Patxi GAZTELUMENDI

AHOTSENEA, SORTZAILEAK IKUSGARRI EGIN NAHIAN

Durangoko Azokak irauten duen 5 egunetan 54 solasaldi eta 70 kontzertu izango dira Ahotseneak Landakon dituen bi guneetan. Bi agertokitan eta batuagoa den paperezko kutxa batean ezagutuko ditu bertaratzen denak aurtengo nobedade asko eta asko. 10 urteren ostean, ospakizun ekitaldiarekin bukatu zen lehen eguna.

Emma Goldman gogora ekarriz hasi zen Ahotsenearen ekitaldia. «Dantzatu ezin bada, ez da gure iraultza». Eta Ines Osinaga trikitilari eta abeslariak «zaintza da gure iraultza» gehitu zuen. «Aspaldian gehiago nago sukaldean plazan baino, baina badakit urte guzti hauetan hemendik pasatu garen sortzaile guztiak ondo zainduak izan garela». «Eskerrik asko Ahotsenea» esanez hasi zen Joseba Sarrionandiak idatzitako testuari ahotsa jartzen, eskusoinuak lagunduta. «Urte guzti hauetan Ahotsenea plaza duina izan da kantatzeko eta kontatzeko, eta zelan eskertzen den hori». «Zaintza da gure iraultza eta eszenatokia da gure territorio libre bakarra» esanez agurtu zituen bertaratutako idazle, musikari, editore, antolatzaile eta kulturzale guztiak.

Lutxo Egiak, egun Ahotsenea kudeatzen duen kideak, Jose Luis Otamendiren idatzi bat ekarri zuen gogora horren ostean: «Beldur diet oasiei / elkarren abaroa ez balitz tristurak jango luke euskalduna neguan». Eta neguko hotza epeltasun bilakatu da urtero azoka ondoko inprobisatutako aretoetan. Egiak proiektuek iraun egin behar dutela gogoratu ostean, Bea Egizabal clown-ak umorez heldu zien euskal kulturaren ajeei. Herrigintza, auzolana, kultura, hizkuntza eta sortzaileen egoarekin txantxak eginez, bertaratutakoen irribarrea eragin eta hotzari aurre egiteko modua aurkitu zuen. Horrez gain, «euskal petardeoa» aldarrikatzeari ekin zion, arestian Yogurina Borovak bere azken lana aurkeztean egin bezala.

Sukaldeko lana

Rafa Ruedak Gabriel Arestiren poema bat ekarri zuen kantuz, eta «ez ezazue tapa sortzaileen ahoa» egin zuen aldarri. «Sortzaileari bakarrik geratzen zaio hitza», gehitu zion aspaldiko poemari. Doinu elektrikoekin jantzitako kantuaren ostean, Leire Palaciosek hartu zuen hitza: «Duela hamar urte idazle, musikari eta kulturzale batzuek kezka agertu eta sukalde lanean hasi ziren espazio hipotetiko bat diseinatzen; ideiak konpartitu, gogoeta egin eta proposamena martxan jarri eta gauzatu egin zen». Eta duela 10 urteko argazkiari begira geratu ziren Ahotseneko karpan zeuden guztiak. «Hasierako grina hura areagotu» egin dela baieztatu zuen Palaciosek. Eta Ines Osinagak sukaldeko kezkak eta zaintza uztartu zituen gisan, berak ere zaintzaren garrantzia azpimarratu zuen. «Azokako lehen eguna irribarrearekin hasten dugu, azokako azken eguna begi-zuloekin eta irribarrearekin amaitzen dugu, hala ere», gaineratu zuen Leirek. Eta azoka amaitu ostean ere, zelan hobetu galdetzen diete bertan parte hartzen duten sortzaile guztiei, eta hurrengo urteko ahaleginean ideia eta kezka horiek txertatzen saiatzen dira.

«Hau ez da jaialdi bat, ez da fest bat, ez dugu programatzen. Azokaren osagarria da; ez da, beraz, arrakasta parametroetan zertan neurtu, baina azoka biziago bat egiten laguntzen du eta salmahaietan dauden disko eta liburu berriei ikusgarritasun handiagoa eman nahi die».

Urtez urte handituz

«Sortzaileek dagoeneko ondo ezagutzen dute Ahotsenea, eta Azokaren testuinguruan beraien lanak ezagutzera emateko baliatzen dute». Argi mintzo da Lutxo Egia idazlea festa abiatu aurreko orduetan. Ahotseneko txalekoa soinean, batetik bestera ari da idazle, musikari, soinu teknikari eta prentsako lagunen artean.

Azken lau urteotan kudeatzaile gisa aritu da, eta berak ere sumatzen du egileek «estimu handitan» daukatela duela hamar urte sortutako egitasmoa. Orduan Edorta Jimenez eta Gotzon Barandiaranek bultzatu zuten ekimena, eta hasiera xumearekin abiatu eta urtez urte handituz joan da eskaintza, baita eskaera ere.

«Jendeak zerbait egin nahi du Azokan, eta Ahotseneak aukera hori ematen die»; argi azaltzen du idazle bilbotarrak gune honen funtzioa eta egitekoa. Sortzaileek urtean zehar landutako lanak jendaurrean aurkezteko modua daukate orain, eta ezezagunagoak direnentzat ikusgarritasuna lortzeko modua dela aitortu du Egiak.

Eta adibide zehatzak jarri ditu Lutxo Egiak: «Musikazuzenean standean adibidez, aurten autoekoitzitako 50 disko egongo dira. Bertako arduradunak aurrekoan esaten zidan Ahotsenea ez balego talde horiek ez liratekeela Azokara etorri ere egingo».

Behar batetik sortua

Durangoko Azokak saltoki huts bezala izan zuen bilakaerak gogoeta sortu zuen musikari eta idazle jendearen artean, eta kezka horrek bultzatuta, ahotsa hartu eta idazle eta musikarientzako gune gisa sortu zen Ahotsenea. Azoka egunetan zuzeneko kontzertu laburrak eta liburuen inguruko solasaldiak egiten hasi ziren. Denborarekin, «kontzertuak aurkezpen eta guzti egiten ditugu orain, eta solasaldiez gain irakurketa dramatizatuak, musikaz lagundutako errezitalak, performanceak eta denetarik eskaintzen» dela zehaztu du Egiak.

Eta musikariek asko eskertzen dute zuzeneko emanaldi horretan aurkezten ari diren lanari buruzko xehetasunak ematea Ahotseneko antolatzaileek, diskoa non eskuratu daitekeen eta horrelakoak. Behar batetik sortu baldin bazen ere, denborarekin eskaintza hobetzen eta fintzen ari dela gaineratu nahi izan du Lutxo Egiak. «Azoka beste era batekoa ere izan zitekeela ikusten zen orduan, eta apurka-apurka hori ikusaraztea lortu da, eta orain Durangoko Azoka saltzeko eta erosteko toki bat baino gehiago ere bada».

Hamar urteotako lana ere badago horren guztiaren atzean. Eta urtetik urtera, emanaldien eta solasaldien eskaintza handitzen joan da. Azken bi urteotan bost egunez –Azokak irauten duen denbora guztian– daude zuzeneko emanaldi eta agerraldiak Ahotseneko gune ezberdinetan.

Ospakizun urtea izanik, Lutxo Egiari ospatzeko arrazoiez galdetu eta arrazoiketa sendoa egin digu azokan ikus eta bizi daitekeenaz. «Edozein proiektu sortzen denean, oso garrantzitsua da irautea, eta Ahotseneak iraun du, eta erakutsi du sortzaileei ikusgarritasuna ematea garrantzitsua dela. Hemendik aurrera hori guztia zelan hobetu eta zer egin ere aztertu beharko dugu, ezin gara egin dugunari begira geratu, aurrera begira aldaketa gehiago ere egin beharko dira».

Eta aldaketak etorri badatozela aurreratu du Lutxo Egiak berak. «Ahotseneko kudeaketa eta antolatzaile taldea gaztetu egin beharko dugu, emakumeek presentzia handia eta publikoagoa hartu beharko dute aurrerantzean, eta beste batzuek agur esaten ikasi beharko dugu, lagundu bai, baina ondotik» zehaztu du.

«Egia da azken urteotan emakumeak sartu direla antolaketan, baina aurrerantzean Leire Palacios edo Garazi Arrulak beste paper garrantzitsuago bat jokatu beharko dute ziur asko, eta gu ondoan egongo gara lanean, gazteagoen esanetara».

Baikorra da Lutxo. Pozik eta entusiasmo handiz bizi du kultura. Idazlea da, sortzailea, eta behar hau berak ere ikusi du. Eta horregatik, gogotsu laguntzen ditu taula gainekoak bezala, taula ondoan dauden artista eta sortzaileak. Harreman sare handia osatu du Ahotseneak azken hamar urteotan, eta ospakizun ekitaldian batu diren ahots, doinu eta sortzaileek hori bermatzen dute. Ospatzeko asko dago, eta norekin ospatu ere bai.