Ariane KAMIO
DONOSTIA

Sare bat izotzetan

Xabier Leteren obra antologia batean bildu du Koldo Izagirrek «Elurra ikusi dut» deritzan argitalpenean. Idazle, musikari eta kantari oiartzuarraren emaria korronte bakarrerako bidean jarri du, kezka izan zituen heriotzaren eta izaera ezkorraren urratsetan bilduta. Asmo kronologikodun sarea osatu du Izagirrek, maluta desberdineko paisaia izoztuan.

Bere heriotzatik zazpi urte betetzear direla eman da argitara Xabier Leteren (Oiartzun, 1944- Donostia, 2010) obraren antologia, “Elurra ikusi dut” (Elkar), asmoa lehenagokoa bada ere, Lete zendu aurrekoa. «Susarekin proiektu handi batean sartu nintzen, 40 kaiera egitekoa –idazle garaikideen antologiak–. Guztiz promozionala zen asmoa. Eta noski, Leterengana jo nuen. Gaixorik zegoen. Ez nekien. Eta ezezkoa eman zidan. Ez zen ezezko pertsonal bat izan. Eskutitz batean esan zidan ez zegoela konforme bere lanarekin eta bere obra osoa argitaratzeko eskaintza jaso zuela, baina hari ere ezezkoa eman ziola». Gutxira jaso zuen Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) Leteren antologia egiteko Elkarretik gonbidapena. «Hilberria zen. Eta Letek ezetza eman zidanez, nik ere ezetza eman nion argitaletxeari, desautorizatuta banengo bezala». Urteak pasatuta, eta Xabier Mendiguren editorearen insistentziari batuta, Izagirrek onartu egin du gonbita. «Pentsatu izan dut zorretan nengoela». “Elurra ikusi dut” argitalpenarekin xahutu ditu kitatu beharrekoak.

«Nire bizia antolatzen eta desbideratzen lagundu zidan autoreetako bat izan zen». Lete kantari, musikari eta poeta. Bere buruarekin gatazkan zegoen sortzailea, «egindako poemez damutzeraino». Antzerkigintzarekin, musikagintza eta kantagintzarekin eta literaturarekin harilkatuta bizi izan zen Xabier Lete, «autore berezi bat». Eta bere ibilbidean esparru desberdinetan idatzitakoak batu ditu Izagirrek, 60-70eko hamarkadetako kantu esanguratsuenetatik abiatu eta “Egunsentiaren esku izoztuak” (Pamiela, 2008) azken poema bildumaraino. «Lehenengo lana irakurketa analitiko baten metodologia ezartzea izan da. Xeheki irakurtzera behartu ninduen, poemen interpretazioa egiteko bidea zabalduz. Ez dut Xabier Lete literaturaren historian kokatu, gauza mordoa baitago egiteko; bere mundua ikertu dut». Bere laborategian sartu da Izagirre Leteren ondarearekin, eta bere obraren alde egin du «jarrera kritikoa alboratu gabe».

Antologiaren atarian liburuari buruzko testu bat osatu du Izagirrek aurkezpen gisa, justifikazio bat. Eta jarraian Leteri buruzko kronologia sintetizatu baina osatu bat. Hirugarrenean dator antologia bera, denboran ordenatuta, garai bakoitzari dagozkion letra eta poemak. Irakurketa kronologiko baterako bidea zabaltzen du, de facto, Izagirreren proposamenak, baina ez da bakarra. Antologiaren ardura hartu duen idazleak sare bat osatu du poema guztien artean, batetik besterako trazua marraztuz, antzekotasunak edo kezka bertsuak irudi antzekoz batzen dituzten poemak katigatuz. «Sare bat paperean».

Antologiaren izaera dialektikoari aldarri egin dio Izagirrek. «Leterengan oso garrantzitsua da kezka existentziala, beraz, heriotza. Eta horrek errepresentazio desberdinak ditu bere obran, bai irudi aldetik, baita kontestualizazioari dagokionez ere. Egin dezake aldarri bat eta garai berean esan alferrikakoa dela. Gorabeherak ditu eta kontraesankorra da, zorionez».

Obran zehar

Izagirrek berregindako bideak zorioneko aurkikuntzak eta ez hain punta alegerak eman dizkio. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan argitaratuak izan ziren modutik desberdinduak ziren letra batzuk topatu zituen, esaterako. Eta bere hizkera errespetatzen saiatu da ahal izan duen gehienean, batez ere hasierako poemetan.

Badira urte pare bat Leteren senide batek Gipuzkoako Ogasunarekin zeukan zor bat kitatzeko bere funtsa Aldundiaren esku utzi zuela. Koldo Mitxelenan dago artxibatuta. Bertan kontsulta egiteko eskabidea bete zuen Izagirrek, baina atzo arte –kasualitatez– ez du berririk izan. Eta horren berri ematen du antologiaren azken orrialdean. «Kultur zuzendariaren deia jaso dut gaur, barkamena eskatuz. Eta bere desenkusak onartzen ditut. Harrera ona egin zidan pasa den uztailean eta ez dakit zer gertatu den». Publikoaren ahotsetik irten zen Jose Anjel Irigaray idazle, editore eta Pamiela-kidea. Antza, Letek erdi osatua leukake hil aurretik “Herbestea” –«‘h’z aldarrikatzen zuen berak»– poema bilduma, agian funts horretan legokeena, edo, akaso, «bestherri» batean.