Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Hirugarrenean, Nuptseren hego horman bide berria zabaldu dute

Protagonistak Helias Millerioux, Fred Degoulet eta Ben Guigonnet frantziarrak dira. Behin betiko saioa sei egunekoa izan zen, etaeskalada mendebaldeko gailurrean (7.742 m) bukatu zuten. Hormatzar horretan estilo arinean egin den bigarren igoera da.

Le Gang des Moustaches izeneko alpinista-talde frantziarreko hiru kidek orain dela hiru urte Nuptseko hegoaldeko isurian hasitako ibilbidea amaitzea erdietsi dute. Hirugarrenean, bai, “Bigotedunen Banda”-ko kide Helias Millerioux, Ben Guigonnet eta Fred Degoulet-ek saria eskuratu dute.

Hori joan den urriaren 19an izan zen, bost eguneko eskalada burutu ondoren. Gailur nagusia ez zuten patrikara sartu; bai, ordea, mendiaren mendebaldeko tontorra (Nuptse Nup II, 7.742 m). 2015. eta 2016. urteetan eginiko saioetan bezala, azkenengo honetan ere estilo alpinoan igo dute. Beraz, zazpimilako horren hego hormak bigarren aldiz estilo arinean eginiko igoera bat jaso du.

Behin betiko saiorako den-dena neurtuta zuten alpinista frantziarrek. Aurreko bi saioetan jasotako eskarmentuari esker, jakin bazekiten zein bidetik jo. Beraiek onartzen duten bezala, soilik zorte pixka bat behar zuten. Urriko lehenengo egunetan, hirukote frantziarra Cholatse mendian girora egokitu zen. Eta hilaren 14an, goi mailako alpinista askok amesten duten hormatzarrean lehen urratsak egin zituzten.

Lehen kanpalekua 5.950 metroko garaieran altxatu zuten; bigarrena, berriz, 6.581 metrora. Haizeteen ondorioz, gau gogorra jasan eta eskaladaren hirugarren egunean gaua 6.880 metrora igaro zuten. Laugarren kanpalekua 7.013 metrora atondu zuten. Bibak horretara eginiko ibilbide osoa ondo baino hobeto ezagutzen zuten; izan ere, aurreko saioan kota horretara heldu ziren.

Azken 450 metroak, beraz, ezezagunak ziren, baina hirukotea gailurreriara heldu zen inolako eragozpenik gabe. Puntu jakin horretan bosgarren eta azken kanpalekua (7.743 m) antolatu zuten. Urriaren 19an, frantziarrak Nuptse mendiaren mendebaldeko tontorra (7.742 m) lortu eta egun berean bosgarren kanpalekura jaitsi ziren. Hurrengo egunean bigarren kanpalekura heldu ziren, eta nagusian 21ean ziren.

Degouletek adierazi duenez, zorionez, eskaladaren azken egunean eguraldiarekin zortea izan zuten: «Eguraldi aparta egin zigun; zerua urdin-urdin zegoen eta haizerik batere. Alabaina, aurretik sei eguneko lan eskerga egin behar izan genuen. Geure aurrean genuen 2.400 metroko desnibela duen hormatzar erraldoiak izutu egiten du. Aurreko bi ekinaldietan izan genuen eskarmentua lagungarria izan da, laugarren kanpalekuraino ibilbidea oso argi zegoelako. Bigarren gaua gaizki pasatu genuen. Erlaitz egoki bat antolatu ahal izateak bi orduko lana eskatu zigun. Gainera, ia ez genuen lorik egin, haizeteak 70-80 kilometro-ordukoak baitziren. Arestian esan dudan bezala, zorionez, gailur eguna berezia izan zen oso».

Era horretara, Le Gang des Moustaches-eko kideek (guztiak ala guztiak mendi gidariak dira) Nuptse mendiaren hegoaldeko isuriko horma handia (estilo alpinoan) lortu zuten; hots, estilo horretan egin den bigarren igoera izan da. Lehena, berriz, beren kide Stephane Benoistek lortu zuen.

Hain zuzen ere, Degouletek berak azpimarratu nahi izan duenez, Benoist izan zen xede hori egin zezaten burua “berotu” ziena: «Gu gazteak gara, eta Stephanek Himalaian eskarmentu handia du; mendilerro horretan eskalada handiak egin ditu. 2008. urtean, Nuptseren horma nagusi horretan bide bikaina zabaldu zuen; haren lepoan amaitu zena. Estilo alpinoan egin zen lehen eta arrakasta izan zuen lehen igoera izan zen. Ben haren alboan bizi da, eta Stephanek Nuptsen idatzitako istorio guztiak irakurri eta atera zituen argakiak ‘irentsi’ zituen. Hau guztia esanda, argi geratzen da Nuptsen izan dugun helburu hau Benen kontua izan dela».

Aipatu dugun bezala, hirukote hau gaztea da, baina jarduera teknikoetan zaildua da. Hain zuzen ere, Degouletek esan du alpinismo tekniko eta zailek erakartzen dutela: «2014. urtean, Siula Chico-n (6.265 m) ‘Looking for the void’ bidea (M7, WI6, R, 900 m) zabaldu ondoren, argi geneukan prest ginela Nuptseri ekiteko. Geure mugak gainditzea gustuko dugu, eta Nuptsen esperientzia aberasgarria bizi nahi genuen. Hala eta guztiz ere, jakin bagenekien xede gogorra izango zela; izan ere, bere hego horma Grandes Jorassesen bikoitza da. Eta, gainera, tartean garaiera zegoen. Horrek guztiak asko erakartzen gintuen. Aukeratu genuen bidea, zati batzuetan bederen, ez zen batere agerikoa; hau da, ez ginen batere ziur hainbat sekzio gainditzeko gai izango ote ginen. Hori guztia kontuan hartuta, artifizialerako tresneria eraman genuen: 15 iltze, 12 friend, 8 fisurero...».

Alpeetan bezala

Horretaz guztiaz gain, Degouletek onartu du igoera honen gakoetariko bat sena izan dela: «Orain dela bi urte Ben eta Heliasek egin zuten saioan, pareta oso lehor zegoen. Baldintza egokiagoak noiz iritsiko ote ziren bi hilabete zain egon ziren. Iaz, berriz, Helias, Ben, Robin Revest eta laurok beste saio bat egin genuen eta 7.400 metrora heldu ginen. Baina geneukan eskarmentu eskasarengatik eta beste hainbat arazorengatik (estrategikoak, taldekoak, eguraldia...) ez genuen arrakastarik izan. Aurtengo eskaladaren arrakastaren gakoa, berriz, hainbat eitetan oinarritzen da: eskarmentu handiagoa geneukan, prestaketa ere hobea zen, bidea ezagutzen genuen, lana amaitzeko gogo ikaragarria genuen... nire kasuan xede hau obsesio ere bihurtu zen».

Alpinista frantziarrek argi eta garbi zuten Nuptseren hego paretari ekiteko estilo alpinoa erabiltzea ezinbestekoa zela: «Estilo hori mendi bat igotzeko garbiena, agerikoena eta eraginkorrena da. Guretzat erlijio bihurtu da. Oso soila da, besteak beste, soka finkoak, paraboltak, oxigeno botilak, xerpak eta abar alde batera uzten dituzulako. Helburua ahalik eta azkarrena eskalatzea da, eta, horretarako, tresneria pisutsu guztia baztertu behar duzu. Gure kasuan Alpeetan erabiltzen dugun ekipoa eraman genuen. Oso-oso arin joan ginen».

Amaiera aldean, Degouletek onartu du iragan urrian Nuptseren hego horman lortutako arrakastak erabat bete dituela: «Tontorrean ginela den-denok egin genuen negar. Egundoko zama kendu genuen gainetik; izan ere, helburu hori erdiesteko lan eskerga egin dugu. Gailur eguna berezia izan zen oso. Aurrean Everest eta Lhotse genituen; sinestezina izan zen. Baina, era berean, geure buruak jaitsieran kontzentratuta zeuden. Jakin bagenekien luzea eta arriskutsua izango zela. Guretzat izaera honetako xede bat ez da urtean behin izaten dugun ‘ateraldi’ bat. Hori baino askoz ere gehiago da. Erabat kontziente gara patua tentatu dugula, eta era honetako eskalada gehiago egitea suizidio bat izango litzatekeela. Nuptsen kristoren jarduera egin dugu, eta hiru saio horietan etxera onik itzuli gara. Nire kasuan, agian, zortzimilako bat probatuko nuke, baina, hori bai, ‘era seguru’ batean. Horrekin esan nahi dut ez dela halabeharrez muturreko jarduera bat izan behar».