Ariane KAMIO
GOGOETAREN PLAZA

MOLDE DESBERDINAK, MISERIA PARTEKATUAK

ZINEMAZ ETA LITERATURAZ JON GARAñOK ETA KATIXA AGIRREK EMAN ZITUZTEN SORMENAREN HARIAREN GAINEKO HAINBAT ZERTZELADA. KLIXEAK ETA TOPIKOAK UXATU ETA BENETAKO ESENTZIARA IRISTERAINOKO BIDEA URRATU NAHI IZAN ZUTEN. LAN HORRETAN, AGERIAN UTZI ZITUZTEN ALDE EZKUTUAK, BAITA PROFESIOAK DAKARTZAN MISERIAK ERE.

Sormena maila desberdinetara eraman zuen atzo Durangoko Azokak Gogoetaren Plazan, kolektibotasuna eta bakardadea alderik alde jarrita. Zinema eta literatura. Jon Garaño eta Katixa Agirre. “Handia” filmaren oihartzunak eta “Atertu arte itxaron” eleberriaren nazioartekotzea –gaztelerara itzulia izan da eta laster turkieraz ere irakurri ahal izango da–. «Jon Garañoren super fan-a naiz. Oso gauza polita da norbait horrela mirestea bere lanagatik. Bera urduritzeko ere balio dit... Eta nire liburuari buruz hitz egitera nator…. [barreak]».

Zinemagintza eta euskal literatura. Lan molde desberdinak eta antzeko miseria ugari. Taldean batzuk, bakarka besteak. Moriarti Produkzioak-en atzean defendatzen ditu bere lanak Jon Garañok, bere alde on eta txarrekin. «Pelikula bat egitea beti da talde lana eta Moriartin zinegile multzo bat gara; zine eskolan elkar ezagutu genuen duela hamasei urte. Hor batek ideia botatzen du eta estres probak egiten ditugu. Besteei gustatzen bazaie, aurrera egiten du. Zorte handia da taldean lan egin ahal izatea. Ez dago gure artean egia esateko beldurrik. Baina batzuetan asko haserretzen gara elkarrekin, ondokoarekin gehiago lan egingo ez duzula zin egiteraino».

Katixa Agirre etxean giltzapetuta, ilunpetan, isiltasunean, ordenagailuko orrialde zuriaren aurrean idaztera doan idazle tipifikatuaren aitzinean jarri zuen Maite Bidarte kazetari eta solasaldiko gidariak. Eta hein handi batean horrela dela onartu zuen idazle gasteiztarrak, nahiz idazketa prozesuak leku eta tempo desberdinak badituen. «Ordenagailu aurrean idatzi egiten da, baina hori soilik icebergaren punta da. Beste guztia bizitza normalean egiten da. Nik idazten dut karritoari bultzaka noanean, supermerkatuko ilaran nagoela edo autobusean. Batzuetan klasea ematen ari naizenean burua joaten zait eta esku artean dudan ideia horretan egoten naiz. Beti hor dago. Ia-ia hor barruan bizi zara. Oso denbora gutxi dut etxean bakarrik egoteko, baina badut denbora supermerkatuan nagoenean horri bueltak emateko. Edozein tokitan egin daiteke lan. Idazketa momentua da barruan bor- bor izan duzun horri irteera ematea».

Sormena, dohaina?

Zer da sormena? Dohain bat? Edo lantzen den abilezia bat? Pertsona orok du sortzeko gaitasuna? Ala gutxi batzuek garatzen duten aldea da? Bien ustez, sormena dohain bat da, baina gizabanako guztiek dutena. «Mundu honetan ikusten dugunetik harago joatea da sormena. Ez da ikusten, baina arakatzen dugu. Egoera bat noraino luzatu daitekeen, mundu hau nolakoa izan zitekeen. Irudimena da azkenean gizaki egiten gaituena, gainerako espezieetatik bereizten gaituena, eta hori oso argi ikusten da umeengan. Uste dut artista bat ez dela berezia hori izateagatik, baizik eta hori landu duelako. Bide bat topatu du hortik eta jarraitu du lanean».

Garañoren irudiko, sormena ideia berri bat izatearekin identifikatzen da, baina ariketa harago doa. «Ideia berri bat egon daiteke, baina zaharra den ideia bati buelta batzuk ematea ere bada sortzea. Behar dira berriak izan daitezkeen ideia batzuk, baina baita bestelako ideia txiki batzuk. Zailagoa da ideia guzti horiei koherentzia bat ematea ideia bat izatea baino».

Damoklesen ezpata

Zinemagintza eta literatura inguratzen dituzten klixeekin jarraituta, editorea idazleari etengabe deika epeak bete behar dituela esanez, eta ekoizlea, zine zuzendariari errietan aurrekontua justuan bete behar duela aginduz. Bueno, literatura ugari ere badago topiko horietan, eta bi figura horien gaitasuna –sormena– defendatu zuten bi egileek. Sormena bai, dirua lortzeko artea, idazle berriak deskubritzekoa. «Nik ez dut inor ezagutzen asko presionatu dutena liburua ateratzeko. Alde horretatik nahiko lasai bizi gara. Editoreek nola deskubritzen duten jende berria, hori bai dela harrigarria. Nire kasuan hala izan zen. Elkarreko editoreak nire idazkiak ikusi zituen eta horri esker apustua egin zuen. Ausardia puntu bat izan behar duzu. Meritu hori ere badaukate. Hori ere bada sortzaile izatea».

“Handia”-ren filmaketara itzuli da une batez Garaño. «Produktoreak ere sortzaileak dira, ez bakarrik dirua lortzen. ‘Handia’ egin ahal izan da ekoizleek diru hori lortu dutelako. Horrek badu sormen puntu bat ere. Ezin du edonork egin. Asko lortzeko zerbait berezia egin beharko duzu. Ekoizle batek erabaki asko hartu behar ditu, pelikula baldintzatuko dutenak».

Lanbide batean eta bestean proiektu bakoitza aurrera atera ahal izateko maneiatzen den diru kopurua ez da alderagarria. Milaka euro pantailaren aurrean; askoz aurrekontu txikiagoa liburu arteko orrialdeetan. Eta horrek, lehenengo kasuan behintzat, presioa areagotzen du. Eta hor zabaldu zuen miserien parentesia Garañok: «Pelikula bat egiten duzu, baina ez dakizu hurrengoa egingo duzun. Zure azken pelikulak bermatuko du zure hurrengo pelikula; hau da, zure lanbidea. Beti gaude soka batean bezala. Badira urte batzuk ekoizpena aurrera ateratzen ari garena eta ez dago kexarik, baina irits daiteke une bat pelikulak inongo oihartzunik ez dutena, saririk jasotzen ez dena, eta orduan norbaitek esango du ez digula dirurik emango. Bada intseguritate bat baloratzen ez dena».

Sufrimendua izan zuten hizketagai biek ala biek, nola publikoak amaitutako produktuak kontsumitzen dituen, sortzaileak telebistan eta egunkarietan egiten zaizkien elkarrizketetan ikusten dituzten, bizimodu erraza –errazegia– iradokiz. «Kultura, orokorrean, hobby-tzat jotzen da. Hori askotan ikusten da lan baldintzetan, ordainsaririk ez jasotzean. Batzuetan eskatzen dizute lan bat egiteko eta dirua ez da aipatu ere egiten. Euskal sortzaileek esperimentatu dute hori». Nahitaez, ikusleren baten txaloak eragin zituen Agirreren komentarioak. Eta ez da harritzekoa. «Niri esan izan didate lasai egoteko, gozatzeko irauten duen bitartean, hau amaitzen denean bizitza errealera itzuli beharko banu bezala. Nire lanbidea da!», aldarrikatu zuen Garañok.

Kritikaren afera mahai gainera. Euskal kulturan ba al dago kritika zorrotzik? Garañok baietz uste du eta GARA egunkarira jo zuen zuzenean, Zinemaldiko egunetara. «Euskal Herriko hedabideetan eman digute guri egurrik handiena. Zinemaldian komunikabideek ranking moduko bat egiten dute, eta GARAk eman zigun puntuaziorik baxuena». Victor Esquirol kritikariaz akordatu zen. 4koa baino ez zuen jaso “Handia”-k.

Agirreren aburuz, euskal kritikak sotilki adierazten ditu bere desadostasunak. «Euskal literaturan ez dut esango ez dagoela kritika txarrik, baizik kritika txar hori egiten dela modu sotil batean. Ez da idazlea iraintzen, beste hizkuntzetan egiten den bezala».