2017/12/07

Urumeak onduta eta kulunkatuta heldu da sagardo uzta hiriburura

Astigarragatik Donostiara, egurrezko ala gainean, garraiatu zituzten sagardogileek upelak eta barazkiak, Urumea ibaia hori baino gehiago zeneko ohiturak gogoratuz. Txotx garaia bertan da eta urrun aldi berean… itxaronaldia arinagoa egiteko, IV. Sagardo Apurua abiatu zen atzo. Hala esaten zaio upela lehenengoz ireki eta dastatzeari.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA
1207_eh_sagardoa2

Urumeako ura fresko eta bare dago, lasai-lasai. Azalean gustura eserita ditu antxetak eta ahateak; uretara sartu-irtenak egiten dituzte eguzki izpien goxotasunaz gozatzen dutela. Hotzik ez dute, gantzak ondo babesten dizkie koloretako lumak. Abenduko seigarren eguna eder esnatu da, zerua garbi eta termometroa nagi; negua ate joka dago, baita txotx garaia ere.

Goizeko zortzi eta erdiak zirela abiatu ziren Astigarragatik mahoizko alkandora eta prakak jantzita, txapela buruan, sagardogileak egurrezko ala gainean. Bi orduren buruan Donostiara heldu eta sagardoz betetako lau upelak eta barazki freskoak lurreratu beharra zuten. Antzinako usadioak edo egiteko moduak berreskuratu, ondare hori zaindu eta ezagutarazi. Asmo horrekin berreskuratu zuen Sagardogileen elkarteak, Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Lizeaga eta Petritegi sagardotegien laguntzaz, orain lau urte ibaian barrena baserrietatik sagardoa ekartzeko ekimena. Ondoren Bulebarrean apuruari hasiera ematen zaio. Apurua: upelak lehenengoz ireki eta dastatzeari deitzen zaio horrela; urtarrileko irekiera ofizialaren aurretik egiten zen dastatzea da, hain zuzen.

Ala, gabarra eta txanela

Garai batean Urumea ibaia errepide modukoa zen, eta txalupak gaur egungo autoak. Ibaia baino gehiago zen Urumea. Euskal Herriko beste ibai asko bezala, komunikatzeko eta garraiorako bidea zen: salgaiak, ondasunak, beste hamaika objektu, baita pertsonak alde batetik bestera eramateko zein ertz batetik bestera joan ahal izateko ere.

Gabriel Lizeagak GARAri azaldu zionez, 60ko hamarkadaren bueltan utzi zitzaion hala erabiltzeari. Gabarra eta txanela familiako txalupak dira, egurrez eginak, azalera laua dute, ibaian arazorik gabe nabigatzeko gai izan behar baitute.

Garraiorako soilik ez, ibaitik bertatik hondarra jasotzeko ere asko erabili ziren txalupok sasoi batean eta, kontatu zuenez, Donostiako Amara auzoko etxe asko egiteko bertatik ateratako hondarra erabili zen.

Sagardoa dolareetatik jaso eta hiriburura ekartzen ziren upelak, saltokietara eramateko, azokara eta Donostian bertan ziren sagardotegietara. Sagardogileen elkarteak kontatzen duenez, garai batean, aspaldian, Parte Zaharrean ehun sagardotegitik gora baziren. Eskari hori guztia asetzeko adina zuku garraiatu behar beraz… Lizeagak ere aipatzen du sagardoa baleazaleen txalupetan kargatzen zela, arrantzan urrunean ematen zituzten aste eta hilabeteak eramangarriagoak egiteko…

Uretatik lehorrera ateratzeko egurrezko polea sistemaz lagunduta egiten dute. Banan-banan eta kontu handiz, sokaz lotu eta pasealekura igo. Denek hartu zuten lurra, baina denak ez ziren onik iritsi: batek kantoia kolpekatu zuen eta zuzen-zuzenean uretara jauzi zen. Garai batean ere halakoak makina bat gertatuko ziren. Egurrean pitzadura egin eta zuku guztia bertan gelditu zen, Frantziako pasealekuan.

Uzta oparoa, inoiz ikusi gabea

Urteko lanaren emaitza dastatzeko irrikaz egongo dira dagoeneko asko. Aurreratu dutenez, aspaldian egon den uztarik oparoena izan da kopuruan behintzat. «Izugarria» gure sagarrondoek aurten eman dutena, zioten atzo sagardogileek. Hainbeste izan da bildutakoa, baieztatu zutenez, ekoitzitako sagardoaren ia %100a bertako sagarrarekin egindakoa dela. Lizeagak, adibidez, ez du halako uztarik gogoratzen. Harrituta azaldu zen atzo.

Sagardo mota ezberdinak dastatzeaz gain, hau eta beste bitxikeria batzuk ikas daitezke Bulebarrean igandera arte zabalik dagoen baserri-sagardotegian. Larunbatean Euskal Herriko zazpi herrialdeetako sagardoak aurkeztuko dira (11.00) eta bazkari maridajea egingo da bertako produktuekin (14.00).

Bien bitartean, sagardotegiak azken txanpan murgilduta dabiltza. Berehala irekiko dituzte ateak eta, adierazi zutenez, gure zain egongo dira.

IBAIA, ERREPIDE


Urumea ibaiak errepide funtzioa zuen. Komunikatzeko ez ezik, garraiorako bidea zen, eta pertsonak alde batetik bestera eramateko ere balio zuen. Lanok txanela, gabarra edo ala deitutako txalupatxoetan egiten ziren.