Maider IANTZI
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

SUSTRAI COLINA ETA BEñAT GAZTELUMENDI, SENDO BEC-ERANTZ

AMURRIOKO BERTSOZALEAK, 1.325 OROTARA, GUSTURA AGERI ZIREN. PLAZA EDERRA IZAN ZEN, ZABALA ETA PIXKA BAT FRESKOA. AMAIERAN SUMATU ZEN TENPERATURA IGOTZEN, NEREA IBARZABALEN KARTZELAN.

1.325 lagunek goxatu zuten Amurrioko Bañueta kiroldegiko bertso plaza. Finalaurrekoetako bigarren itzuliari hasiera eman zion saioa ederra izan zen, baina egia aitortuta, arraro samarra ere bai guretzat, kalkulagailua estreinatu baikenuen. Puntara, bigarrengoz 700 punturen marra pasatuz, Sustrai Colina heldu zen, eta berarengandik hurbil, aitzineko saioko puntu berberak pilatuz, Beñat Gaztelumendi (694,5) gelditu zen. Biak pauso sendoz doaz BEC aldera. Ondotik ailegatu zen Jon Maia (681,5). Baina, kalkulagailuak dioenez, kideek zer egiten duten ikusi arte aukerarik baztertu ezin bada ere, zumaiarrak zailago izanen du bidea. Agur esan zuen azken bertsoan. Plazan elkar ikusiko dugula erran eta txalo zaparrada luze eta bero batekin aupatu zuten zaleek.

Laugarren, hagitz langile eta fresko, Nerea Ibarzabal (675,5). Gero, saio on batekin txapelketei agur erranez, Jon Martin (668,5), eta jarraian, kideengandik eta bere aurreko saiotik koska bat beherago, 615 punturekin, Etxahun Lekue.

Dexentetan pasatzen den bezala, kartzelakoan jo zuen goia saioak. Honako gaiari kantatu behar zioten: «Usaina sumatu eta urduri jarri zara». Ibarzabalek 12 urterekin udalekuetan dagoela lehen aldiz hilekoaren usaina hartzen duenaren azalean kantatu zuenean saioa lehertzen sentitu genuen. Hona azkena: «Eguna ia argitzear da berriz dut usaina hartu/ ta baietz laster literakoak apurka-apurka esnatu/ agian hobe begiraleena pixkanaka gerturatu/ eta tanpoi bat eskatu/ mesedez ez hau kontatu/ begira nago orbanari ta nahiz ta hauxe dudan patu/ iruditzen zait ez daukadala honetaz zertan lotsatu».

Askotariko usainak

Usainaren gaiak hagitz istorio desberdinak asmatzeko inspirazioa eman zien sortzaileei. Gaztelumendirena ere dotorea izan zen, aitari alkoholaren hatsa hartzen dion 7 urteko umearen ahotsean abestua. Bigarrenaren bukaera, borobila: «Ama gelara sartu zait eta esan dit isildu arren/ eta nik dena ulertu diot ezer ulertu ez arren».

Eta hirugarrena: «Nik maite ditut nere etxea eta nere ikastola/ baina gogortuz eta gogortuz joan da nire oskola/ gure aitak biok maitatu arren gehio maite du alkohola/ ta pentsatzen det etorkizunak ja ez diola ajola/ nik noizbait norbait maite nahi nuke maitatu bai baina nola/ etxean gauak joan baitira oihuen artean hola/ nik ere aitaren abizena det usaina eta odola/ eta beldur naiz bera izatera kondenatuta nagola».

Colina ere ez zen gibelean gelditu, noizbait tabernan inguratuta musu bat eman eta bizitza plana dantzan jarri zion “dolce gabbana” usaina ekarriz. Hala amaitu zuen: «Gaur pozik nabil seme-alabekin parkean zehar korritzen/ nere iraganak egin nuenak ja ez nau lotsagorritzen/ zure usaiak pizten duena ta iraganean joandako dena nere barrenean hil zen/ bikote baten errutinak nahiz asko ez gaitun maitemintzen/ detaileekin gozatzen dakit gaur hau naiz lehen hura nintzen/ pizti bezatu batzuk gara gu baina saiatu beharra daukagu/ bizitza erabakitzen/ ta erabakiak bizitzen».

Gai berriak txapelketan sartzen ari diren seinale izan zen Gaztelumendiren eta Maiaren hamarreko ttikia. Kuadrilla bereko bi emakume dira. Gaur heldu zaie lehen aldiz mamografia egiteko gutuna. Aterako denaren beldur agertu zen añorgarra, eta zumaiarrak letorkeenari aurre hartzera animatu zuen. «Ez da errexa beti aurretik joaten/ kontsultara joango naiz azkazalak jaten/ biluztasuna ez dut errez eramaten/ bularrak ukitzea kontsulta hotz baten/ zuri horrek ez al dizu lotsarik ematen?», abestu zuen Beñatek, eta Jonek tinko erantzun zion: «Egoera ez zazu horrela konpara/ Mariasun ere joan zen beraz errepara/ gainera jartzen dute alboan izara/ hobeto dezu lotsa albora baten laga/ ez da lotsagarria beharrezkoa da». Azkenean biek elkarrekin kontsultan sartzen eta ateratzen ikusi genituen.

Hamarreko ttikiko perlak

Puntutan egindako bertsoaldiekin batera, hamarreko ttikikoa izan zen atzoko ariketa berria, eta perla gehiago ere utzi zituen. Martin eta Lekue kartzelako funtzionarioak dira. Laneguna amaituta autoan doaz etxerantz elkarrekin. «Hainbat jende galduta minaren naufrago/ ehunka urte behar dutenak igaro/ guk zorrotz egin behar ta gogor zeharo/ sentimendu gabeko jende gehitxo dago/ nik lanbide honetan ezin dut gehiago», onartu zuen oiartzuarrak. Eta «gure lan honek Jon ba zer deko ba txarrik?», galdetu zion larrabetzuarrak.

Hala deskribatu zuen egoera lankideak: «Gaizkilez betetako mikrounibertso/ tatuaturik euren papar eta beso/ dena da zikinkeri arratoi ta eltxo/ nahiz ta kanpoan pasa pare bat unetxo/ pentsatu Etxahun gu re ez al gaude preso?».

Eta Lekueren erantzuna: «Altuegi dekozu baloreen langa/ gure oposaketa hauxe ez al zan ba/ bardin eiten dot gauez eta goizez txanda/ ta desahogatzen naz egia esanda/ txarto dabilenari egurra emanda». Martinen errematea: «Hori sadiko baten satisfazioa/ hemen erakutsi behar da ofizioa/ ta zer egiten dugu piztu sesioa/ preso hartu ametsak eta desioa/ horri deitzen al zaio reinsertzioa».

Bañueta kiroldegia jendez hustu da eta eskuak izoztu baino lehen, hona bertze lan polit bat, Martin eta Gaztelumendiren zortziko ttikiko elkarrizketa, familiako baserria erortzear duten bi anaiaren paperean. «Oraintxe dugu errautsetatik guk bizitzeko aukera/ iragana ta etorkizuna konpon ditzagun batera», ekin zion Jonek. Saiatu arren, ez zuen anaia konbentzitu. Hona Beñaten bertsoa: «Pijo xamarra nauzu eskuak sartzeko lohian/ ta asko jota ipiniko det letxugaren bat balkoian/ zuk egin zazu baserria ta segi gogor arrazoian/ ta bisitan joango natzaizu uzta biltzeko sasoian».