Ariane KAMIO
DONOSTIA

Habe arrakalatuak

Bilduma bat egiteko nahitik hasi da eraikitzen Alaine Agirre Txandaka saileko lehenengo bi eleberriak. Nobela labur antzekoan egin ditu «Maren» eta «Libe», sail koral batetik arrantzatutako pertsonaia bi. Unibertsitate giroan osatutako istorioak sortu ditu, eguneroko ikuspuntuaren gainetik ernatzen diren arrakaletan sakonduz.

Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) azken hilabeteetan egindako lanekiko distantzia hartu du –“Txoriak etortzen ez diren lekua” eta “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”–, nobela laburragoetara jo eta gazteen ikuspunturaino gehiago gerturatzeko. Ez da adina, ordea, faktore determinantea Txandaka sail abiatu berriaren katalogazioan. «Guztiek irakurtzeko modukoak dira, eta nork bere irakurketa egitea gustatuko litzaidake».

Momentu jakin batean pertsonaia jakin batzuetara gerturatu da idazle bermeotarra “Maren” eta “Libe” eleberriekin. «Bilduma bat egin nahi nuen. Eleberri batzuk idatzi nahi nituen, baina ez nuen nahi eleberri guztiak leku edo momentu berberetik kontatu. Pertsonaia batzuk nituen buruan, baina argi neukana da ezin niola bati eman protagonismoa eta horren arabera hierarkia bat sortu, beti estatiko, beti berdin mantenduko zena. Ez nuen nahi istorio bakar bat kontatu, baina ezta ere istorio bat baino gehiago baina modu berean idatzi».

Idazten hasi zenean bazuen Agirrek pertsonaien garapenerako planifikazio bat, baina bere aurreikuspen literario guztiak goitik behera erori zaizkio idazketa prozesuan. «Idazle modura edo pertsonaia hauen arotza naizen horretan, momentu hori ikaraz bizi izan nuen hasieran: erdi-planifikatuta neukan guztia gainera erori zitzaidanean. Baina orduan konturatu nintzen alferrik zela horren kontra borrokatzea. Eta horretaz ohartu nintzen istantean benetako zirrara sentitu nuen: pertsonaiak eurak hasi baitzitzaizkidan kontatzen beren istorioa».

Unibertsitateko ikasleen giroaren bueltan sortu ditu Alaine Agirrek bere pertsonaiak, Maren eta Libe, lehenengoak. Maitasuna, zaletasunak, lagunak, ikasketak, nork bere burua ezagutzeko beharra... Hainbat gairen itzulian osatu dizkiote Agirreri bere pertsonaiek eleberrietako argumentuak. Eta dinamismo baten barruan kokatu ditu. «Pertsonaiak hazten ikusi nahi nituen: zalantzak eta sinesmenetan ez sinesten hastea eta pertsonaia bakoitzaren izaeraren zutabeetan arrakalak eta norberaren bidea deskubritzeko zein jarraitzeko gogoa eta indarra batzuetan eta ahuldadeak besteetan eta gehienbat, ‘nor naiz’ pentsatze hori, ‘nor izan naiz’ jakitea, eta batez ere, ‘nor izan nahi dut’».

Gazteen geruzara gerturatu da idazle bermeotarra bere lan berrian, giro horretan aritzeak lana erraztu diolakoan. Bizitza mugimenduan ikusten duenaren aitor da, eta fikzio horretako pertsonaiak dinamismo horretan txertatu nahi izan ditu. «Uste dut ez zuela inportako bilduma honetako pertsonaia zentralenak nagusiagoak izan balira, batek 50 urte eta besteak 27 eta besteak 72 eta besteak 15 izan balituzte. Baina iruditzen zait sozialki edo oro har ‘gazteei’ bakarrik ematen diegula hazkuntza hori egiteko zilegitasuna eta eskubidea, eta, apur bat horregatik erabaki nuen pertsonaia inportanteenak 16-20 urte ingurukoak izatea gutxi gorabehera, kontakizunaren hasieran behintzat». Txandaka bildumako lehenengo liburuko protagonista da Maren, eta izen berberaz egin du eleberriaren titulua. «Itxura batean, maitasun istorio baten kontakizuna da eta halakotzat irakur liteke. Baina maitasun istorio horren bidez bere burua ezagutzera iritsiko da; iraganera, etxera, inertziara lotzen duten kateak apurtzera iritsiko da».

Bigarren alearekin formula errepikatu du. Libe, protagonista eta nobelaren izenburua. Maitasuna bizitzeko modu desberdinak talkan jarri ditu Agirrek. «Norbere buruarekiko, norbere ideia eta sentimenduekiko fideltasuna batetik, eta ondoan daukagunarekiko konpromisoa bestetik. Horiek ulertzeko era desberdinak, eta hor sortzen diren kontraesanak».

Bildumako lehenengo bi aleak argitaratuta, hirugarrenarekin lanean ari da. Oier izango du protagonista. «Oier da tipo konprometitu bat, kanpora begira bizi dena, han eta hemen militatzen duena, honen alde eta bestearen kontra, ideologia eta diskurtso garatu bat dituena, eta badirudi ideiak argi dituela... baina derrepente sentitzen du arrakala bat irekitzen zaiola, nonbait, amak esaten dionean urtebeteko bizitza geratzen zaiola». Agirrek ez du atea hor ixten, badu oraindik jario gehiago datozenetarako; «buruan ditudanak eta oraindik nik neuk ere ezagutzen ez ditudanak».