Asier AIESTARAN
PILOTA

Emakumezkoen lau eta erdiko finalistak, erabakita

Elite mailan Leire Etxaniz eta Maider Mendizabal sailkatu dira. Lehen mailan Maite Iriarte eta Eneritz Arriet.

Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak jada erabakita daude. Finalerdiak igandean jokatu zituzten Berrizen eta bertatik irten ziren datorren abenduaren 6an Sopelako pilotalekuan txapelen bila lehian arituko diren lau pilotarien izenak.

Harmailak jendez lepo zirela, lehenik Elite Mailako finalerdiak jokatu ziren, maila nagusikoak, alegia. Aurreneko kanporaketan ez zen kolorerik izan, eta Leire Etxaniz etxebarritarrak 18-3 menderatu zuen Leire Garai gasteiztarra. Pilotari bizkaitarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta aise lortu zuen finalerako lehen txartela.

Bigarren finalerdia askoz parekatuagoa izan zen. Partida erdia ongi pasatu arte markagailua nahiko berdinduta joan zen, baina bigarren erdian Maider Mendizabal anoetarrak Maddi Mendizabal zaldibiarrak baino eskarmentu handiagoa erakutsi zuen, 18-10 irabazteko.

«Ni pilotari diesela naiz», onartu zuen Maider Mendizabalek ETBko kameren aurrean partida amaitu berritan. «Abiadura handiegian hasiz gero, banekien ezingo niola erritmoari eutsi eta halaxe jokatzen saiatu naiz. Alde horretatik, ez naiz urduri ipini eta banekien partida aurrera joan ahala irabazteko aukerak izango nituela», gehitu zuen paletan garaipen-zerrenda amaigabea duen gipuzkoarrak.

Ondoren, Lehen Mailako finalerdien txanda iritsi zen, ustez maila apalxeagoko pilotariak biltzen dituena, eta hor alderantzizkoa gertatu zen: aurreneko kanporaketa nahiko borrokatua atera zen eta bigarrena, berriz, batere parekotasunik gabea.

Aurreneko neurketan Azpeitiko bi pilotarik jokatu zuten elkarren aurka: Maite Iriartek eta Oihana Orbegozok. Batera entrenatzeak ematen duen informazioagatik edo, borroka estua izan zuten bien artean, baina azkenean garaipena Iriartek eskuratu zuen.

Bigarren kanporaketan, aldiz, Eneritz Arrieta azkoitiarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta ez zion inolako aukerarik eman Iratxe Ibarra markinarrari. Arrietak sekulako kolpea duela erakutsi zuen eta 18-2 menderatu zuen frontisetik oso urrun ibili behar izan zuen bizkaitarra.

«Hasieratik esaten nuen Eneritzek Elite Mailan jokatzeko gaitasuna duela soberan, eta arriskatuko nintzateke esatera Elite Mailan ere finalerdietan sartzeko baietz», aipatu zuen Ibarrak, aurkariak emandako maila azpimarratuz.