Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Orain presoak

Asteburuan Frantziako hiriburutik ibili ostean esan daiteke euskal presoen aldeko aldarriak gure mugaz gaindi egin duela, ez dela soilik euskaldunon afera. Parisen egindako mobilizazio jendetsu eta anitzak ezin hobeto erakusten du prozesuak aurrera egin dezan, orain, presoen, iheslarien eta deportatuen egoerari irtenbide bat eman behar zaiola. Logika guztiak bide hori egin ahal izatea eskatzen duela.

Horren adibide ditugu, esaterako, Parisko Kontseiluak egindako adierazpena «gure sostengua ekarri nahi diogu Euskal Herrian irekitako bake prozesuari»; estatu idazkari izandako Nicole Péry-k esandakoak «Luhusokoa ausarta izan zen, baina batez ere inteligentea»; edota Christiane Taubira Justizia ministro ohiaren sostengua ere «hautu bat da, etorkizuneko belaunaldientzat egin behar dugu».

Esanguratsua da halaber Euskal Elkargoak aho batez onartutako adierazpena ere: «presoen hurbilketa eta gaixo dauden edo zigorra bukatzen ari direnen askatzea eskatzen dugu, zuzenbide arrunta aplikatzea baizik ez dugu eskatzen, ez gehiago eta ez gutxiago».

Parisen, zentzu horretan, beste urrats bat eman da irtenbide baten alde, baina bistan da, adierazpenak adierazpen eta sostenguak sostengu, zailtasunak ez dira faltako, bide-orria marraztua dago, ordea, eta prozesua, bere gorabehera guztiekin, irabazi beharrekoa izango da; baina, sormena lagun, bakearen artisauek erakutsi bezala, ezinezkoa gauzatu daitekeela ikasi dugu, eta horretarako alde eta mota guztietako engaiamendu eta sinergiak ezinbestekoak izango dira, prozesua babestu egin behar baita, sentitu egin behar da, sinistu, egoeraren larriak hala eskatzen duelako.

«Igarotzen den jendearen iragana eta igarotzen den jendearen etorkizuna izateko gaitasuna dugu», esan du Christiane Taubirak Fernando Pessoa parafraseatuz.

«Iraganak banandu egin bagaitu, etorkizunak batu egin behar gaitu», dio Mixel Berhokoirigoinek.

Horra, bide berria egiten hasteko bi zimentarri.