Idoia ERASO
BAIONA

Baionako harrera zentroko errefuxiatu gehienei ez diete asilo aukerarik eman

Hiru hilabeterako ireki zen Baionako harrera zentroa asteartean itxiko da, eta bertan dauden hogeita bost errefuxiatuetatik hogeita bati ez zaio inolako irtenbide administratiborik eman. Hori dela eta, Paueko Asilo Eskaeradunen Harrera eta Aterpetxe Programaren zentrora igorriak izanen dira.

Atzo Etorkinekin kolektiboak Biarnoko guneko baldintzak eta Estatu frantsesak errefuxiatuekiko duen jarrera kritikatu zituen. Asteartean elkarretaratzea egingo dute eguerdian Baionako tren geltokiaren aitzinean, eta errefuxiatuen egoera salatzearekin batera, Pauera joan aitzin atxikimendua helarazi nahi dietela adierazi zuen kolektiboko Amaia Fontangek. Ondoren, suprefeturara joango dira beren «kexua» helaraztera.

Asilo eskaera egitea onartu ez zaien hogeita bat errefuxiatuak Dublingo Araudiaren arabera Italiara igorriak izanen direla salatu zuten atzo Baionan. Mediterraneoko herrialdeak ematen duen asilo kopuru murritza kontuan izanik, berriz ere Libiara bideratuak izateko arriskua dutela salatu zuten, horrek dakarren arriskuarekin.

Parlamentariak

Etorkinekin kolektiboak herritarrak ez ezik hautetsiak ere interpelatu nahi ditu, bereziki Ipar Euskal Herriko sei parlamentariak. Horiei zuzenduta gutun bat idatzi dute, eta larunbatean Euskal Elkargoak egingo duen biltzar nagusira hurbilduko dira, idatzia eskura emateko.