Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Leader Euskal Mendialdeak bultzaturik, elkarrekin mugitzeko egitasmoa plazan

Lehiaketaren lehenengo edizio honen karietara irabazi asmorik gabeko 61 bat eragilek landa eremuko tokiko garapena eta belaunaldien arteko elkartasuna bultzatzea xede duten proiektuak aurkeztu dituzte.

Garapen apala duten lurraldeetara eta bereziki landa eremuetara begira sorturiko egitasmoa da Leader Euskal Mendialdea. Haren eskutik, proposamen berria eman du plantan Euskal Elkargoak. Elgarrekin Mugitu Plazara da ekimenaren izenburua, eta sari baten bitartez «gizarte lotura birsortzeko helburu duten tokiko ekimenen dinamika agerian utzi eta sustatu» nahi dute bere bultzatzaileek.

Abiatzea «arrakasta handiz» gertatu dela nabarmendu dute lehiaketaren antolatzaileek. 2016ko urrian hasi eta iragan hilabetea bitartean zabalik izan zen izena emateko epea itxita, 61 hautagaitza baieztatuak izan direla jakitera eman dute Elkargoko iturriek. Zubero eta Garazi-Baigorritik heldu da proiektu kopururik handiena (19) eta beste 11 egitasmok Hazparneko eskualdean dute jatorria.

Landa eremuetako eta biztanle kopuru murritza duten herrietako garapena eta gizarte eredua berritzeko xedez lan egiten duten eragileek ahal zituzten proiektuak aurkeztu. Betiere aintzat harturik, sari berezi honen bidez irabazi asmorik gabeko ekimenak nabarmendu nahi dituztela.

Gehienetan elkarteek igorri dituzte hautagaitzak. Orotara 46 elkartek aurkeztu dituzte egitasmoak. Horretaz gain, mendekotasun maila handia duten adinekoak artatzen dituzten EHPAD izeneko sei egitura eta lau eskola ere atzeman daitezke lehiakideen artean.

Askotariko egitasmoak jaso dituzte antolatzaileek: hamalau kultur ekimen, laborantza alorreko hamar egitasmo, lurraldearen garapen ekonomikoa xede duten zazpi proiektu, eta kirola, osasuna, gazteria, etxebizitza edota elbarritasuna ardatz duten beste 30 bat proiektu. Epaimahai batek erabakiko du zein den irabazlea. Era berean, bozketa elektronikoaren bidez herritarrek hautaketan parte hartzeko aukera zabalik da (www.initiatives-plazara.eus).

Euskal Elkargoa, lurraldeko asmoak hauspotu nahian

Estatu frantsesean berrikuntza eta asmo handiak dituzten lurraldeak nabarmentzen dituen saria eskuratzeko nahikeria du Euskal Elkargoak. Horretarako, Mixel Etchebest Garapena eta Laborantza alorreko arduradunaren bultzadapean, hautagaitza aurkeztu du Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen duen erakundeak. Udaran eginiko lehendabiziko aukeraketa gainditu ostean frantses Estatuko beste 40 bat egitasmorekin lehiatuko da aurki Ipar Euskal Herria.

Ondoko asteotan Elkargoko ordezkariak Parisera abiatuko dira hautagaitza defendatzeko. Abenduan burutzekoa den bigarren sailkapena gainditzea «balentria litzatekeela» aitortu dute, proba horren ostean hogei bat proiektu baino ez baitira lehian geldituko.

Ataka horretatik onik ateraz gero, «urtebete izanen dugu gure egitasmoa hobetzeko, 2018ko hondarrean deliberatuko dutelako zein den 50 milioiko saria eskuratuko duen egitasmoa», gaineratu du Mixel Etchebestek. M.U.B.