Patxi GAZTELUMENDI
DURANGO
52. DURANGOKO AZOKA

400 nobedade eta 200 ekitalditik gora zain, Sormenaren Lurraldean

Letra kontuak eta kultur sorkuntzak aurkezteko ekitaldian, zenbakiak nagusi: 129 argitaletxe, diskoetxe eta elkarte, 240 stand, 400 nobedade eta ehunka ekitaldi. 30 sortzaileren aldamenean –soilik 6 emakume– gune ezberdinetako egitarauaren aurkezpenak kultur sorkuntzaren egoera adierazten du, baita grafikoki ere.

Sormenaren Lurraldea izango da beste behin Durangoko Azoka. Plateruena kafe antzokiko agerraldian, Azoka bera aurkezteaz gain alor ezberdinetako plazen berri eman zuten Gerediagarekin elkarlanean aritzen diren egitasmoek. Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea, Plateruena, Szenatokia, Gogoetaren plaza, Kabi@ eta Azoka telebistak aurten ere eskaini asmo dutenaren berri eman zuten. Aldamenean aurtengo berrikuntzen egile eta sortzaileak izan zituzten. Kafe antzokian lehenbizi eta oraindik hutsik dagoen Landako gunean egin zuten agerraldia.

Azken 25 urteotan eman duten Argizaiola sariak etena izango du aurtengoan, eta hausnarketa baten ostean, aurrerantzean kultur sorkuntzarako beka bat eskaintzea erabaki du Durangoko Azokak. «Omentzetik ereitera» pasatuko da Gerediaga elkartea, Nere Mujikak adierazi zuenez. «Hartzeaz eta eskertzeaz gain, guk ere eman nahi dugu, gure hazia erein nahi dugu», zehaztu zuen Gerediagako arduradunak.

Ahotsenearen 10. urteurreneko ekitaldiaz eta ohiko aurkezpenez gain, Azokaren inguruan –700 metroan eta toki batetik bestera 5 minutuko aldean– ekitaldi asko izango dira liburu eta diskoen abaroan. Plateruena antzokian gauero kontzertuak egongo dira. Haurrentzako Saguganbaran haurrek eta familiek kulturaz gozatzeko gunea izango dute; film laburrak eta dokumentalak Irudienean; “Handia” efektuari buruzko mahai-ingurua; mugaren sorkuntzaren inguruko mahai-ingurua Gogoeta gunean; Wikipediari edo bideo jokoei buruz Kabian; Lauaxeta eta Lorcari buruzko antzezlana Szenatokiaren programazioan. Ez aspertzeko beste ekitaldi, asteazkenetik igandera bitartean.

646.000 euroko aurrekontua izango du Azoka honek. Laguntza instituzionalak berdin mantendu badira ere, publizitatean eta laguntza pribatuen arloan murriztu egin da eta ondorioz antolatzaileek %4 txikitu dute beren aurrekontua. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko eledunak adierazi zuen Durangon inbertitzen den euro bakoitzak 10 ekartzen dituela bueltan. Herria eta eskualdea horren lekuko.

Egitarau osoa www.durangokoazoka.eus helbidean.

 

Ahotsenea bere 10. urteurrenera iritsi da eta hazten jarraitzen du

«Badago zer ospatu» esanez Ahotseneko arduradun Lutxo Egiak laburbildu zuen Ahotsenearen 10. urteurreneko egitaraua. «Tamainan eta egituran izugarri hazi da» Ahotsenea Bilboko idazlearen aburuz, eta aurten ere Azokaren aldameneko gunea «bisitariekin gure lanak partekatzeko toki bat» izango dela aurreratu zuen. Durangoko Azokari «kultur sistema osoaren ardatz izaera» aitortuz, betiere. Aurten ere, 70 musikari eta taldek beren lanak aurkeztuko dituzte Ahotsenearen kontzertu karpan; eta solasaldi formatu ezberdinetan egingo dira beste 55 jendaurreko agerpen. Idazleak eta liburuak gehienbat, baina musikari batzuk ere solasaldia hautatu dute lanen aurkezpenerako. Ahotseneko gunean gainera, errezitalak, emanaldi artistikoak eta performanceak ere izango dira abenduaren 6tik 10ra bitartean.P.G.