GARA
GASTEIZ

EAEko eskola publikoetako jantokien funtzio eta produktuak aztertu dituzte

Ikerketaren helburu nagusia EAEko ikastetxeetako elikadura sistemen analisi eta diagnostikoa egitea izan da. Bi urte baino gehiago eman dituzte datuak biltzen eta jantokiak bertatik bertara aztertzen. Ondorioztatu dute ekoizpen ekologikoaren alde egitea beharrezkoa dela.

Ehige gurasoen elkarteak eta Herrien Bidezko Elikadura plataformak, Laia Ekosormena elkarteko Irantzu Durorekin batera, eskola jantokien inguruko ikerketa egin dute. Ostegunean aurkeztu zuten “Eskola-jantokiak EAEn. Nolakoak diren eta nolakoak izan litezkeen: elikaduraren kalitatea, hezkuntza-potentziala eta ingurunearekin duen lotura” txostena.

Laia Ekosormenaren eskarmentuaz baliatuz, 2015eko urtarriletik 2017ko martxora bitartean egin dute ikerketa, hainbat fasetan: jantoki eta sukaldeetara bisitak egin zituzten, inkestak eta elkarrizketak zabaldu zituzten, eta aurretik jasotako datuen dokumentazio ofiziala bildu zuten. Sustatzaileek azaldu zutenez, Lakuako Hezkuntza Sailak ez zuen ikerketan parte hartu nahi izan eta eskola publikoetako jantokiak kudeatzen dituen catering enpresa bakar baten laguntza izan dute.

Lortutako emaitzen arabera, ikastetxe publikoen %98k catering zerbitzua dauka, non bost enpresa aritzen diren, eta ikasleen %37k dauka sukaldea ikastetxean. Catering enpresei kritika egiten diete, «produktu industrializatuak eta kilometrikoak» erabiltzen dituztelako. «%10ak baino ez diote erosten lehen sektoreari», gaineratzen dute.

Bestalde, uste dute zerbitzuaren kostu erreala ezagutzea oso zaila dela, baina hala ere familiek kostuaren bi heren ordaintzen dituztela kalkulatu dute.

Elkarteek ondorioztatu dute araudia «oso zurruna» dela eta ez dela «egokitzen eskola komunitateen egungo beharretara». Gainera, nutrizioaren aldetik, kalitatea «asko hobetu» daitekeela uste dute. Hala, fruta, barazki, arrautza eta arrain urdinaren kontsumoa ugaritzea gomendatzen du ikerketak, eta bestalde, haragia, purea, produktu frijituak eta esneki-postreak murriztuz joatea. Azukredun postreak ekiditea ere eskatzen dute. Horrez gain, familiek elikagaien jatorria ezagutu nahi dutela nabarmendu zuten.

Jangela ikastetxearen parte denez, pedagogia egiteko espazio bat ere badela uste dute elkarteek. Hala, ikastetxeko hezkuntza proiektuaren barnean aztertu beharko litzateke, baina beraien iritziz, gaur egun ez da behar bezala aprobetxatzen.

Hobetzeko pausoak

Elkarteek tokiko ekoizpenaren eta ekoizpen ekologikoaren aldeko apustua egiten dute, elikagai hauek potentzial handiagoa dutelako nutrienteei dagokienez. Gainera, bertatik bertara erostean enplegua sortzen da herrietan eta nekazaritza zein landa guneetako inguruak dinamizatzen dira.

Ikuspegi pedagogikotik, ikasleak, tokian tokiko elikagaiak kontsumitzean, «jaten ari direnaz jabetzen dira, bai eta jaten dutenak osasunarekin, ingurua zaintzearekin, sukaldaritza tradizioarekin eta abarrekin duen loturaz ere».

Hortaz, jangeletako elikadura hobetzeko lehenengo pauso bezala, ekoizpen ekologikoa indartzea nabarmentzen dute. Izan ere, txostenak dioenez oso urruti gaude «egungo ekoizpenarekin, EAEko ikastetxe publiko guztiei hurbileko menu ekologikoak eskaintzetik». Horretarako, balio agrologiko handiko lurra, ura eta baserritarren nekazaritza eta arrantza jasangarrirako ezinbestekoak diren ondasunak babestea berebizikoa dela iritzi diote elkarteek.