GARA
GASTEIZ

«Barrunbeko lurretan» filma grabatzen ari da Iñigo Perez Picazo Araban

«Cinema In Progress» kontzeptuan oinarrituta, Araban grabatu eta ekoizten ari da euskarazko «Barrunbeko lurretan» proiektua. Javier Rebollo zinema zuzendari madrildarra egitasmoan parte hartzen ari da.

«‘Zinema hedatua’ kontzeptua jorratzeko proiektua da. Lurburu artista kolektiboarekin batera bakarkako lanetatik abiatuz eta zinemak arte guztiak batzen dituenez, film luze bat sortuko dugu», adierazi du Iñigo Perez Picazo errealizadore gasteiztarrak.

Badu berezitasunik proiektuak. «Pelikula pantailatik haratago joango da, haren mugak zeharkatuz, iraganean erabilitako zeluloideen antzera, ukitzeko aukera egongo da, materikoa izango da», azaldu du.

Hiru fase ditu egitasmoak. Orain lehenengoan daude. Lurburuko kideek hamar egunez haien obra pertsonala sortu dute Arabako GaraiOn sormen espazioan, naturarekin kontaktuan. Perez Picazok sortze prozesu horretako egunerokotasuna grabatu du.

Bigarrena, eta denboran zehar gehien iraungo duena, film luzea da. «Filmak, artisten prozesuaren testigantza jasotzeaz gain, prozesu artistikoari buruz hitz egingo du, tradizioaren eta postmodernismoaren arteko kontrastea agerian utziz», dio. Euskara erro izanik, Euskal Herriko artea eta bizimodua agerian utziko dituzte arabarrek.

Hirugarrena prozesuaren erakusketa izango da. «‘Zinema hedatua’ kontzeptua jorratuz, artisten lanak –diziplina ezberdinetakoak–, filmaren proiekzioa eta zuzeneko performacea erakusketa mugikor batean aurkeztuko dira, prozesua haratago eramateko xedez, obraren mugak zeharkatuz», esan du.

Barrunbeko lurretan proiektuak artearen sormen prozesuan jarriko du begia, artistaren barruan mugitzen dena erakusten, bizitzen saiatuz. «Arte bizia izan nahi du eta ez produktu bat», nabarmendu dute. Hori horrela, zuzeneko musika, naturako soinuak, artisten performance bizia edo filmetik kanpo geratutako prozesuen proiekzioarekin erakusketa osatuko dute «ikusi eta sentitu ahal izateko». Prozesu bizia izango da, «mugikorra eta eguneratua».

Besteak beste, Jon Ruiz de Infante, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Patxi Suinaga Turrillas, Ruben Becares, Kauldi Iriondo, Lander Perez Picazo, Maite Mugerza, Zuriñe Cancho Guerrero eta Marina Suarez Ortiz de Zarate artistek hartuko dute parte.