Oso tarte, espazio, denbora txikian gerta daitezke aldaketa hauek. Mugak oso inportanteak dira hurkoari begiratzeko; munstroa erraz ikusten da bestearengan», azaldu zuen.

Muga horietan dabiltza Rodriguezek eraiki dituen pertsonaiak. Higuinaren eta hunkiduraren artekoan, maitasunaren eta gorrotoaren artekoan, bizitzaren eta heriotzaren artekoan. «Sentimenduen, erlazioen arteko mugak ez dira errazak definitzen. Horien artean, tarte txikia egon daiteke. Erreparatu diet tarte estu horiei eta tarteko emozio horiek azaleratzen ahalegindu naiz», zehaztu zuen.

Liburuari izena ematen dion ipuinean, adibidez, hilzorian dagoen senar ohia zaintzea onartuko du Ixabelek, alabak hala eskatuta. «Heriotzatik hain gertu egoteak bizitzan bestela egingo ez zituenak egitera eramango du eta ezagutzen ez zituen sentimenduak dituela konturatuko da», aurreratu zuen, eta maitasunaren mugez hausnartu zuen: «Zenbaterainokoa izan daiteke maitasuna? Zenbat egin ahal du? Zenbat handi izan daiteke bihotza? Noiz da momentua bestela egitera ausartuko ez ginatekeena egiteko?». Galdera horiek korapilatu eta deskorapilatu ditu Rodriguezek narrazioetan, eta emozioaren eta arrazoiaren arteko muga ere arakatu du: «Arrazoia eta emozioa kontrapausoan direnean, izan nahi duguna eta garena bat ez datozenean, zer gertatzen da?».

Marra zuriaren bi aldeetan

Mugak marra zuriak bezala irudikatzen ditu Rodriguezek. Bereizi bezainbat lotzen duten bi aldeen konexio posible bezala. «Bi komunitate, espazio, izateko manera, mundu bereizten ditu baina, paradoxikoki, bereizteko balio duen horrek ez ote du balio betiko juntatzeko? Gorrotoak balio du maite ez duzuna urrun mantentzeko, baina era berean gorrotoaren bidez erakartzen duzu betiko. Diferente diren horiek bereizi ez ezik juntatzeko ere balio dutenez mugetan kontraesan asko juntatzen dira. Eta kontraesan horiei ere erreparatu diet», zehaztu zuen idazle errenteriarrak.

Liburuaren azala Lander Garrok egin dio. Hendaiako hondartzan hartutako irudi bat da, non uretan emakume bat ageri den, buruz behera, itsasotik zerura begira dauden bi hankak soilik bistaratzen zaizkiola. Burua ur azpian du: «Hasieratik nekien hori izango zela azalaren kontzeptua, oso ondo zergatik jakin gabe. Esan nahiko nukeenaren berri ematen du: naturaren erdian giza aletxo bat, hankaz gora, ez dakigu oso ondo zergatik eta zertarako, baina hankekin ere hitz egiten du. Burua ur azpian dauka, baina gorputzak ere hitz egiten du».