Harkaitz Cano
SORMENAREN EZKUTUKOAK

Durangora ez iristeaz

remiazkoa al da Durangora iristea?

Denak garamatza horretara. Ohitu egin gara, komeni dela diote editoreek, eta beharbada egia da. Filmekin ez ote da antzekoa gertatzen? Zinemaldiaren epearekin lan egiten dute askok, erlojuaren kontra. Hamar egunez bederen arduratzen da norbait zineaz, garantia bat da zure filma hautatua izan bada.

Badu bere xarma epe bat izan eta garaiz iristeak. Luzaro lan egin ondoren, jendearekin konpartitzen duzu egindakoa. Larri ibili garela? Hobe! Adrenalina gehiago. Irakurleak zure liburua irakurtzeko astirik izan ez duenez, ospakizuna osoa da; kritikarako tartea, ttipia. Lana burutze hutsagatik zoriontzen zaituzte. Hurrengo urtean esango dizute lana gustatu ote zaien ala ez, baina denbora luzea da urtebete, akaso beste liburu bat izango duzu ordurako; ziur irakurleak baduela solasaldi goxorako heldulekuren bat, nahiz eta zure aurreko urtekoa hamargarren orrialdean laga. Dezepzioa, zeure buruari ematen diozuna da, editoreari hala agindu arren, iristen ez zarenean. Gertatzen da. Aurten gertatu zait niri nobela batekin.

Prokastinazioaren gozamena

“Hozkailua garbitzen hasten naizenean badakit arazo bat daukadala”. Manu Muniategiandikoetxea artistaren esaldi hori iltzatuta geratu zitzaidan. Prokastinazioaren sintoma behinena da zure lana egin beharrean etxeko garbiketa deserosoenari ekitea. Jon Alonsok atorrak lisatzen omen zituen blokeoa gainditzeko: Saramagori eskerrak eman zizkion, bere nobela itzuli bitartean, inoiz baino dotoreago ibili zelako. Norbere buruari egindako tranpak dira, baina baita inpultsoa hartzeko trikimailuak ere.

Sormen prozesuari buruzko artikulu bat eskatu didate. Ezetz esan behar nuke, “sortzen” ari naizela. Baietz esan eta artikulua idazten jarri naiz.

Idazle baten beharrak?

Kafe hutsa. Argia. Isiltasuna edo musika hipnotikoa –Brad Mehldauren staccatoa, kasu–. Mahai bat eta aulki bat, sukaldean hobe gelan baino. Ohetik ahalik eta urrunen, kutxiloetatik ahalik eta gertuen. Idazteko espresuki prestatutako lekuetan nekatu egin zaitezke idazteaz, batez ere bulegoen antzekoegi badira. Sukaldean idaztea, aldiz, gauza ederra da, zintzilik jarritako zartagin eta burruntzaliei begira. Eta zu jaio baino askoz lehenago eraikitako etxe baten hormako harriei begira bada, hobe. Flysch domestikoa. Utikan pladur zuria. Hobe otorduak egiten diren mahaian idatzi, nahiz eta bazkalorduan paperak erretiratu beharko dituzun. Gustatzen zait jaten dudan mahai berean lan egitea.

Superreko neska

“Izokina berriz? Korrontearen kontra joatea da kontua, ala?”. Supermerkatuko kutxazainak badaki idazlea naizela. Nire ondoren ordaintzea tokatzen zaionaren begirada premiatsuegia ez denean, «Zelan doa inspirazioa?» galdetzen dit, baldin eta lan-txandan sartu berri bada eta oraindik umoretsu. «Liburu berriren bat prestatzen?». Eguraldiaz mintzatzearen pareko axaleko printza aforistiko bat ekartzea dagokit hor, baina tamalez ez naiz Juan Kruz Igerabide. Erreflexuek dakarten lehen pellokeria bota behar, idazlea beti ari dela zerbait idazten, alegia, edo baietz, «liburu batekin borrokan» ari naizela («En la lucha» esan izan diot, euskaraz ez dakienez: berak ring bat irudikatzen du agian, edo Bahia de Cochinos –ez dut uste, gazteegia da–; arraro begiratzen dit). Liburua, objektu bezala, geure lanaren alderdi intzidental, akzidental, erresidual edo halabeharrezkoa baino ez dela esan niezaioke, eta ez litzateke guztiz gezurra. Esan niezaioke istorio bakoitza tantaz tanta iragazten doala –ezti bezala batzuetan, behazun bezala beste batzuetan; estalagmita bezala, gehienetan–. Liburua albo kalte bat baino ez dela, edo, ez hain tragiko, “albo poz” bat. Esan niezaioke liburu berrietan liburu zaharretako destilazio gazi-gozoak geratzen direla, krematorioetan aurreko hildakoen errautsetako zenbait orain erretzera doazen hilotzarekin nahastuko diren ber gisan, nahiz eta hau ez dizuten tanatorioko langileek azaltzen.

Guraizeak eta egunkariak

Gurea sedimentazioa baita. Besteen liburuak eta denon albisteak irakurtzea. Norbere obsesioen uzta zaindu eta ale gozoenak jasotzea. Hauts haietatik... «nobelohi» hauek. Egunkari ebakinak gordetzea eta karpetetan sailkatzea da gure lanaren parte. Komeni zaizu collagegintza xelebre horrekin gozatzea, karpeta horien %90a ez baituzu sekula berriz zabalduko. Gaur moztu dudan txatal hau, esate baterako: zirrosiak jota hil den halterofilia txapeldun bulgariarraren obituarioa. Pertsonaia eta argumentu gogoangarrienak, zurekin luze bizi direnak, ez dituzu zuk sortzen, itsatsi egiten zaizkizu, eta ezin gainetik kendu. Batzuk bidean lausotzen dira, beste batzuk bibrazio sendo bilakatzen zaizkizu, garuneko akufeno entzungarri, irtenbide bat eskatzen dute. «Hemen nobela bat dago». Gezurra da hori, ordea. Ez dago nobelarik zuk idatzi ezean. Itxoitea da idazlearen lanik zailena? Bada delikatua, behintzat. Zain egotea istorio bati bere unea noiz iritsiko, buruan egosten joatea, erregostera iritsi gabe.

Nobela baten sistema operatiboa asmatzen

Ez da inoiz formula errepikatzerik komeni. Horregatik da eder ofizio hau. Horregatik da beti lehen aldia. Horregatik da arriskutsu. Zure lanaren balioa zalantzan jartzen edo zeinen ondo atera zaizun bertan goxo begiesten pasa zenezakeen denbora, hobe hurrengo istorioa pentsatzeko erabiltzen baduzu. Isiltasun abisalak jarraitzen dion liburua, oihartzunik gabekoa, frustragarria da. Baina arrakasta handiko liburua baino gauza zurrupatzaileagorik ere ez dago: denbora bahitzeaz gain, irakurleak zuri buruz dituen espektatibak estilo edo gaitegi erredukzionista batera lotuko ditu, aurreikuspenak fosilduz. Erdibidea? Nekeza. Destilazio bat bukatu orduko jarri arreta zure beste erlauntzei, segi sedimentatzen. Amaierarik gabeko ofizioa hautatu duzu.

Obsesioen “kudeaketa”

Obsesionatzen zaituen istorio horrekin lotura autobiografiko minimo bat izatea komeni da. Eta idazten hasi baino lehen lotura hori ez bazenuen, izan dezazula orain, idazten ari zaren bitartean. Baina hori ez da nahikoa: konplikatua dena ahalik eta modurik sinpleenean adierazi eta, hala ere, irakurlea konplexutasun horretaz jabetzeko desafioa dator gero.

Ipuinak gustatzen zaizkit paseatzera atera ditzakezulako. Nobela bat ezin paseatzera atera; hark ateratzen zaitu zu. Nobela baten barruan bizi egin behar duzu sasoi batez. Nobela, balea da. Garbi ikusi nuen hori Getarian etxe bat utzi zidatenean. Hamar egun neuzkan liburua amaitzeko, obsesionatzeko, besterik ez egiteko, Durangora iristeko. Gorputzak eta buruak, ordea, prokastinatzeko joera zital hori daukate: Sylvia Plathen “Hiru emakume” itzultzen nuen balearen barruan bizitzeaz nekatzen nintzenean. Atseden hartzeko modu bat da itzulpengintza, edo, gutxienez, nirea ez den beste balea bat habitatzekoa. Mailegatutako obsesioekin nireak baretzekoa.

Carol Dunlopen zopa

Carol Dunlopek zopatxo bat eramaten omen zion tarteka Cortazarri, trantzean bezala “Rayuela” idazten zuen bitartean, jateaz eta lo egiteaz ahaztuta. Hala dio mitoak. Nire errealitatea ez da horren basatia: jaiki ondorengo lehen bi orduak dira emankorrenak. Laurogeita hamar minutu edo bi ordu peto, asko jota; ehuneko ehunean egon behar duzunera zauden tarte hori da balio duena. Ordu eta erdiz, erabaki zuzenak hartu eta norako egokian zoazela sentitzen duzu. Gero, bidegurutzearen ziurgabetasuna. Hortik aurrera, birziklatzea dagokizu. Berrirakurri, zuzendu, e-mailak erantzun, hiru aldiz hots egin dizun editoreari deia itzuli.

Editorea

Editoreak ez du oraindik nobelako esaldi bakar bat ere irakurri. Titulua besterik ez daki eta ez zaio sobera gustatzen. Niri ere ez gehiegi, baina koherentea da kontatzen ari naizenarekin, zer egingo diogu. Asko hitz egin dut berarekin, ordea, idazten ari naizenari buruz. Horrek esan nahi du bere buruan baduela jada nobela bat, nik kontatutakoekin harilkatua. Etsigarria da berak buruan lukeena ni idazteko gai izango naizena baino hobea dela pentsatzea. Idazten ari garen liburuen gainean hitz egitea bera jenero bat delako jada. Kontatu ahala, geure burua konbentzitu behar dugu idazten ari garenaren balioaz. Batzuetan lortzen dugu eta beste batzuetan ez. Izan ere, idazle batzuk trebeago dira beren liburuei buruz mintzatzen, liburuak idazten baino. Horietako bat izan zaitezkeela pentsatze hutsak dakarren panikoa.

Balea ala izokina

Keztatutako izokinik gabe geratu naiz. Etxetik urrunagoko supermerkatua hautatuko dut oraingoan, azalpenik ez emateko. Durangora helduko ez naizenez, ez dago presarik, ala? Berdin ihes egin nezake Norvegiaraino. Superreko neskak arrazoi du, agian: batzuetan, korrontearen kontra joatea da onena.