Izar MENDIGUREN

Hilerokoa

Hilabete eder bat daukagu aurretik, zenbakiek ez bezate gure mailarik zehaztu». Hala kantatu zuten atzo Sustrai Colinak eta Jon Martinek amaierako agurretan. Ezin adosago nago. Olatua da txapelketa, jendea bustitzeko garaia. Egunaren –edota unearen– arabera zeharo alda liteke pronostikoa; eta jakina, denek iraun nahi dute taula gainean ahalik gehien. Itsaso zabal dira gaiak, ezin jakin nora eramango duten bertsolaria. Hasi da atzera kontua. Nork bere txandan, orekari eutsi nahi dio. Badira irrist egin zein erortzeko beldur gabe, fresko, bizi eta ausart oholtzaratzen direnak. Eta, badira, segurura jotzen dutenak, puntuak biltzera. Olatua zutik eta gainetan hartu, edo urak irentsi; hor dago koska.

Azkenaldiko saioetan nabaria da: txapelketa formatuak mugatu egiten ditu partaide asko. Baita bertsozaleak ere. Bat-batean, denok bihurtzen gara kritikari. Gaiak, bertsolarien jarduna, epaileena... nork ez du nozbait ba kritikatu, sormen lanaren balioa bidean ahaztuta?

Icebergaren punta baino ez da Bertsolari Txapelketa Nagusiko edozein saio. Azpian dago bertso eskoletan, ikastetxeetan, udalekuetan edota herrietan egiten den eguneroko lana. Agerikoa da emakume bertsolarien ahalduntze eskolak utzitako emaitza. Niri behintzat Maialen Lujanbiok Irunen transexualitateari buruz kantatutako bakarkakoak adina poz ematen dit Nerea Ibarzabalek atzo hilerokoa gaitzat hartuta abestutako bertsoaldiak; ikasteko eta irakastekoak ez al dira? Kuleroak gorritu edo ez, ez dadila izan lau urterokoa bertsolaritzaren bizitza, hilerokoa baizik.