Ariane KAMIO
ZUBIETA
HIRU HAMARKADA PAILAZOGINTZAN

Arrautzak puskatzen segitu dute

Hiru hamarkada bete dira gaur egungo Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen aurrekariak abiatu zirenetik. Izen eta protagonista desberdinak zituzten orduan, bat izan ezik, Joxe Mari Agirretxe. Lasarte-Oriako euskararen aldeko jaialdietan parte hartzen eman zituzten lehenengo urratsak, euskara kalera ateratzeko lanean. Garapen handia izan dute azken hogeita hamar urteetan eta taldea asko hazi da. Berbera da, baina, haien ekintzailetasuna.

Esketxa amaitzen duenean sudur gorria kendu eta bere pertsonatik hizketan hasten dela esaten du Joxe Mari Agirretxek (Lasarte-Oria, 1964) eta Aiora Zulaikari (Lasarte-Oria, 1975) bere puntta gorria sudurrean ondo itsatsita eramatea leporatzen dio –«ileko gantxo eta guzti lotuta»– hitz jario laburragokoa dela iradokiz. «Nik zapatak eta galtzerdiak ere kentzen ditut!». Pirritx eta Porrotxen hezur eta mami dira biak aspaldion, Mertxe Rodriguezekin (Lasarte-Oria, 1968) batera (Marimotots). Euskal Herriko haur gehienak jarraitzaile dituzte eta erreferentzia bihurtu dira haien artean ez ezik, guraso inguruetan ere. Baina erreferentzialtasuna ez zaie egun batetik bestera iritsi. Gaur egunera arte hogeita hamar urte eman ditu lanean pailazo talde honek eta bidean eraldaketa ugari jasan ditu, taldekideetatik hasi eta pailazoen izenetaraino.

80ko hamarkadaren hasieraraino egin behar da atzera aurrekarietara iristeko. Olentzeroren jaialdi bat ospatzen hasi ziren Joxe Mari Agirretxe eta Agustin Mujika, gerora Takolo bezala ezagutu izan dena. «Ekintzaileak ginen eta aktibismoa egiten genuen. Autobusen letreroak, kale izendegiak… batez ere ikusi egiten ziren gauzak euskaraz ikusarazi nahi genituen. Ni magisteritza ikasten ari nintzen, Takolo irakasle lanetan ari zen orduan Garaikoetxea eskolan A ereduan. Lasarte-Oriako haurren %80k ez zekiten euskaraz, asignatura hutsa zen haientzat, ez etxean ez kalean ez zuten haren berririk. Eta otu zitzaigun umeekin zerbait egiten hastea». Olentzeroz jantzitako gazte bat eta gitarra jotzen zekien baserritarra. Hura izan zen haien lehenengo proposamena. Gerora pailazoz janztea erabaki zuten eta 1987an abiatu ziren umeenganako hurreraketa euskaldun berriaren saiakeran. Imanol Urbietaren lauzpabost kantu grabatu eta haurrekin abestearekin batera, pailazo klasikoen irudi eta antzerki formak jarraitu zituzten hastapen haietan. «Traje luze batzuk egin genituen Groseko Angelita dendan, pailazoei ikusten genizkien estilokoak, kamisoi modukoak. Orduko gure pailazoak Gabi, Fofo eta Miliki ziren. Txirri, Mirri eta Txiribiton hasiak zeuden ordurako baina ikastola giroan. Gu ginen nazionaletakoak. Telebistan haiek ikusten genituen eta haiei begira esketx klasikoak eginez, loturarik gabeak, hasi ginen Olentzeroren jaialdian lehenbizi, euskararen beste jaialdi batean gero, ustekabeko bide batean, asko pentsatu gabe, saioak hasi aurretik patxaran kopatxo bat hartuta, prestakuntzarik gabe eta benga!».

Artean 11 urteko haurra zen Zulaika. «Akordatzen naiz ‘Baietz 40 ordu euskaraz’ maratoian nola parte hartu zuten’». «Aiora izan genuen gure aurrean, begira, txistua eta danbolina eskuan hartuta, txistulari taldean zegoelako». Baina orduan ume zenak urte gutxi barru izango zuen haiekin batera oholtzan aritzeko aukera.

Bitarte horretan, Agustin Mujikak, Patxi Sanzek eta Joxe Mari Agirretxek osatu zuten hasierako hirukoa. Takolo, Pirrutx eta Porrotx ziren. Esketx klasikoak, elkarren artean loturarik ez zutenak, eta ildo berean sortzen zihoazen kantuak. «Haurrei gustatzen zitzaizkien gauzei buruz kantatzen genuen. Zer gustatzen zaie haurrei?, galdetzen genuen. Agian izozki bati egiten genion abesti bat –‘bola bat, bola bi, txokolate marrubi’–, eta beste bat pinguino bati. Ez zuten loturarik elkarren artean».

Pailazogintzan hasi eta bost urtera grabatu zuten beraien lehenengo diskoa, “Hau umorea!”, gehienbat Imanol Urbietaren kantuetan oinarritutako diskoa. «Beti izan dira erreferente bat guretzat herrigintza eta Imanol Urbieta. Disko horrekin hasi ginen etxeetan eta kotxeetan sartzen eta gure asmoa zabaltzen».

Bazuten arrautzekin egiten zuten esketx bat. «Malabarismoa egiten genuen egositako arrautza batekin. Artean ez genekien plastikozkoak saltzen zituztenik! Takolo olio bila joaten zen patata tortilla egiteko; beste bi pailazoak agertokian geratzen ginen eta...». «Eta rebueltoa egiten zuten!», esan du gainetik Zulaikak. «Behin, Areson, Takoloren tortillarako arrautzarik gabe geratu ginelako larrituta, haur bat etxera joan eta dozena batekin itzuli zen ikuskizunera. Bere etxean txuleta jaten amaitu genuen! Orduan konturatu ginen erreferentzia bat ginela, haurrek etxeetan arrautzak puskatzen zituztela», esan du ironiaz baina ziurtasunez Agirretxek.

Norabide aldaketa

Asko pentsatu gabekoa izan zen Sanz, Mujika eta Agirretxeren hasierako asmoa, baina hastapeneko pauso haiek jarraikortasunerako izaera hartu zuten berehala. Patxi Sanzek taldea utzi zuen 90eko hamarkadaren erdialdean eta Oihana Beristain zaldibiarra izan zen ordezko. «Argi ikusten genuen emakume baten pertsonaia behar genuela». Pirrutx Pirritx bilakatu zen orduan. Baina pailazo berriak ere gutxi iraungo zuen taldean, atzerrian ikasketak abiatzeko asmoa baitzeukan. Ordurako Aiora Zulaikak bigarren mailako paperak eginak zituen taldearekin eta berarengan ikusi zuten hutsunea betetzeko aukera. «‘Neska motz hau...’, pentsatu genuen».

Baina Zulaikaren asmoak bestelakoak ziren. Arte Ederretako lizentziatura amaitzear, Erasmus bekarekin Birminghamera joateko erabakia hartua zuen. «Hara joan nahi nuen bai ala bai. Azken urteko ikasgai batzuk ere aurreratu nituen laugarren mailan. Baina ez zidaten bekarik eman». Gogaituta, ikasketak amaitu eta bizitza beste norabideetara begira jartzea erabaki zuen. Baina gauzak zer diren, pailazoen deia jaso zuen Pirritxen azalean jartzeko proposamena luzatuz. Biharamunean, unibertsitateko deia: Birminghamera ez, baina Portugalera joateko beka berea izango zuen nahi izanez gero. Beranduegi zen. Hogei urte pasatu dira harrezkero.

Pailazoen bilakaera aldaketa prozesuan sartua zen. Taldekideen aldaketez gain, sorkuntza filosofia ere desberdina izango zen aurrerantzean. Eta inguruan zituzten gaiak sormen iturri gisa erabiltzen hasi ziren. 2001ean Nikaraguara egindako bidaia mugarrien artean da pailazoen ibilbidean. Handik itzulitakoan aurkeztu zuten “Aupa Kintxo!” proiektua eta haren atzetik etorri dira gizarte gaiei hertsiki lotuta egon diren egitasmo berriak. Homosexualitatea, familia ereduak, ijitoen kolektiboarekiko gerturaketa, minbizidun haurrak... Bide horretan hirukotea bikote bihurtu zen. Agustin Mujikak 2004ko irailaren 18an eskaini zuen bere azken emanaldia pailazoekin. Denbora gutxi egin zuten bikote moduan Zulaikak eta Agirretxek. 2005ean Mari Mototsen pertsonaia txertatu zuten “Maite Zaitut” ikuskizunean. Mertxe Rodriguez ez zen berria taldean, haiekin denbora luzea zeraman lanean beste paper batzuetan. Ordutik, baina, taldea hirukote bihurtu zen berriro eta ikuskizun guztietako pertsonaia finko bilakatu zen. Handik aurrera etorri ziren “Marimotots” (2006-2007) eta “Eskerrik asko!” (2007-2008). Gai sozialez harago, bizipen pertsonalak ere proiektuetako erdigune izan dituzte pailazoek beren ibilbidean. Zulaika bikiez haurdun geratu zenean sortu zituzten, esaterako, Pupu eta Lore, eta haiekin egin zuten sorkuntza berria. Bikiekin batera loratu zen Irrien Lagunak elkartea, beste elkarte batzuekin elkarlanean sortutako egitasmoa.

Azken urteetan “Zazpikoloroa” (2011-2012), “Sentitu, pentsatu, ekin!” (2012-2013), “Bizipoza” (2013-2014), “Txo MikMak txikia” (2014-2015), “Amalur” (2015-2016) eta “Tipi-Tapa Korrika!” (2016-2017) lanak osatu dituzte. Azkena, orain egun gutxi aurkeztua, “Borobilean”.

«Herrigintzan jaio ginen ‘Lasarte-Oria berreuskaldundu dezagun’ talde hartan, eta orain hogeita hamar urte pasatu direnean, herrigintzatik jarraitzen dugu edaten. Oso pegatuta gaude gure herriari eta gure herriak dituen bizipenei. Hortik edaten jarraitzen dugu». Baina ez bakarka, orain, elkarlanari zor dioten familia baten baitan.

 

«Nork agintzen du?», borobilean eztabaidatzeko kezkak

Ikasturte berria abiatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek lanari ekin diote. Diskoa, liburuak eta ikuskizuna ondu dituzte. Eta azken urteetako filosofiari jarraiki, lanak elkarlan izaten jarraitzen du. “Borobilean” da proiektu berria biribiltzen duen izenburua. Pailazoen ibilbidearen 30. urteurrenari erreferentzia zuzenak daude, baita beste hainbatetan bidelagun izan duten Bonberenea Tolosako gaztetxeari ere (haiek 20 urte bete dituzte autogestioa oinarri hartuta bidea egiten).

Uxue Alberdik egindako ipuin bilduma da egitasmoaren makuluetako bat, “Nork agintzen du?” galderaren erantzun bila doazen idatzizko lanak. Eta harekin batera dator disko berria, proiektuari izena ematen diona. «Orain artekoarekin konparatuta disko desberdina da. Borobilean eseri gara gaztetxeko suaren bueltan, elkarren pozak, minak, beharrak, grinak, ideiak, iritziak... ikusiz garretan. Su horretatik piztu ditugu ekimen eta sormen lanak guztion artean. Entzun, ikusi, kantatu, kontatu eta bizi ‘Borobilean’ sortutako hamabi abesti eta hamabi ipuin jasotzen dituen bilduma da».

Diskoko abestien garapena oraintsu estreinatutako ikuskizunean agertzen dute pailazoek. Asteburuan Donostiako Intxaurrondo auzoan (saio bikoitza eta sarrera guztiak minutu gutxitan agortuak) eta Gasteizko Buesa Arenan egon dira. Hurrengo hitzordua bihar bertan, Iruñeko Baluarten, arratsaldeko 16.00etan eta 18.30ean.A.K.