Maider IANTZI

DIMA ETA EGIATIK BIDE BERRI BAT IREKI DUTE EUSKARAZ BIZITZEKO

Euskararen Egunaren bezperan, «Eskol Herrian Euskaraz» gida aurkeztu zuten Diman, edozein herritan lanabes gisa erabiltzeko. Proiektu integral bat da, eskolak herriarekin batera era praktikoan egiteko. Egia eta Dimako esperientziek posible dela erakutsi dute.

Bide bat ireki nahi du Sortzenek, tokian tokiko errealitate zehatzera egokituko dena, Euskal Herri osorako baliagarria. Euskal ikasle eleaniztunak sortu nahian, prozesua behetik gora egitea erabaki dute, goitik etorriko denari itxaron gabe. «Dimak eta Egiak zerbait erakutsi badigute da gure gogoeta teorikoa egingarria dela praktikan edozein lekutan eta emaitza onak ematen dituela», adierazi dio GARAri Olatz Egiguren proiektuaren koordinatzaileak. Asteburua emaitza horien isla izaten ari da Bizkaiko herri txikian. Hezkuntza eta euskalgintza eremuko eragile guztiak gonbidatu zituzten atzo “Eskol Herrian Euskaraz” gidaren aurkezpenera, baita norbanako batzuk ere. Han izan zen, bertzeak bertze, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Duela kasik 10 urte “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” izeneko proposamena plazaratu zuen Kontseiluak. «Azterketa oso sakona eta oso teorikoa zen. Galdera zen nola eraman praktikara. Sortzenek bere gain hartu zuen ardura hori. Dima eta Egia aukeratu zituen esperientzia pilotuak abiatzeko toki apropos bezala. Bi testuinguru soziolinguistiko oso ezberdin dira: auzo urbanoa da bat, biztanle kopuru handikoa eta euskaldun kopuru ez hain handikoa, eta herri txiki euskalduna da bestea».

Bi bizipen horiekin gida bat osatu dute. Bere bereizgarri inportanteena da proiektu integral bat planteatzean duela, modu praktikoan, ikastetxeak herriarekin batera egiteko, euskara bizi-hizkuntza izan dadin.

Julen Etxeberria Egiako Aitor Ikastolako zuzendaria da. Duela bost urtetik hona garatu duten proiektu pilotu hau esplikatu digu. 15.000 biztanle ditu Donostiako auzoak eta 350 ikasle ikastolak. «Euskararen erabilerak kezkatzen gaitu. Eskolak eremu mugatu bat hartzen du (%15-20koa) eta beste guztian ere norabide berean joatea ezinbestekoa da. Eskolak ezin du euskararen irla izan; gizartera zabaldu behar dugu. Horregatik, ikastolako komunitate osoa, auzotarrak (eragileak eta norbanakoak) eta Donostiako Udala bildu gara proiektuan». Lehen pausoa proiektuan parte hartzeko erabakia aurkeztea izan zen. Bigarrena, diagnostikoa egitea. «Honek erakutsi zigun bide beretik jarraitu behar genuela denok, ikasleek gela barruan euskara ikasi eta erabiltzen dutelako, baina hemendik kanpo ez delako guk nahiko genukeen bezala erabiltzen. Bestetik, bildu ginen jende guztiarengan sumatu genuen horri aurre egiteko gogoa. Horrek animatu gintuen».

Irakasleekin formakuntza landu dute eta ikasleekin hainbat joko eta ekintza jarri dituzte martxan erabilera hori pizteko. Auzoan “Euskaraz bizi nahi dugulako” ekimena antolatu dute. Datorren urtean “Euskaraldia”-rekin Euskal Herri mailan eginen denaren antzekoa. 400 lagunek, 23 eragilek eta auzoko bi eskolak parte hartu zuten azken honetan. «Konturatu ginen, nahiz eta euskaraz ez jakin, erantzuna ona zela, ulertzen zuen jendeari euskaraz egitea gustatu zitzaiola. Hala, bi hizkuntzetako elkarrizketak normalizatu egin dira».

Gurasoei seme-alabak egiten ari zirena azaldu eta galdetu zieten zer egiteko prest zeuden eurak etxean. «Bi bilera egin genituen, alde batetik euskaraz zekitenekin eta bestetik ez zekitenekin. Eta zerrenda bana idatzi genuen. Aholkuak ematen dizkiegu nola indartu euskararen erabilera».

Udalak, bere aldetik, aisialdia euskaraz lantzeko ekintzak bultzatu ditu. «Ekintza pila bat dira txapel baten pean jarri ditugunak. Gidaren berezitasuna hori da: gauza hauek guztiak sistemikoki hartzea. Nik 30 urte daramat hemen eta lehen gurasoen euskara maila baxuagoa zen, baina ikasleek euskaraz gehiago hitz egiten zuten susmoa dut. Orain, guraso asko hemengo ikasle ohiak dira, euskaldun gehiago ditugu, baina ez da era berean erabilera erraztu».

Herriko plana, ez eskolakoa soilik

Zefe Ziarrusta Dimako Eskolako irakaslea da eta proiektuaren arduraduna bertan. Egiako kideak bezala, 2012-2013 ikasturtean abiatu ziren. «Sentsibilizazio saio batzuk egin genituen ikasle eta irakasleekin, baita herriko eragileekin ere. Eta gero diagnostiko bat». Hortik lau lan lerro abiatu zituzten. Haurrentzat “Dimesten” mugimendua sortu dute herriko eragileekin. Helduentzat, berriz, euskara elkartea jarri dute martxan. Urtero ari dira irakasleak prestatzen. Eta Udalak iaz Ueman sartzea erabaki zuen.

«Batzuetan ez da erraza izan, baina gaur da eguna errail horiek guztiak herrian martxan dituguna. Sentsibilizazio saioetan eta diagnostikoan herritarren ia %70ek parte hartu zuten. Hori izan zen inflexio punturik garrantzitsuena. Guztiek esaten zuten: euskara maite dugu, euskara da gure hizkuntza, baina beste hizkuntzak ere ikasi nahi ditugu eta euskaraz bizi nahi dugu. Halako sentimendu eta emozio batzuk atera ziren. Hortik heldu ginen pentsatzera guztion lana dela euskara bizi-hizkuntza izatea. Hizkuntza plana idatzi dugu, eta orain erronka da herriko plana izatea, ez eskolakoa soilik».

Dimak 1.430 biztanle ditu eta 158 umek ikasten dute bertako eskolan. Ttiki izateak harremanak errazten dituela dio Ziarrustak. 2009ko Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren emaitzetan, ezagutza %90ekoa izanik erabilera %66koa zen. Horrek kezka sortu zuen. Orain bertze azterketa bat egin dute eta erabilera %78ra igo da. Bai Dimakoak bai Egiakoak gustura daude emaitzekin, baina lana ez da hemen bukatu.