Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Intermezzo

Tapiak gitarra hartu zuenetik baino bake gutxiago dago etxe honetan. Arropa honek suabizante gehiago behar du Montoiaren azkenak baino. Xabi San Sebastianena eginda irabazi zuen etapa tourrean (bizikleta gainean okertu eta gerriari ongi eraginda). Gehiago maite du gozoa Mugaldekoek countrya baino (hortik atera kontuak). Igor Arzuagarena egin zuen, orduan ere (zintzoegia izan zen). Martxa honetan, Balerdi Balerdi bat bihurtuko da (ezohikoa, iraunkorra). Ekarri al duzu, zuloak egin ahal izateko, Pelaxen gitarra elektrikoa? (taladroa). Jexuxmairen Levisak baino plaza gehiago ezagutzen ditu.

Miren Narbaiza baino hiperaktiboagoa zara (ez du zertan txarra izan). Kontuz, Joseba Irazoki baino saltsa gehiagotan zabiltza (ez daukazu, kasik, arnas hartzeko astirik). Zuzendu bidea, Joseba Baleztenaren patillak baino rockeroagoa bihurtzen ari zara. Beldur da ez ote den Oso Fanekoak baino donostiarragoa (ez dago bizitza honetan hain fina izaterik). Ez du merezi inorengatik Albokaren itzulera adina itxarotea (ala bai?). Hurrengoan, egin Javier Muguruza bat (ez etsi).

Esaera zaharrak disko berriei jarriak, ala gurasoek seme-alabak ohartarazteko erabiltzeko moduko esakuneak. Askorako ematen baitu musikarien jardunak, eta, barkatu, hona azkena; harriduraz galdetu zion; euskal musikaria zara? (Zer demonio egiten du astronauta batek nire sukaldean?). Asko, bueno, pixka bat, maite zaituztet, ia-ia guztiak.