2017/12/07

Sormena nigan
Izaro
Izaro_4

Sormen prozesu bakoitza abentura bat da. Egia da errepikatzen zaizkidala gidalerroak, umeak idazten ikasten ari direnean bezala, baina sormen prozesu bakoitzean hizkuntza bat ikasiko banu bezala da.

Inoiz ez dut jakiten nora helduko den, baina beti jakiten dut nondik datorren, nola eta zertarako.

Sormena agertu egiten zait, nigan bere aldeko klima sumatzen duenean. Sumatzen duenean prest nagoela bera identifikatzeko, bera entzuteko, bera sentitzeko eta berari denbora eskaintzeko. Ez da beti ordu onenean iristen, lantzean-lantzean goizeko ordu txikietan heltzen da, badakielako ez nagoela lo, entzuten ari naizela.

Nigan bere aldeko klima egoteaz gain, inguru egoki bat ere behar dugu inspirazioak eta biok zerbait taxuzkoa egiteko. Normalean nire logela, baina izan daiteke entsegu lokala edo beste gelaren bat. Beti bakarrik, ez pertsonarik, ez animaliarik, ez mugikorrik, ez ezer. Ahal dela gitarra batekin, piano batekin ere gaizki ez.

Gustatzen zait sortzea inguruan ispiluren bat dudala. Ez dakit berez dudan gustuko edo laguntza handikoa zaidalako gustatzen zaidan. Inspirazioa aurkitzeko bere aldeko klima bat behar dut nigan, eta horretarako beharrezkoa zait neure buruarekin topo egitea, ni aurkitzea, berak ere aurki nazan. Ispiluak errazten dit hori, ezin ihes egin, aurrera begiratzean ere barrura begiratzen bukatzen duzu. Ispiluak bermatzen dit hori.

Sormenak ez nau inoiz nekatu (oraindik). Ez dut beragandik deskonektatu beharrik izan, bera behar dut beste guztitik deskonektatzeko. Beti ematen dit behar dudana: asetzen nau, baina enpatxutik urrun; mugitzen nau, baina akiduratik urrun; baretzen nau, baina logaletik urrun; kitzikatzen nau, baina aztoratzetik urrun.

Momentuko taupada baten oihartzuna da; horregatik ez dut inoiz epaitzen eta bere horretan onartzen dut. Biluzik.

Gero datoz buruhausteak. Gero datoz erakustokiak, jantziak, grabaketak, emaitzak, notak (nahiz eta ez diren eskatu, ala bai?), epeak eta tempoak.

Sortutakoa erakusteko adina aldiz jo dudala sentitzen dudanean jotzen dut nire konplizeengana. Hasi nintzenean lagun minak bakarrik nituen konplize. Orain lagun minak eta hiru musikari min ditut. Azken horiek jantzi egiten dute biluzik etorri dena. Eta hasten gara probatzen, ondoen zer geratzen zaion erabaki arte. Hasieran oso zaila egiten zitzaidan prozesuaren parte hori, ez nuelako uste ezer geratuko zitzaionik azala baino hobeto, eta asko sufritzen nuen. Gauzak zer diren, izan nitzakeen hiru sastrerik egokienak ditut eta orain gozatzen hasia naiz arropa aukeraketaz. Soinekoak astintzea gustatzen zait, zapata berriak probatzea, jertserik gozoenak josten dituzte, kolorerik beltzenak lortu, edo mila koloreko bikiniak egin. Armairu bete musika daukat.

Gero, behin arropak prest direla, momentua betikotzeko unea iristen da. Grabaketa da musikaren argazkilaritza. Nire ezjakintasunak eta esperientzia faltak aldapatsua egin zuen nire estudioko lehen esperientzia. Itsusi ikusten nintzen argazki guztietan, argia ez zitzaidan gustatzen, eta pentsatzen hasi nintzen akaso arropak ez zitzaizkidala hain ondo geratzen. Dena zen zalantza.

Baina horretan ere pazientzia, praktika eta konpainia egokia dira giltza. Ikasi dut bi mundu direla eszenatokia eta estudioa. Desberdin egiten dela lan, nahiz eta kantu berberak jorratzen ibili. Orain aurkitu diot puntua eta disfrutatzen hasia naiz estudioan ere. Oso momentu intimoa eta delikatua da niretzat eta pertsona jakinek dute sarbidea.

Gero dator niretzat sufrituena den momentua: emaitzak jasotzea. Sortzea hain zait fluidoa, eta emaitzak jasotzea hain solidoa, igerilekura joaten hasi behar izan bainintzen emaitzak jasotzean sentitzen nuen gogortasun hauskorra orekatzeko. Zerbait lehen aldiz entzutean ez zait inoiz gustatzen, edo hori da nik uste dudana. Nahiz eta berez emaitza gustatu izan, nire gorputzaren lehen erreakzioa beti da errefusa. Hasieran, kasik zoratu nintzen horrekin. Orain ezagutzen dut neure burua, eta badakit errefusa hori baretzen joaten dela entzunaldi bakoitzarekin. Ikasi dut iritzirik ez sortzen entzun eta berehala, irreala delako.

Berdina gertatzen zait diskoen edizio fisikoarekin. Guztiarekin. Ez dut zergatia ulertzen, eta jada ez naiz ulertzera behartzen. Badakit momentu horiek etorriko direla, eta badakit nola erreakzionatuko dudan, eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Orain hobeto daramat, baina nire inguru hurbilekoek barre egiten didate.

Behin diskoa kalean dagoenean hutsik geratzen naiz. Dudan guztia eman banu bezala. Disko bakoitzean hainbeste dago niretik... haizeak barruan nituen hazi guztiak zabalduko balitu bezala. Agortuta uzten nau, hutsik, erditu izan banintz bezala.

Gero, gorputz guztia jartzen zait erne. Gustatuko da? Zainduko dute? Akats ortografikorik egongo al da hitzetan? Ez zen ba kanten ordena aldatuko eta orain ez dator bat atzeko kanta-zerrendarekin? Akaso beste argazkiren bat aukeratu behar nuen portadarako? Konturatzen naizen arte den bezala maite behar dudala izan berri dudan haurra; ze ama klase nintzateke bestela?

Eta buruhausteen artean tristura eta zoriona, emozioa bere mugagabetasunean. Sekula ez porrota eta garaipena, nahiz eta batzuetan hura sentitzera behartuta sentitu. Sekula ez porrota eta garaipena, ez baita lehiarik, ez luke behar. Lehiak mina dakar, beldurra, ezkutatzea, zapaltzea. Nahas zaitzake erakustokiak, ni nahasi nau sarri. Senti zaitezke galtzaile, senti zaitezke txikia, ahula, txarra. Ni sentitu naiz. Senti zaitezke irabazle, gaindiezin, handia, ona. Eta biak dira arriskutsuak bezain irrealak.

Gogoratzen dut behin nahastu ninduela erakustokiak, eta hasi nintzela estutzen. Besteak hasiak ziren nire irudi bat eraikitzen eta hasi nintzen beldurtzen. Beldurtzen, akaso ez nintzelako gai besteek nintzela ziotena izateko. Hori lortu ezean kale egingo nuela pentsatzen hasi nintzen. Besteek diotena ez banaiz, nor naiz? Besteek diotena ez banaiz, banaiz? Eta hor ezagutu nuen antsietatea. Eta hor hasi nintzen ispiluari gero eta gutxiago begiratzen sortzean. Inspirazioak ez etortzea erabaki zuen arte, berak nirekin sortu nahi zuelako, nigan, niretzako, nintzena izateko eta ez beste ezer. Eta inspirazioarekin batera ahotsak ere joatea erabaki zuen.

Ez ziren itzuli fokua berriro nire barnera ekarri nuen arte.

Eta gero, bakea. Haziek lur hartzen dute, eta gehienetan sustraitu. Orain arte gehienetan lurra emankorra izan da, ureztatu dute ito gabe, eguzkitan jarri dute eta hotzetik babestu. Eta fruitu horiek nigandik datozen arren, landatu dituenarenak dira nireak baino gehiago. Eta nik lekua, kemena eta indarra daukat hazi berriak sortzeko.