Beñat Zaldua
Kazetaria
IKUSMIRA

Behean errazagoa da goian ezinezko dirudiena

Gallup eta “New York Times”-en arteko elkarlanak zifra txundigarriak eman ditu. Jendearen hezkuntza eta ideologia datuak gurutzatuz hainbat gai esanguratsuri buruzko jarrerak aztertu dituzte. Emaitzak zoragarriak dira, izaera humanoaren aurrean ezustekoak hartzeko prest daudenentzat behintzat. Izan ere, errepublikanoen eta demokraten iritzien arteko diferentziak hazten doaz hezkuntza maila igo ahala.

Berotze globalaren afera paradigmatikoa da. Gehienez bigarren hezkuntzako tituluak dauzkaten errepublikanoen %23k onartzen dute bere kezka. Goi mailako hezkuntza (masterretik gora) daukatenen artean, portzentajea %8ra jaisten da. Demokraten artean joera kontrakoa da: hezkuntza baxukoen artean %45ek azaltzen dute kezka, masterdunen artean, aldiz, %50ek. Joera nabarmena da: kontsentsu puntutik askoz urrunago gelditzen dira hezkuntza maila altuagoko pertsonak. Berdina gertatzen da, adibidez, abortuarekin, zerga politikarekin edo osasun publikoarekin.

Lelokeria izan daiteke, edo egia zahar bat grafikoen bidez islatzeko modu berria, besterik gabe. Alegia, jende xumearen artean errazagoa izan ohi dela goi mailan ezinezkoa dirudiena. Estatu Batuetan gertatzen da, baina baita Euskal Herrian ere, hala nola (momentuz) egokitu zaigun Estatu espainol honetan. Kasua azalduta, ez al lukete pentsatuko espainiar gehienek Ibon Iparragirrek etxean egon beharko lukeela? Baiezkoan nago. “El Mundo” bezalako egunkari batek bota bazuen espainiarren %57 erreferendum adostu baten alde daudela Katalunian, egin kontu.