Jon GARMENDIA
Idazlea

Young

Tarteka heltzen zaizkit gaztaroko garaiak gogora, eta zirriborro efimero horietan ene burua kokatzea kostatzen zait. Lehengoa ala oraingoa ote naizen zalantzan galduta. Zerua eta lurra, bizitako denboraren arpegio gozoa. Baina akordatzen naiz kiribildutako kablea zeukan telefonoa hartzen zuen nerabeaz, orduan etxeko telefonora deitzen baitzen; behin RIP eta Kortaturen kontzertu batera joateko proposamena jaso nuela oroitzen dut; Arrasateko gaztetxean zen, eta lagun baten aitak eramango gintuen haraino. Baina nik ere aita telefonoaren ondoan neukan, eskuarearekin prest, eta anaia zaharrenak traktorean beren sarde eta guzti; beraz, «eskerrik asko baina ezin dut, ondo pasa» ahul bat baino ez zitzaidan ahotik atera. Eta baserriko lanak egiten nituen bitartean, inbidia galanta barnean. Gaurdaino iraun didana, bi talde mitiko horiek elkarrekin ikusteko paradarik ez baitut izan. Antzekoa pasatu zitzaidan AC/DC taldearekin urte batzuk berantago, zuzenean ikusteko aukera betiko galduz. Madrilen ikusteko sarrerak neuzkan behin, eta galdu egin zitzaizkidan, eta beste behin Pariserako erosiak neuzkala gaixotu egin nintzen, ospitalera joan beharra izateraino. Urteak ziren Malcolm Youngek taldea utzi zuela, baina orain bere heriotzak atea betiko itxi dit, hala sentitu dut, jada AC/DC berpizteko manerarik ez balego bezala, bera baitzen australiarren arima, Angus eta George anaiekin batera taldearen sortzailea, kantu ezagunenen egilea, nire nerabezaroko jainko txiki, gure belaunaldikoon idolo bat. Horregatik gertatzen da zaila urteen joanean kokatzea, gozamen garaiak ekarri dizkizuten jendearen heriotza kontatzen.