Ariane KAMIO
DONOSTIA

Tigreak ehizatuta

«Tigre batekin bizi» poema iraganekoari orainaldiko ilustrazioak erantsi dizkio Harkaitz Canok Maite Gurrutxagaren irudimen oroimendunaz. Poema ilustratuari ateak zabaltzen dizkio euskal irakurleriaren artera, euskal letretan ohikoa ez den formatua plaza aurrean jarriz. Nork bere beldurren mosaikoa duen tigrea poesia narratibizatuan idatzi zuen Canok orain urte batzuk, bizitzaren itzulian sortzen diren izuei eta haiekin batera bizitzeari buruzkoa.

Harkaitz Canok esaten du (Lasarte-Oria, 1975) idazleek gauza absurdo asko egiten dituztela. Esaterako, hegazkin bat hartu, Herbehereetara joan, ipuin bat kontatu, eta etxera itzultzea. Halakorik egin izan du berak “Tigre batekin bizi” poemarekin. Musikarekin egin du alderaketa; disko batzuk denboraren joanean ahaztu egiten dira, baina badira kantu batzuk, urteak pasata ere, bere osotasunean jarraitzen dutenak; dekadentziarik gabe. «Badira poema batzuk gustura irakurtzen dituzunak jendaurrean urteak pasatuta ere. Publiko aldiro desberdin batentzat irakurtzea ITV bat pasatzea bezalakoa da. Ikusten duzu ea narritatzen zaituen edo gustuko izaten jarraitzen duzun. Poema hau beti doa nirekin».

Animalia basatien tradizio literarioan egin zuen geldialdia. Anglosaxoien elefantea gela batean –«elephant in the room»–, esaterako ez dakite egoerari nola aurre egin, baina piztia hortxe dago. Eta tigrea bera. Borges. «Borgesek asko estimatzen zituen. Irribarretsu agertzen den argazki bakanetako batean benetako tigre batekin ageri da. Galdetzen ziotenean ea zergatik atsegin zuen tigrea eta ez lehoia edo gepardoa, erantzuten zuen: ‘Marrak gustatzen zaizkit, orbanak ez’».

Tigrea etxe barrura sartu du Harkaitz Canok, norberaren beldur nagusien ikur. Tigreari aurrez aurre begiratzeko zailtasunak, iheserako joerak, berarekin bizitzera ohitzeko gaitasunak. «Tigre batekin bizi gara, bai; baina ez ditugu elkarren begiak ezagutzen», dio poemak une batez.

Poema ilustratua

Canok azken urteetan berekin eraman duen poema beste formatu batera eraman du Maite Gurrutxagaren (Amezketa, 1983) ilustrazioekin. «Tigrea agertu gabe agertzeko bide bakarra Maitek hautatu duena da. Tigre bati buruz hitz egin eta etxean oihan bat irudikatzen duen oparia», aipatu zuen atzo idazleak lanaren aurkezpenean.

Duela urte eta erdi jaso zuen Gurrutxagak Canoren poema eta harekin batera zihoan ilustrazio proposamena. «Tigreak segituan harrapatu ninduen». Liburu guztiak ez direla berdin sortzen jakitun, idazlearekin izan duen harremana oinarri, “Tigre batekin bizi” ez da salbuespena izan. «Lan ordu asko eskatu dizkit proiektu honek, batez ere hausnartzeko, haria bilatzeko, Harkaitzekin bildu eta prozesua erakusteko». Eta gaineratu zuen: «Poema kontestuan jartzeko eskatu nion Harkaitzi, nondik zetorren kontatu zidan eta hari horri tiraka hasi nintzen lanean».

Gurrutxagak poema metaforikoa ilustratzeko bidea aurkitu beharra izan zuen, eta ez zuen soilik irudimenean habia egin. «Oroimenera jo dut gehienbat. Sinpleki esanda, liburuak sortu dizkidan sentsazioetara».

Ilustratzaile amezketarrak osatu dituen bestelako lanetan idatzizko narrazioari kasu egiten saiatu izan da, eta sortzen dituen irudiekin paraleloan doan bigarren narrazio bisuala osatzen du. Harkaitz Canorekin egindako elkarlanak lanerako beste parametro batzuk zabaltzea ahalbidetu dio, eta kontakizunari baino momentuari kasu gehiago egin beharra ere ekarri du. «Poema orrialde desberdinetan banatu genuen eta orrialde bakoitzeko testuak iradokitzen zidana irudikatzen saiatu naiz. Nolanahi ere, badaude une txiki batzuk ilustrazio batek aurrekoari erreferentzia egiten diona», azaldu du.

Koloreak aukeratzerako orduan, Canok sortutako klimari erantzuten saiatu da Gurrutxaga eta irudi iradokitzaileak sortu ditu, tigrea ikusi gabe ikusaraziz. «(Edward) Hopper margolariaren lana asko gustatzen zait. Paisaia bat marrazten du, pertsonaiarik gabe, baina badakizu atearen atzea, gortinen atzean pertsonaia hor dagoela eta saiatu naiz klima hori sortzen».

Hirigintza plana

Euskal letretara poema ilustratua gerturatu du, hortaz, proposamen berri honek. «Badirudi poema bat gutxiegi dela liburu baterako. Ikuspegi erredukzionista hori. Ematen du hurbiltzen garela liburuetan hirigintza plan batera –aipatu zuen Canok,, hutsuneak betetzeko beharrari erreferentzia eginez–. Eta badira poema batzuk sekuentzia pausatuak behar dituztenak. Zinema sekuentziatua da, komikia ere bai, eta ilustrazioa ere halaxe da. Ez gaude oso ohituak erritmo pausatu hori geureganatzen». Canoren iritziz, irudi bakoitzarekin nobela bat idatziko luke, «exajeratu gabe», geruza desberdinak baitituzte.

Etxe berean bizi diren pertsonek tigrearekiko duten beldurrari egiten dio lekua Canok “Tigre batekin bizi” lanean. Izuetan barrena egindako gerturaketa sotila, ikuspegi metaforiko batetik sortua. Ihesbide bat edo beldurrarekin bizitzen ohitzeko gaitasuna. Bestelako bizimodurik ez dagoen sentsazioa. Testuan Canok lortutakoa ez ezik, sotiltasun berberera iristea ere erdietsi du Gurrutxagak. «Liburu ilustratu batek ondo funtzionatzeko klabea da idazleak ixtear utzi duen ate hori ilustratzaileak gehiago irekitzea. Ilustratzaile onek ez dute istorioa osatzen, baizik bide paraleloak egiten, oihartzunak sortzen, istorioa bera are gehiago zabal dadin».