Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Euskararen presentzia handitzeko astea Baiona, Angelu eta Miarritzen

Baiona, Angelu eta Miarritze hiri eremuko 806 pertsonak aste honetan «ohiturak aldatu» eta euskaraz aritzeko konpromisoa hartu dute. Euskararen Nazioarteko Egunean amaituko da egitasmoa, baina antolatzaileen iritziz, «lorpenak ez dira abenduaren 3ra mugatuko».

Astebetez Baiona, Angelu eta Miarritze hiri eremuan 450 euskal hiztun mobilizatzea zen BAM dinamikaren bultzatzaileek ezarri zuten lehen helburua, eta bigarrena, parte-hartzaile bakoitzak hartutako hamabi konpromisoren bitartez astebetez euskararen presentzia handitzea zen.

Lehen helburua gaindituta (orain artean 806 kidek eman baitute izena), euskararen presentzia nabarmentzeko aste honetarako antolatu duten egitaraua gauzatzeari ekin zioten atzo. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak, bere euskara mailaren arabera, hamabi desafio hautatu zituen, eta aste honetan berauek gauzatzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza lanak

BAM dinamikako antolatzaileen eginbehar nagusia egitasmoa arrakastaz burutzeko bitartekoak eskaintzea da. Horrela, lehen fasean, parte hartzaile bakoitzari zein erronka hauta zezakeen proposatzen zioten. Adibidez, mugikorreko erantzungailua euskaraz jartzea, prentsa euskaraz irakurtzea, euskarazko filmak ikustea edo norbaitekin topo egitean lehen hitzak euskaraz egitea kasu. Bestetik, desafio horiei aurre egin ahal izateko “ahobiziak” eta “belarriprestak” ahalduntzeko ordu eta erdiko prestakuntza saioak egin zituzten azken bi asteetan.

Prestakuntza saioetan aste honetan egingo diren ekimenetan zein egunerokoan suerta daitezkeen egoera desberdinetan euskararen presentzia bermatzeko tailerrak egin dituzte. Saio horiek eskaintzeko, aurrez prestatzaileak formatzeko ikastaroak ere egin behar izan zituzten, zeren Elena Oiarburu formatzaileak azaldu zuen moduan, «ez da soilik aste batez txapa bat eramateko komunikazio kanpaina bat, jendeari ohiturak aldatzen laguntzeko ekimen bat da».

Txapa soinean, euskara ahoan

Parte-hartzaile bakoitzak txapa bereizgarri bat eramango du. Euskaraz dakiten ahobiziena, aho bat marraztua duen laranja koloreko txapa bat da. Euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzten belarriprestena, ostera, belarri baten irudia duen txapa urdina da. Horrela, jendeak parean duen pertsonaren euskara maila eta mintzakideak euskaraz hitz egiteko prestasuna duela jakin ahal izango du.

Antolatzaileen iritziz, bereizgarria eramateak «hizkuntz ohiturak aldatzera behartzen du». hau da, «hiztun ororentzat erosotasun zonaldetik ateratzea. Lehen hitzak euskaraz ematea, bai eta ondokoak ere; frantsesera lerratzean, euskara berriz lotzea; edozein egoeratan euskarari eustea, irria ezpainetan...».

Egitarau oparoa

Gauzak honela, euskararen presentzia handitu eta hiztunen ohiturak aldatzen laguntzeko ekimen andana antolatu dituzte aste honetarako. Ondorioz, igandera bitartean, egunero izango dira jendea bildu eta euskaraz aritzeko ekitaldiak.

Denetariko animazioak izango dira, mintzapraktikak, yoga tailerrak, kirol saioak eta baita merkatura erosketak egitera joateko irteerak ere, guztiak euskaraz. Astean zehar izango diren ikusgarrien artean, nabarmentzekoa izango da bihar arratsaldean Berri Txarrak taldeak Elkar liburu dendan eskainiko duen kontzertu akustikoa.