Amagoia MUJIKA
BARAKALDO

Finalistek BECeko lurra zapaldu dute, orain zartatzea falta

Sebastian Lizasok (Azpeitia, 1958) jantziko dio igandean txapela txapeldunari. Hori argitu da. Txapela zein burutara joango den asmatzen ez dago hain erraza. Atzo BECen bertan izandako aurkezpenean zortzi finalistak elkarrekin ikusita dardaratxoa suma zitekeen artean hutsik dagoen plazan. Iganderako 14.600 bertsozalerentzako tokia atonduko dute bertan eta beste milaka k segituko dute pantailaz bestaldean. Osagai guztiak prest, metxa pizteko zain.

Zenbaki nabarmenak ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Igandean BECen jokatuko den finalean zortzi bertsolari arituko dira 14.600 bertsozaleren aurrean. Eta telebistako eta Interneteko plazetan beste milaka batzuk batuko dira. 450 laguneko lantaldea arituko da borondatez lanean, hango jende uholdea ordenatua izan dadin. Horregatik eskatu zuen atzoko aurkezpenean Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak «petodunei kasu egiteko». Epaile lanetan zazpi lagun arituko dira –hiru, emakumeak– eta aurkezle eta gai-jartzaile lanetan, lau lagun –hiru, emakumeak–.

Saioak hiru parte nabarmen izango ditu. Goizekoa 11.00etan hasiko da eta ateak 9.00etan irekiko dituzte. Eguerdiko etenaldia 14.30 inguruan espero da. Arratsaldekoa 16.30ean hasiko da eta sari-ematea 20.00 bueltan aurreikusten da.

Txapeldunari txapela Sebastian Lizasok (Azpeitia, 1958) jantziko dio, jaioz geroztik bertsoaren magalean hazitako bertsolaria. Oraindik magal horretan kulunkan dabil, plazaz plazako ibileran. Bertsolarien semea (Joxe Lizaso zena aita zuen) eta bertsolarien aita (Beñat semea txapelketan aritu da). Iñaki Muruaren esanean «pedigria duen bertsolaria».

Horiek Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVII. edizioaren zenbaki batzuk. Bertsogintza, baina, nekez kabitzen da zenbakietan. Hortxe bere xarmetako bat. Aurkezpenera agertu ziren zortzi finalistek zenbakiak baino emozioak, sentsazioak, ertzak... aipatu zituzten. Txapelketak txapelketa eta puntuak puntu, bertsogintzak baditu azaltzen zailak diren erpinak. Atzokoan, esaterako, Amets Arzallusek, egungo txapeldunak, Unai Agirreren –finalista berriaren– «oso zalea» dela aitortu zuen. «Bere bertso estiloak espazio bat badu egungo bertsogintzan eta uste dut transmititzeko zeozer badela ahozkotasunaren bide horretatik. Grazi berezia dauka eta Unairen oso zalea naiz. Saiatzen naiz imitatzen». Agirrek irriñoz erantzun zion eta begirada horietan garbi geratu zen berriro txapelketa honek lehia bizitzeko duen modu berezi eta sanoa. Bai, igandekoa festa handi bat begitantzen da.

Arzallus aipatuta, jakin-min handia da hura entzuteko, txapelketan lehen saioa izango baitu. Aitortu zuen berak ere jakin-mina duela bere buruarekin; «baina ilusioa eta gogo izugarria dut egunari nire buruari exijitzen diodana emateko».

Unai Agirrek, berriz, txapela bakarra izanagatik txapelketak sari gehiago izaten dituela esan zuen. Bistan da berea sari handia izan dela. «Ohore handia da eta gogo handia daukat».

Beñat Gaztelumendi «egindakoarekin gustura» baina gehiago eman dezakeela konbentzituta, igandean bertsotan egiteko gogoz igoko omen da oholtzara.

Aitor Sarriegi, berriz, orain arteko tenple onari eutsi nahian; «denok amestu dugu noizbait saio borobil horrekin, hasi eta buka. Saiatuko naiz igande honetan izan dadin».

Igor Elortzak «finalera heldu ez arren irakaspen dezente eman dizkiguten bertsolariak» aipatu zituen eta finaleko plaza apartari «maila ideologikoan eta artistikoan ondo erantzuteko nahia eta aldartea» topatzeko lana egingo duela iragarri.

Aitor Mendiluzek orain arte txapelketan agertu duen «bertsotan egiteko modua eta jolaserako gogoa» piztuta eraman nahi ditu finalera.

Sustrai Colinak garbi dauka zer nahi duen. «Badakit hemen kantatzen den bertso on bat gogoratu egiten dela eta jendeak berarekin eramaten duela. Horrelako bertso asko botatzeko gosez eta egarriz nago».

Maialen Lujanbioren hitzetan, «Igandekoa ez da aldarte bakarra izango, hain saio luzean aldarte aldaketak izaten direlako. Neurtu ezin den lanbro horretan ahal duguna jarriko dugu argitasuna eta zorroztasuna izan eta denon artean saio eder bat osatzeko».

Eta Igor Elortzak atzoko aurkezpenean esan bezala, «hemendik aurrerakoa, domekan eta kantuan».